«Ziurgabetasuna nagusi», arrauneko ligak hasi baino lehen
Asteburu honetan ekingo diote ligari urrezko mailako ontziek Galizian: larunbatean Coruñan, eta igandean Bueun. Joxemi Elduayen Hondarribiko presidentea, Osertz Alday Lekittarrako entrenatzailea, eta Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia eta Mar Larrea arraunlaria izan dira NAIZ Irratian.
This browser does not support the audio element.
«Ziurgabetasuna da nagusi liga hasi baino lehen», horixe nabarmendu du behin baino gehiagotan Osertz Alday (Hondarribia, 1976) Lekittarrako entrenatzaileak asteazken honetan estreinatu den ‘Marea Bizian’ saioko lehen atalean: «Denok gabiltza gogotsu entrenatzen, ibilbide bat egin dugu, eta orain ikusiko da zer gertatzen den. Ate horren aurrean egoteak ekartzen duen ezjakintasuna da kudeatu beharrekoa». Bat egin dute harekin Andrea Astudillo (Zierbena, 1999) Arraun Lagunakeko patroiak eta Mar Larrea (Ondarroa, 1994) arraunlariak, eta Joxemi Elduayen (Hondarribia, 1969) Hondarribiko presidenteak.
Euskotren eta Eusko Label Liga irabazteko bi hautagai nagusi daude: Arraun Lagunak eta Urdaibai. Bi taldeek iaz liga eta Kontxako Bandera irabazi zituzten, eta aurtengo hiru txapelketan gailendu dira: Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan, Euskadikoan eta Espainiakoan. Hondarribiko presidenteak adierazi du emakumezkoen liga irabazteko faboritoa Arraun Lagunak izan arren, ikusi beharko dela: «Joan den urtean txapelketarik ez zuten irabazi, baina gero liga eta Kontxako Bandera bai. Horrelako gauzak gertatzen dira. Lehen estropadetan kanpotik, behintzat, ziurtasunarekin ikusten zaie, eta konfiantza handiz».
Ligak jarriko du nor bere tokian, eta lehen azterketa asteburu honetan izango da, Galiziako uretan. ‘Lugañenek’, ‘Ama Guadalupekoak’ eta Lekittarrak ez dute aldaketa askorik izan multzoan, baina Larreak eta Aldayk nabarmendu dute joandakoak zenbakian asko ez izan arren, zenbait arraunlari garrantzitsuk utzi dutela taldea. «Lan askoren fruituetako bat esperientzia izaten da, eta heldutasuna duten arraunlariak joaten zaizkizunean, kezkak izaten dituzu. Hala ere, lana poliki-poliki ondo egiten saiatu gara, ahalik hobetoen», esan du Isuntzako prestatzaileak.
Elduayen (Hondarribia): «Ez nau harritzen Zumaia batek Euskotren Ligako ontzien maila lortzea. Mailari eutsi behar diogu, eta ahal bada kanporaketetatik pasatu gabe»
Bide beretik, Arraun Lagunakeko arraunlariak adierazi du inor ez dela ezinbestekoa, eta jende berria egon arren, indartu egin direla: «Taldeak aurreko urtean baino pauso bat gehiago eman du». Patroiak gaineratu du jubenil batzuk ere haiekin daudela ikasten, «harrobia direlako, eta harrobia behar delako».
Iker Portuges Urdaibaiko arraunlariak NAIZen egindako elkarrizketan nabarmendu zuen Hondarribiak «arraunlari onak» ekarri dituela. Horren inguruan Elduayenek adierazi du «lehen ere gauza bera» esan diotela, eta berak nahiko talde «berdintsua» ikusten duela: «Gaizka Gorostiaga, Julen Castrillon... arraunlari handiak joan zaizkigu. Etorri direnetako batzuk ere esperientzia handiko eta maila handiko arraunlariak dira. Baina taldearen maila ez da hainbeste aldatzen etorri eta joan diren arraunlariengatik; guk gure bidea berreskuratu behar dugu».
«Kaosa», Gipuzkoakoan
‘Lugañene’ eta ‘Ama Guadalupekoa’ traineruek irabazi zuten Gipuzkoako Txapelketa. Zierbenako lemazainak adierazi du estropada hori «kaosa» izan zela: «Tolosaldea nuen bigarren kaletik, eta Etxabek [Arraun Lagunakeko entrenatzaileak] esan zidan kontuz ibiltzeko. Atzera begiratu nuen, eta ez nuen Tolosaldea ikusi. Kentzeko maniobra egin nuen, baina jada ia-ia gainean genituen». Larrea Arraun Lagunakeko arraunlariak gehitu du horrelako gauzak gertatzen direnean «gutxien egin behar dena pentsatu» dela: «Andrea [Astudillo] ikusten nuen, alde batean Orio, Donostiarra, atzean Tolosaldea... Tolosaldea gure gainera zetorren, eta eskerrak guk olatu bat hartu genuen, bestela...».
Bigarren txandan, berriz, Hondarribiak bigarren egin zuen, Zumaiaren atzetik. Elduayenek adierazi du emakumezkoek estropada «txukuna» egin zutela, baina Zumaia «indartsu batekin» topo egin zutela: «Ikusten da Zumaia gora datorren traineru bat izango dela. Gu nahiko pozik geratu ginen, nahiz eta beti zertxobait gehiago nahi duzun».
