INFO

Stuttgarteko miraria

Alemaniak bere lehen Munduko txapelketa eskuratu eta 70 urtera hungariarrak dira oraingo honetan pronostiko guztiak hautsi eta bere ibilbidean inflexio puntu bat bilatuko dutenak.

Hungariako selekzioak duela 70 urteko arantza atera nahiko du. (Javier SORIANO/AFP)

Denbora erlatiboa dela esaten da, baina ez da alferrik pasatzen. Esan diezaietela bestela Hungariako futbolzaleei. Duela 70 urte hungariarra munduko selekziorik indartsuena zen Brasilekin eta Uruguairekin batera. Ferenc Puskas handia gidari, Europa erdialdeko selekzioa azken 33 partidatan bakarra galdu gabe heldu zen Suitzako Munduko txapelketako finalera. Eta bere historiako garaipenik handienak ziurtatuta zirudien, are gehiago, Bernako finalean zain zuen Mendebaldeko Alemania multzoen fasean 8-3 jipoitu ostean. Kontua da, pronostiko guztien aurka, Alemania 3-2 gailendu zela eta lehen aldiz bilakatu zela Mundialeko txapeldun. Partida hura nolabaiteko inflexio puntua izan zen bi selekzio hauen ibilbidean eta, 70 urte geroago, Hungaria da gaur Stuttgarten miraria behar duena, gutxienez Bernakoa adinakoa, Eurokopa honetan aurrera egiteko ametsari bizirik eutsiko badio.

Eurokopako A multzoaren barruan topo egingo dute berriz ere bi talde hauek, lehen jardunaldian oso bestelako emaitzak eskuratu ondoren. Etxekoek txapelketaren lehen partidan Eskoziari 5-1 irabazi eta sekulako maila erakutsi zuten bitartean, Hungariak taldeko selekziorik ahulenetako bat direla berretsi zuen, Suitzaren aurka 1-3 galduta. Eta hori, zelaian Dominik Szoboszlai, Liverpooleko erdilariak, gidatzen duen taldea moralez gainezka heldu zela Alemaniara, sailkapen fase bikain bat osatuta. Eurokopa zabaldu izanak txapelketa handi batera itzultzeko aukera zabaldu zion 50. hamarkada loriatsu hartan mundua txunditu zuen taldeari. 2016an amaitu zuen urte luzeetako lehortea, 2021ean errepikatu ahal izan zuten eta aurten aurrerapauso handi bat emateko itxaropenez heldu dira Alemaniara. Horri eusteko, balentria handiren baten beharrean dira.

Kirol arloaz aparteko garaipena

Urruneko 1954. hartan, Alemania zen, Bigarren Mundu Gerrate ankerraren ostean, nazioarteko futbolera itzultzen ari zen taldea. FIFAk ezarritako zigorraren ondoren, lau urte lehenago Brasilen jokatutako Munduko Txapelketan ezin izan zuten parte hartu alemaniarrek eta Suitzan aparteko helbururik gabe aurkeztu ziren, prestaketako partida bakarra jokatuta. Hala ere, txapelketa gorabeheratsu baten ostean, Sepp Herbergerrek zuzendutako izarrik gabeko taldeak Turkiaren aurka partida gehigarri bat jokatu behar izan zuen multzoen fasean aurrera egiteko, Alemania finalean sartu zen eta baita 3-2 gailendu ere, «Bernako miraria» bezala ezagutu zen futbolaren historiarako partida batean.

Ezusteko garaipen hark kirolaren arloa gainditu zuen eta sekulako poza eraman zuen erabat abailduta zegoen herrialde batera. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta bederatzi urtera, Alemaniaren autoestimurako sekulako pizgarria izan zen eta, halakoak baieztatzea zaila izaten den arren, aditu askok diote kirol lorpen hau sekulako akuilua izan zela gerora etorri zen alemaniar mirari ekonomikoan.

Izan ere, uztailaren 4an jokatutako partidak film inspiratzaile guztien osagai guztiak izan zituen. Uda betean jokatutako partida izanik ere, euria izan zen eguneko protagonistetako bat, finalari kutsu epikoago bat emanez. Hungariak indartsu ekin zion partidari, eta lehen zortzi minututan 2-0 aurreratu ziren markagailuan Ferenc Puskas eta Zoltan Czibor izarren golei esker.  
Partidak, eta Mundialak, Hungariako bidea hartua zutela zirudienean, alemaniarrek ez zuten inondik inora etsi eta antzeko bizkortasunez berdindu zuten lehia. Max Morlock-ek 2-1ekoa egin zuen 10. minutuan, eta beste zortzi minutu baino ez zituen behar izan Helmut Rahn-ek markagailuan berdinketa ezartzeko.

Bigarren zatian beste izen bat gehitu zitzaion Alemaniako heroien zerrendari: Toni Turek atezaina, Hungariaren aukera garbiak ezerezean uzteko gai izan baitzen. Bestaldean, Puskas herrenka zebilen zelaian, justu Alemaniaren aurka lehen fasean jasotako kolpe baten erruz –finalaren atarian ere bere parte hartzea zalantzan izan zen–. Amaitzeko sei minuturen faltan, Helmut Rahn-ek Alemaniaren garaipenaren gola. Baina germaniarrek azken unera arte sufritu behar izan zuten, hiru minutu geroago Puskasek berdinketarena zirudien gola lortu baitzuen. Polemika handia sortu zuen erabaki batean, Benjamin Griffiths marrazainak, ordea, baliorik gabe utzi zuen, jokoz kanpo zegoelakoan.

Ezusteko garaipen honek Alemaniako gizartean izan zuen eragina sekulakoa izan zen, aurrera egiteko eman zion kuraiagatik. Are gehiago, Suitzara joan zen taldea Alemaniako herrialdeetako txapelketa amateurretan aritzen ziren jokalariz osatuta egonda. Garai hartan oraindik ez zen Bundesligarik eta futbolak ere ez zuen inolako izaera profesionalik. Irratia izan zen, batez ere, balentria hura alemaniarren etxeetara eraman zuena, gutxi zirelako, garai hartan, telebistarik zuten egongelak.

Sepp Herberger, hautatzaile irabazlea, ikono soziokultural bat bezala hartua izan zen eta Alemaniako Errepublika Federalaren aitatzat ere hartu zuen zenbaitek. Nolanahi dela, Fritz Walter kapitaina buru zuen taldeko futbolariak ere heroiak bezala tratatu zituzten.

Dopinaren mamua

Historia guztiek, edo ia guztiek, ordea, badute alde ilun bat, eta Giselher Spitzer kirol historialariak zuzendutako ikerketa baten arabera, 1949. urtetik aurrera, 1954. urteko talde txapelduna tartean, Alemaniako futbol selekzioko kide guztiek debekatutako sustantziak  –metanfetaminak– era sistematikoan hartu zituzten. Franz Loogen, orduko medikuak, erabat ukatu zituen salaketa haiek eta  hartutakoa C bitamina izan zela adierazi zuen. Hala ere, txapelketaren ondoren, zortzi futbolarik hepatitisa izan zuten, beste bik zirrosia, antza erabilitako xiringen higiene ezagatik, eta are gehiago puztu zituzten garaipen honen inguruko zalantzak.