INFO

Cachenaut (LR): «Echaniz hautagaiaren gibelean Errepublika gorrotatzen duen EH Bai dago»

Beñat Cachenaut hautagaia da Euskal Herriko barnealdeko herriek eta Biarnok osatzen duten laugarren hauteskunde barrutian. Zentro eta eskuineko botoemaileei zuzenduriko gutun ireki batean Iñaki Echanizen NFPko hautagaitzaren atzean liratekeen mamuak –Melenchon, NPA eta EH Bai– astindu ditu.

Beñat Cachenaut Errepublikanoak alderdiaren hautagaia da laugarren hauteskunde barrutian. (Guillaume FAUVEAU)

Beñat Cachenaut Iholdiko auzapezak zentro eta eskuineko botoemaileei zuzenduriko gutuna plazaratu du astearte honetan.

Jacques Chirac frantziar presidente ohia eta, gertuago, besteak beste, Michele Alliot-Marie (MAM) ikur izan zituen RPR alderdian eman zuela izena 18 urterekin azaldu du bere gutunaren hasieran Cachenautek. Handik honat «askatasuna, zuzentasuna eta autoritatea» dituen baloreak fideltasunez defendatu dituela ziurtatu du.

«Alde bateko zein besteko muturren gorakadaren aitzinean» esperantza mezua nahi diela igorri azaldu die, ondoren, hautagai kontserbadoreak zentro eta eskuineko botoemaileei.

Handik goiti, azken bi urteetan diputatu gisa jardun duen Iñaki Echaniz diputatu sozialista jomugan jarri du. Badira bi urte Nupes aliantza ordezkatu zuen ordezkari sozialista hauteskunde hauetan Cachenautek «muturreko ezkerren aliantza»tzat jotzen duen Fronte Herritar Berriarekin (NFP, frantsesez) aurkeztuko da.

Hiru lanjera NFPko hautagaitzaren gibelean

Iñaki Echanizen hautagaitzaren gibelean ondoko hiru lanjera irudikatu ditu Cachenautek.

Lehenik eta behin, Echanizek «antisemitismoarekin maite kontuetan jarduten duen» Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumitua (LFI) duela bizkarrean adierazi du.

Ondotik, «jende orok Polizia gorrotatzen duen leloa barreiatzen duen» Philippe Poutou (NPA) dagoela nabarmendu du LRko lehiakideak.

Finean, NFPk laugarren hauteskunde barrutian aurkezten duen hautagaiaren gibelean «Errepublika gorrotzen duen EH Bai» dagoela oharra egin du Cachenautek.

«Ezker muturraren aurrean alternatiba zentzudun bakarra dela» aldarrikatuz, bere hautagaitzaren baitan botoak metatzeko deia zabalu du Iholdiko auzapezak.

Bere mezuari indarra eman nahian, laugarren hauteskunde barrutian bi urteko pausa baten ostean berriro ere hautaga izanen den Jean Lassalle diputatu ohiaren aurka jo du.

France 3 telebistan eginiko eztabaida batean 2022an Iñaki Echanizen aldeko botoa eman zuela aitortu du berriki Resistons! alderdiaren sortzaileak.

Bere aitormen hori itsusituz, berak azkeneko hauteskunde legegileen bigarren itzulian lehia galdu zuen Macronen aldeko hautagaia, Annick Trounday, babestu zuela defendatu du Beñat Cachenautek.

Cachenaut euskaldun petoa bada ere, frantses hutsean idatzitako gutun irekia plazaratu du.