Laboaren «berbisitazioa», Patxo Telleriaren ‘ni’-tik abiatuta
Ikuskizun hibridoa sortu du Patxo Telleriak, ‘Ai, gure juaneteak’. Antzerkia, musika eta literatura bateratu ditu, eta orain liburu formatuan ere badago eskuragarri, emanaldietan bertan zein liburu dendetan.
Antzerkia, musika eta literatura, hirurak uztartu ditu Patxo Telleriak ‘Ai, gure juaneteak’ produkzioan. Taula gainera eraman zuen lehendabizi obra eta paperera ekarri du orain, izen bereko liburuan jaso baititu testuak. Emanaldien ostean eskuratu daiteke, baita ohiko liburu dendetan ere.
Mikel Laboaren obratik abiatu eta bere egin du, ‘ni’ horretatik abiatuta produktu eszenikoa ez ezik liburua ere ontzeko. Aktore musikari rola hartuta taularatzen ari da obra, Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikari aktoreekin batera. Ostiral honetan aurkeztu dute liburua prentsaurrean Bira espazioan, Bilbon, eta toki berean aurkeztuko dute jendaurrean, datorren astelehenean, 19.00ean.
‘Spoken words’ estilokoa da lana, egileak «esaniko hitzak» bezala euskarara ekarri duena, «hitz esanak» kontzeptua erabiltzea egokiagoa litzatekeela jakitun bada ere. Bere buruaz eta bere burutik sortu du ‘Ai, gure juaneteak’ Telleriak, «lehen aldiz nire bizitzan».
Horretarako, Euskal Herri osoan erreferente den Mikel Laboaren obratik abiatu da, Telleriak berak ere, nola ez, eredutzat duena. Badaki badagoela berak «berbisitazio» gisa aurkeztu duena «sakrilegiotzat» joko duenik, baina uste du ausarta izan beharra dagoela kultura sortzeko. Horrela, Laboaren hitzak berarenekin tartekatzen ditu eszenaratzean zein liburuan.
Ezin daiteke esan disko-liburua denik, baina bai entzun daitekeen liburua dela. Izan ere, piezen audioak grabatu dituzte eta bakoitzaren aurretik dakartzan QR kodeen bidez erreproduzitu daitezke.
Bertsotik baino, gehiago dauka rapetik edo hip-hopetik, Telleriak azaldu duenez, metrikak ez duelako inolako molderik jarraitzen, erabat askea delarik. Edukiari dagokionez, «biluzte ideologikoa» egin du pieza batzuetan eta «emozionala» besteetan, Laboak musikatutako Joseba Sarrionandia, Joxan Artze edota Xabier Leteren hitzei tiraka.
Beste garai bateko kontuak dira Laboak bere obran jasotakoak eta egungo begiradatik heldu die Telleriak: «Atzamarra sartu dut nire begian, atzamarra sartu dut gure begian».