Aldundiak ez du Argiñetako nekropoliaren proiektu museografikoa aurrera eramateko asmorik
Leixuri Arrizabalaga Kultura saileko foru diputatuak adierazi du Aldundiak ez duela bere lehentasunen artean Argiñetako nekropolian proiektu museografiko bat martxan jartzea. EH Bilduk leporatu dio Euskal Herriaren historiarako hain garrantzitsua den lekuari balioa eman nahi ez izatea.
Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batean, Idoia Buruaga EH Bilduko batzarkideak Leixuri Arrizabalaga kultura saileko foru diputatuari galdetu dio «ea zergatik Aldundiak ez dion balioa ematen Argiñetako nekropoliari, mahai gainean 10 urte daramatzan proiektu museografikoa errealitate bihurtzeko dirua inbertitzeko pausoak emanez».
Elorrion kokatutako Argiñetako hilobi-multzoa Goi Erdi Aroko hogei hilobik eta bost hilarrik osatzen dute. Bizkaiko Aldundikoko webgunean bertan aipatzen den bezala, «ezaugarri horiek dituen multzorik garrantzitsuena da Euskal Herri osoan, bai bertako elementuen kopuru eta kalitateagatik, bai elementuotako batzuen aspaldiko kronologiagatik (VII-IX. Gizaldiak)». Gainera, sarkofago horietako batzuetan inskripzioak daude. Inskripzio horiek Bizkaiko eta ziur asko Euskal Herriko lehen inskripzio kristauak dira, hainbat iturriren arabera.
Hala ere, Argiñeta ez da hilobi gehienen jatorrizko kokapen originala. Jatorriz, inguruko beste auzoetatik barreiaturik zeuden, eta XIX. mendean jarri ziren Argiñetako San Adriango baselizaren inguruan.
Duela hamar urteko ideia
Buruagak (azken zortzi urteetan Elorrioko alkatea izandakoa) batzordean gogoratu duen bezala, 2010ean ikerketa bat abiatu zen eta hurrengo urteetan indusketa arkeologikoak egin ziren bertan. Izan ere, elementu originalak beste leku seguru batean gorde ziren eta gaur egun Argiñetan bertan ikus daitekeenak erreprodukzioak dira. 2015ean Elorrioko Udala eta Bizkaiko Aldundia lankidetzan hasi ziren eta proiektu museografiko bat egiteko plana aurkeztera heldu zen. Baina Buruagak salatu duenez, azken urteetan «aldundiak ez du interesik jarri eta ezinezkoa izan da proiekturik bideratzea».
2024ko aurrekontuetarako EH Bilduk Argiñetako proiektu museografikoaren lehen fasea gauzatzeko diru kopuru bat bideratzea proposatu zuen, baina Foru Gobernuak atzera bota zuen proposamena. «Aldundiarentzat estrategikoak diren proiektuak aztertu eta katalogatu ondoren, sentitzen dugu une honetan ez dagoela Argiñetan interpretazio-zentro bat sortzerik», jakinarazi zuen Aldundiak.
EH Bilduko batzarkideak Argiñetari balioa eman nahi ez izatea leporatu dio Aldundiari, baina Arrizabalagak ukatu egin du hori, eta bestelako esku-hartzeak egiten dituztela ziurtatu du.
«Argiñeta eta bere esanahia, garrantzia eta ezaugarriak ikertu eta hedatzen saiatzen gara. Horrela egin dugu 2012 eta 2014an bertan burututako indusketen bitartez eta gure webgunean egiten dugun zabalkundearen bitartez. Baina proiektu museografikoari dagokionez, kontuan izan behar dugu egoera orokorra, eta Aldundiak Bizkaiko ondare guztia jarri behar du balioan», adierazi du Arrizabalagak Argiñetaren «garrantzia» nabarmendu nahian baina bere lehentasunen artean ez dagoela argi utziz.
«Balioan jartzen jarraituko dugu, baina beste interbentzio batzuen bitartez. Orain ez da tokatzen interpretazio zentro bat egitea, beste interbentzio batzuk dira igual lehentasunezkoak», adierazi du kulturako foru diputatuak.
Erantzunean, EH Bilduko batzarkideak deitoratu egin du jatorrizko piezen egungo egoera, «gela batean, hormaren kontra eta erdi botata». «Benetan pieza horiek balioan jarri nahi baditugu, zerbait egin behar da. Ganoraz, txukun eta ondo ipinita, merezi duten errespetua emanda, ez gaur egun dauden moduan egonda», gaineratu du Buruagak proiektu museografikoa defendatuz.