Sare, hamar urteren talaian: presoen etxeratzea «euskal jendartearen erabakia» izan behar da
Sarek bere 10. urteurreneko ekitaldia egin du igande honetan. Egindako bidea aitortu du, eta ondorioztatu egoerak hobera egin duela nabarmen. Egiteko dagoena nabarmendu du, presoen etxerako bidea. Noiz eta nola izan behar duen etxeratzeak, plataformaren ustez, euskal jendarteak erabaki behar du.
Presoek noiz eta nola itzuli behar duten etxera, «euskal jendartearen erabakia» izan behar da, «bere erakunde politiko eta judizialen bidez» hartu behar duena, aldarrikatu du Sarek bere hamargarren urteurrena ospatzeko Donostian egin duen ekitaldian. «Azken» etaparako prest agertu da plataforma herritarra, baina lortutako guztia ahaztu gabe: atzean da sakabanaketa, eta arau izateari utzi diote bakartzeek eta kondena osoa irauten zuten lehen graduek.
2014ko ekainean Sare Herritar berria aurkeztu zuten plaza berdinera eraman dute plataformako ordezkariek hamargarren urteurreneko ekitaldia; Donostiako Zuloagara, eta bertara batu dira hainbat aurpegi ezagun, kultura eta kirol mundukoak eta gizarteko hainbat eragileetako ordezkariak, besteak beste, Amagoia Mujika ‘Berria’ko zuzendaria, Amets Arzallus bertsolaria eta Lur Errekondo harri-jasotzailea.
Zuloaga plazako etxe atari horrek lagundu du hamarkada batez eraiki dena erakusten, baina baita amaitzeko falta diren lanak identifikatzen ere. Jon Barbarin dantzariak, ate zuri bat baliatuta, gorpuztu du Sareren ibilbidea: hamar urte hauetan, ate ugari zabaltzeko bide izan da Sare, eta hainbat min utzi ditu atzean. Orain, eskuan du etorkizunerako giltza eta erabiltzeko prest da.
Urteurreneko ekitaldia ari da ospatzen @sare_herritarra ; hamargarrena. Hemen hasi zuen bidea 2014an, Donostiako Zuloaga plazan. @naiz_info pic.twitter.com/pPl2PTwa3R
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) June 23, 2024
Euskal preso eta iheslarien giza eskubideak bete daitezela exijitzera mugatu du bere borroka Sarek urte hauetan guztietan, siglarik gabeko espazio ahalik eta zabalena sortuz eta «gero eta pertsona gehiago» batu dira beregana, igandeko ekitaldian egiaztatu ahal izan den moduan. Hala ere, zangotrabak gaindituz egin behar izan du bidea, eta nahi baino luzeagoa ari da izaten, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileek jendaurrean aitortu dutenez. «Lan honi ekin genionean, esperantza genuen hastera zihoan abenturaren iraupena iragan diren 10 urteak baino laburragoa izango zela», adierazi dute ekitaldeko hitzartze nagusian.
Egindakoa aitortu...
Alta, zailtasunak ez dakar beti hutsa, mantso ibiltzea geldirik egotearen berdina ez den eran. Oinez edo lauhazka, Euskal Herriak duela hamar urte bizi zuen egoerarekin zerikusirik ez duen orain honetara iritsi da Sare; orain hau iritsi du. Eta plataformako kideek ziur esan dute etapa berria laburragoa izango dela.
2014ko martxoaren 15ean publiko egin zen San Telmo adierazpena izan zen Sareren hazia. Dokumentu horrekin, gatazkaren ondorioak konpontzeko gutxieneko adostasuna bilatzen zen, alderdikeriak alde batera utzita, eta hiru ardatzetan lan egiteko konpromisoa: konponbidea, giza eskubideak eta bakea. Urte hartako ekainean Sare sortu zenetik, 34 urtez kistatu den euskal presoen urruntzearekin amaitzea lehentasunezko aldarria izan da plataforma herritarrarentzat, eta iaz lortutzat eman zuen helburua.
Hala, igandeko ekitaldian lortutakoaren balioa nabarmendu nahi zuten, eta bideo bat aurkeztu dute horretarako:
«Ez dugu ahaztu behar ezen, ez aspaldi, euskal presoak bakartzeko ziegak ez zirela salbuespen, araua baizik. Ez dugu ahaztu behar senitartekoek eta lagunek ehunka kilometroko bidaiak egin behar zituztela presoak ikusteko. Ez dugu ahaztu behar preso horien zigorrak espetxeetako lehen graduan betetzen zirela ia osorik», nabarmendu dute bozeramaileek.
... Eta segi
Aurrerantzean ere, helmugak erdiesteko ibilian segituko du Sarek, jakinik gainera, alde duela Euskal Herriko gizartearen gehiengoa, «bai eta biktima askoren onarpena ere», bozeramaileek nabarmendu dutenez.
Eskarmentudun pertsonak osatzen dute Sare eta, beraz, badakite egiteko dagoen bidea ez dela erraza izango. «Badakigu judikaturan, politikan eta hedabide batzuetan zenbait sektore aurrerapauso horien kontra daudela», ohartarazi dute, eta jakitun dira «euskal gizartearentzat onura ekarri behar duen prozesu batek aurrera egiteari betoa edo blokeoa» ezartzen jarraituko dutela, Auzitegi Nazionala gradu erregresioekin egiten ari den moduan.
«Ez gara isilduko bidegabekeria hori ikusita», zin egin dute Bego Atxak eta Joseba Azkarragak, sinesten baitute garaia dela «bukaera emateko euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei». Zentzu horretan, «euskal espetxe-administrazioari» exijitu diote presoak «gizarteratzeko ibilbidea arduraz» bete dezan.
Eta argi adierazi dute preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzeko garaia dela, iaz ‘Konponbiderako giltzak’ dinamikarekin abiatu zuten bidetik. «Konponbiderako giltzak esaten dugunean, esan nahi dugu euskal gizarteak erabaki behar duela, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, euskal presoek noiz eta nola itzuli behar duten etxera», zehaztu dute.