Rashid Khalidiren ‘Ehun urteko gerra Palestinaren aurka’ euskarara ekarri du Iñaki Alegriak
UEUk argitalpen berrirako Palestina hartu du ardatz, Rashid Khalidi historialaria ekarri dute euskarara: ‘Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismoa eta erresistentzia, 1917-2017’. Iñaki Alegriak itzuli du, eta Palestinako historiaren sei gertakari kontatzen dituela azaldu du.
‘Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismoa eta erresistentzia, 1917-2017’ Rashid Khalidiren liburua euskarara ekarri du Iñaki Alegriak eta UEUk argitaratu du. Palestinaren historia sei gertakariren bidez kontatzen du idazleak, «Historiaren barruko istorioak» ere kontatuz. Gainera, edizio honetarako propio egindako ‘Azken hitza’ idatzi zuen Khalidik, apirilaren 26an idatzi zuen egungo egoeraren inguruan, eta beraz ikuspegi oso gaurkotua jasotzen du.
Zihara Enbeita UEUko komunikazio taldeko kideak adierazi du liburuak «salaketarako» ere balioko duela espero dutela. Eta euskarara ekartzeak balio erantsi bat duela nabarmendu du: «Euskara ez delako hizkuntza bat bakarrik, mundu ikuskera ere badelako eta mundu ikuskera horretatik irakurtzeko aukera izango dugulako». Adierazi du oraina «osatzen» lagundu dezakeela liburuak, ikuspegi historikoa eta soziologikoa uztartuz.
Gidor Bilbao UEUko Argitalpengintza Batzordeko kideak kontatu du Khalidik 2020an argitaratu zuela liburua ingelesez, eta 2023ko ekainean hasi zela Alegria itzultzen: «2023ko urriaren 7a baino lehen Palestinara begira zegon jada Iñaki». Eta UEUko ateak proposamen batekin jo zituela esan du. «Liburu akademikoa da, eraldaketarekin konprometotua eta publiko zabalak irakurtzeko modukoa, eta beraz ezin hobea gure argitalpenetarako», aitortu du.
Alegriak ez zuen buruan Khalidiren liburua itzultzea, baina zenbait «kasualitate» tarteko, bere egin beharren zerrendara gehitu zuen. 2023an Irlandan oporretan zela egin zuen topo lehen aldiz jatorrizko liburuarekin eta «itzela» iruditu zitzaion. Bera mugimendu internazionalistan ibilitakoa eta 1990ean Palestina bisitatua izanik, «berezia» iruditu zitzaion. Oporretatik Euskal Herrira etorri, eta NAIZen idazleari egindako elkarrizketa irakurri zuen, eta orduan iruditu zitzaion «seinale» asko zirela jada. Bere hasierako asmoa patxada gehiagorekin itzultzea zen, baina egoerak behartuta «ahalik eta azkarren» argitaratu behar zutela iruditu zitzaien: «Egoera honetan Palestinari buruz hitz egitea eta aldeko mobilizazioetan parte hartzea garrantzitsua delako».
Kolonialismoa ardatz
Izenburuari erreparatu zion lehendabizi itzultzaileak. Hiru gako agertzen direla azaldu du: 100 urte, kolonialismoa eta erresistentzia. «Palestinaren auzia ez da kontu berria, ez da oraingo kontua edo 1947tik datorrena, otomandar inperioaren desegite garaitik baitator, horregatik hartzen du berak 1917 erreferentzia gisa», azaldu du lehendabizi. Kolonialismoari dagokionez, kontatu du ez dela «ohikoena» ikuspegi horretatik abiatzea, baina azaldu du idazleak datu batean abiatuta egin duela hautu hori: «Dio hori dela abiapuntua, Juduak %7 ziren hasieran Palestinan eta sionismoaren eraginez igotzen joan da; eta egileak beste kolonizazio-prozesu batzuei egiten die erreferentzia: Aljeria, Hegoafrika, India, Irlanda…». Eta hirugarrenik, erresistentzia: «Israelen sarraskiak etsipena sortzen digun honetan, egileak palestinar herriak dituen erresistentzia eta birsortzeko gaitasuna azpimarratzen ditu».
Liburua sei ataletan antolatuta dago. Ez da ohiko historia liburu bat, sei gertakari nagusi hartu ditu eta horien analisia eta kritika egin, «Palestinaren aurkako sei gerra adierazpen», egilearen hitzetan. Lehena, Balfourreko adierazpena; bigarrena, NBEaren zatiketaren erabakia eta Nakba; hirugarrena 67ko sei eguneko gerra; laugarrena, Libanoko gerra, Sabra eta Xatila; bosgarrena, lehen Intifada; eta seigarrena, Osloko itunaren porrota.
Historiako istorioak
Idazleak gehien kritikatzen duen ekimena azken atalekoa da, Alegriak kontatu duenez, eta Osloko negoziaketetan aholkulari gisa egon zenez barrutik ikusitakoa ere kontatzen du: «Otsoa beti izan da tranpatia negoziaketetan», idatzi zuen Israeli erreferentzia eginez.
Khalidik bere istorio pertsonalarekin «txirikordatzen» ditu atalak itzultzailearen esanetan. Eta idazlearen senideen inguruko zenbait datu eman ditu: aitona Jerusalemgo alkatea izan zen, osaba erbesteratua egon zen britainiarren garaian eta aita NBEko itzultzailea izan zen. «Idazlea bera ere umetan aita laguntzen ibili zen NBEetan, eta bertako istorioek bizitasun bat ematen dute, zati nobelatuak daude», azaldu du Alegriak.
Bestalde, gaiarekiko zenbait datu ezezagun ere jasotzen direla liburuan kontatu du itzultzaileak, esate baterako Israelek bonba nuklearra nola lortu zuen, «Frantsesek eman zioten»; zergatik eta nola liburuan kontatzen dela aurreratu du.
Itzulpenaren berezitasun handiena jatorrizko liburuan ez dagoen atal bat da, ‘Azken hitza’ izena jarri diotena. Idazle palestinarrak berak idatzitakoa da iragan apirilaren 26an, eta bertan egungo egoeraren analisia egiten du. «Iritzi polemikoak dauzka», aurreratu du, eta «sinplifikazio handiegiei izkin» egin behar zaiela defendatzen omen du. «Nola defendatzen du zer baino gehiago» aitortu du Alegriak, eta bi ideia nagusitan sakontzen duela kontatu du. Batetik, palestinarrek bat egin behar dutenaren ideian, eta bigarrenik negoziatu ahal izateko berdinetik berdinera egin behar denaren gaian, «pertsonen berdintasuna eta berdintasun nazionala» behar dira negoziaketarako palestinarraren arabera. Horrez gain, «benetako bitartekariak» defendatzen ditu.