INFO

Debagoieneko Ospitaleko eraikin berriaren lehen harria jarri dute, Urkulluren azken ekitaldian

Debagoieneko Ospitaleko eraikin berriaren lehen harria jarri dute gaur goizean Arrasaten. Iñigo Urkullu bertan izan da, lehendakari gisa egiten duen azken ekitaldi ofizialean, eta bere etorkizunaren inguruan galdetuta «hausnartzeko tarte labur bat» hartuko duela aurreratu du.

Debagoienako Ospitaleko eraikin berriaren lehen harria jartzea izan da Urkulluren azken ekitaldi ofiziala. (Irekia)

Arrasaten kokatutako Debagoieneko Ospitaleko eraikin berriaren lehen harria jarri dute gaur goizean. Lakuak adierazi duenez, «inguru horretan bizi diren 63.000 pertsonen beharrei erantzungo die» proiektu berriak.

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak, bere azken ekitaldi ofizialean, Gotzone Sagardui Osasun sailburua izan du aldamenean. Ekitaldian, halaber, Osakidetzako zuzendaritza taldea izan da, Rosa Perez Ezquerdo zuzendari nagusia lagunduz, baita Debagoiena ESIko arduradunak ere. Gainera, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Maider Morras Arrasateko alkateak, bere udalbatzako zenbait kidek lagunduta, parte hartu dute ekitaldian.

Lakuak zabaldutako datuen arabera, eraikin berri horretan 30 milioi euroko inbertsioa egingo da «Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko hartutako konpromisoari erantzunez». Honela, «pertsona guztientzako gertuko eta kalitateko arreta eskuragarrian aurrera egiten jarraitzeko».

Dagoeneko eraitsita dagoen ospitale zaharrak Txaeta eta Zalduspe kaleen izkinan egingo den eraikin berriari emango dio lekua. Jarduketak 9.300 m²-ko azalera eraikia aurreikusten du, sestra gaineko 5 solairutan eta sotoko 2 solairutan antolatuta, solairu bakoitzean 1.200 m² baino gehiagoko azalera eraikiarekin. Gainera, bloke berria zuzenean lotuta egongo da kanpo kontsulten eraikinera; hori dela eta, 2.000m² berrituko dira harekin lotuko diren ondoko eraikinetan; hala, eraikinen arteko eta bertako zerbitzuen arteko zirkulazioa ahalbidetuko da, elkarrekintzak hobetuz.

Eraikin berrian, besteak beste, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa, medikuntza fisikoaren eta errehabilitazioaren arloa, endoskopia unitate bat, larrialdi oinarria eta erresonantzia magnetiko nuklear bat kokatuko dira. Aipatutako unitateez gain, eraikinak zerbitzu osagarriak eta administratiboak eta erreserba solairu bat hartuko ditu; solairu hori osasun arretan sortzen ari diren premietara egokitu ahal izango da. Estalkiak instalazioen eremu tekniko gehienak izango ditu, eta sotoko bi solairuak aparkaleku gisa erabiliko dira, eta horiek lehendik dagoen aparkalekukoarekin integratuko dira.

Urkullu: «Hausnartzeko denbora tarte labur bat»

Urkulluk Osakidetzako profesionalen «profesionaltasuna eta zerbitzu publikorako bokazioa eskertu eta aitortu» nahi izan ditu. «Jarrai ezazue orain arte bezala. Partekatzen dugun helburuak merezi du: pertsona bakoitzaren osasuna zaintzea. Horixe da daukagun gauzarik preziatuena. Hori izan da gure helburua, urte hauetan zehar, etengabeko hobekuntzaren bidean», azpimarratu du.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioaren urteko txostenaren emaitzak ere aipatu ditu. Txosten horretan, EAE nabarmentzen da Estatu mailan «prozedura kirurgikoetarako edo espezialisten kontsultetarako egun gutxieneko itxaron zerrendak izateagatik». «Emaitza hauek zuen lana eta konpromisoa berresten dute. Egunero erakusten duzuen osasun publikoaren defentsaren emaitza dira», esan du Urkulluk.

Bere etorkizunaren inguruan galdetuta, jarduneko lehendakariak adierazi du «denbora tarte labur bat» hartuko duela bere etorkizun pertsonalari buruz hausnartzeko, kargua utzi ondoren, eta adierazi du «beti» egongo dela «Euskadiren ongizatearen esanetara».

Bere aldetik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Debagoieneko Ospitalearen eraikin berriaren lehen harria jartzeak duen esanahian azpimarratu du, «euskaldunen osasunaren alde lau hamarkadatan egindako lanaren jarraipenaren sinbolo gisa. Izan ere, gaur jarriko dugun harriaren gainean, atzo ospitale zaharra zegoen lekuan, bihar osasun-azpiegitura berri bat gauzatuko da, betiere herritarren zerbitzura».