INFO

Goiainen izandako sutea argitzeko proposamenaren aurka bozkatu dute EAJk eta PSEk Legution

EH Bilduk jakitera eman duenez, Goiainen izandako sutea argitzeko eta poligonoko ingurumena hobetzeko lan mahaia suspertzeko proposamenaren aurka bozkatu dute EAJk eta PSEk Legution. Udal Gobernuak ez duela argitu joan den maiatzaren 30ean gertatutakoa salatu du.

Reydesan izandako sutea. (@BomberosAraba)

Astearte honetan goizeko 8etan bildu da Legutioko Udaleko Osoko Bilkura, EH Bilduk eskatuta. Mahai gainean bi ekimen: batetik, joan den maiatzaren 30ean Reydesa enpresan izandako suteari buruzko informazio guztia eskatzeko proposamena, sutearen ondorioak argitzeko eta arduradunak garbitzeko, eta, bestetik, Goiainen ingurumena hobetzeko lan-mahaiak suspertzeko proposamena. Baina, EH Bilduk salatu duenez, bi ekimenak atzera bota ditu EAJk eta PSEk osatutako Udal Gobernuak.

Susana Gomez de Balugera EH Bilduko zinegotziak salatu duenez, «Udal Gobernuak ez du gertatutakoa argitu, etengabeko kontraesanetan erori da eta EH Bilduko udal taldeko arloko ordezkariari hitza hartzea galarazi dio».

Gertatutakoa ikusita, EH Bilduk 18 galdera erregistratu ditu, idatziz erantzuteko eta maiatzaren 30ean gertatutakoa argitzeko.

Argitu beharreko gaien artean, honako hauek daude: Ikastolari eta osasun-zentroari abisatu zitzaien, zer gertatu zen udal-bandoarekin, nola eman zitzaion ingurumen-baimen integrala Reydesa enpresari, zer ikuskapen-mota egiten diren, Udaleko ingurumen-teknikariak zer jarduketa egingo dituen, zarata eta emisioak etengabe neurtzeko estazio bat eskatuko den edo Tecnaliaren eta Lakuaren bi txostenen berri duten, udalerrian kadmioa eta kromoa oso handia dela ohartarazten dutenak.

Gomez de Balugeraren esanetan, premiazkoa da gai horri irtenbidea ematea. «Izan ere, Goiaingo OTUA Taldeak ingurumenean eta akustikan eragiten duen kutsadurak kexa eta salaketa ugari eragin ditu Goiainen eta Urrunagan bizi eta lan egiten dutenen artean», oroitarazi du.

Aurreko legegintzaldian, arazo hori konpontzeko, eta Legutioko Udalaren ekimenez, erakunde arteko mahai bat sortu zen, inplikatutako alderdi guztien partaidetzarekin. Baina 2024ko otsailean, Legutioko Udalak ’Goiaingo ingurumena hobetzeko lan-mahaiak’ bertan behera uztea erabaki zuela ohartarazi du EH Bilduk.

Hiru hilabete eskas geroago piztu zen sutea, eta bizilagunek eta langileek etxean eta lantokian egon behar izan zuten, leihoak itxita, hodei toxikorik ez arnasteko. NAIZi zenbait langilek adierazi diotenez, Miñaoko Parke Teknologikoan, Gasteizko Udalerrian, ere nabaritu zen usaina.