INFO

Aiaraldea komunikabideari kendu dion laguntza berrezartzeko eskatu diote Amurrioko Udalari

Elkarretaratze jendetsu baten bitartez, 1.700 norbanako, eragile eta elkartek babestu duten manifestua zabaldu dute Amurrion. Bertan, herriko Udalari eskatu diote, irailaren 21a baino lehen, berriz aktibatu dezala Aiaraldea komunikabideari eten berri dion diru-laguntza.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Amurrion. (AIARALDEA.EUS)

Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin du ostiral arratsalde honetan Amurrion, bertako Udalari eskatzeko Aiaraldea komunikabideari kendu dion diru-laguntza berriz aktibatu dezan. «Euskara biziberritu» nahi bada, instituzioek euskara hutsezko komunikabideak babestea ezinbestekoa dela adierazi dute.

Maiatzaren amaieran, Aiaraldea Komunikabideak eta Amurrioko Udalak 2012. urtetik izenpetua eta indarrean zuten euskara sustatzeko hitzarmena alde bakarrez eten zuen Udalak. Erabaki hori salatzeko elkarretaratzea egin dute Arabako udalerri honetan, eta 1.700 norbanako, elkarte eta eragilek babestu dute manifestua zabaldu dute.

Bertan, adierazten dute euskara hutsean aritzen diren komunikabideen ekarpena berebizikoa izan dela eskualdeko hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko, eta horrela segitzea dagokiola, euskararen kale erabilerak ez baitu gora egin azken sei urteetan.

«Horregatik, beharrezkoa da instituzio publikoetatik euren jarduna ekonomikoki eta sozialki babestea, berebizikoa baita hizkuntzaren biziberritzerako», adierazi dute elkarretaratzean.

Ildo horretatik, hiru eskaera zehatz egin dituzte Amurrioko udaletxearen aurretik, eta epe bat diote Udalari bete ditzan: irailaren 21a. Hala, batetik, galdegin diote udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzeko, euren aldarri eta proposamenak babesteko eta horietan aktiboki parte hartzeko, modu horretan, «euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko».

Bestalde, Aiaraldea Komunikabidearekin biltzeko eskaera egin diote, bi entitateen arteko elkarlana berriz martxan jarri eta normalizatzeko.

Eta, azkenik, Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru-laguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea exijitu dute, «eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz».

«Euskarak denona izan beharko lukeelako, eman ditzagun denok horren aldeko urratsak», aldarrikatu dute.