Alday (Lekittarra): «Beldur asko ikusten dut. Tristea da halako neurri bat hartu behar izatea, klub batzuek apustu egin dezaten»
Hondarribiko presidenteari galdetuta ea kezkatzen ote duen ETE ligako traineru batek haien maila parekoa izatea, erantzun du haien borroka Euskotren Ligan egongo dela: «Helburua kanporaketak saihestea da. ETE ligan traineru indartsuak izatea normala da, nesken arraun munduan oraindik proiektu berriak sortzen direlako, eta indartsuak izan daitezkeelako. Ez nau harritzen Zumaia batek Euskotren Ligako ontzien maila lortzea. Egin behar duguna da Euskotren Ligan gure maila eman, eta mailari eutsi, eta ahal bada kanporaketetatik pasatu gabe».
Gizonezkoak, berriz, «oso ondo» ikusi zituen presidenteak. Haren ustez, Gipuzkoako Txapelketa bosgarren urtez jarraian irabaztea «sekulako balentria da», eta balioa eman behar zaio. Bizkaiko Txapelketan etxean egin zuten arraun lekeitiarrek, eta Aldayk «ontzat» jo du lortutako hirugarren postua Urdaibai eta Zierbenaren atzetik.
Zalantzak, Euskadikoan
Euskadiko Txapelketan baldintzek izan zuten zeresan handia. Lekittarrako entrenatzaileari momenturen batean burutik pasatu zitzaion arraun ez egitea, batez ere logistika aldetik. «Garabitik bota behar genuen trainerua, eta ikusten genuen hortik ezin zela. Itsasoa mugitua zegoen, balizarekin ere arazoak zeuden. Arriskua ikusten genuen». Hala ere, Aldayk hausnartu du lehen jokatzen zituztela halako estropadak, eta orain «zalantza asko» daudela horrelako baldintzak topatzen dituztenean.
Astudillo (Arraun Lagunak): «Arraunlariek ez dute asko pentsatzen. 2017ko Kontxako estropadaren antza izan zuen»
Bide beretik, Larreak adierazi du berak ez zuela pentsatu zer-nolako olatuak zeuden, baizik eta hasi zirela berotzen, ikusi zutela zein zen egoera, eta esan zutela, «gaur irabazi egin behar dugu». «Andreak ez du horrela pentsatuko baina...» gehitu du arraunlariak. «Arraunlariek ez dute asko pentsatzen» erantzun dio patroiak.
Astudilloren ustetan, «zer pentsatu ematen du», ikusita estropada egiteko modua bi aldiz aldatu zela. «2017ko Kontxako estropadaren antza izan zuen. Balizatu ezin denean, pentsatzekoa da. Guk kale bakarrera egin genuen. Joateko luzean, adibidez, ikusten duzu olatua zure kontra eta esaten duzu «zer arraio egiten ari naiz hemen». Arraunlariek bakarrik bueltako luzea ikusten dute...». Jarraian Larreak erantzun dio barrez, arraunlariek lehen luzean olatuak ikusi ez, baina brankan daudenek «ipurdian sentitzen» dituztela olatuak.
Alday (Lekittarra): «Arriskua ikusten genuen. Hala ere, lehen jokatzen zituzten halako estropadak, eta orain zalantza asko daude horrelako baldintzak topatzen ditugunean».
Presidente baten larruazaletik, «ardura» sentitu zuen Elduayenek, «beldurra»: «Dena ondo joanda gauza ederra da, baina bere arriskua badu. Harritu ninduen mutilek binakako erlojupekoa egitea, bi kaleak segidan zirelako, bata bestearen alboan. Bueltako luzeko bidegurutzean zerbait pasatzeko arriskua zegoen. Nesken formatua gehiago gustatu zitzaidan, segurtasun aldetik egokiagoa ikusi nuen».
Aldayri galdetuta ea nola bizitu zuen barrutik zuen gizonezkoen estropada, adierazi du azken luzean Iñaki Goikoetxea ‘Xaguak’ keinada bat egin zuela eta ia-ia Donostiarrarekin talka egin zutela. «Ez da ohikoa gure patroia egoera horretan ikustea, baina itsasoa da eta edozer gerta daiteke. Momentu batean ikusi nuen erditik banatuko genuela trainerua, baina zorionez konpondu zuen».
Errazagoa da behera egitea, gora egitea baino
Euskotren Ligara begira, Arraun Lagunakeko patroiak eta arraunlariak adierazi dute iaz baino «askoz hobeto» daudela. Taldearen helburu nagusia liga eta Kontxako Bandera irabaztea da. Arerioez galdetuta, Astudillok Donostiarrarekin du lehiarik handiena; Larreak, aldiz, Oriorekin. Aurkariak aurkari arraunlariak uste du ohorezko txandan sartzea «oso zaila» izango dela gainerako taldeentzat, Tolosaldea indartsu ikusten baitu: «Goran dauden taldeak poliki-poliki indartzen goaz. Tolosaldeak indarra hartu du, Donostiarrak ere bai, eta Orio beti ibiltzen da».
Ohorezko txandan sar daitekeen ontzietako bat ‘Ama Guadalupekoa’ da, iaz estropada bakarren batean lortu zuen. Aurten, ordea, Elduayen presidenteak ez du uste hor mantentzeko gai izango direnik: «Gure lekua bigarren txanda da, eta hor burutik ibiltzen bagara ez da txarra».
Emakumezkoetan bezala, gizonezkoetan ere traineru bat dago ororen gainetik: ‘Bou Bizkaia’. Liga irabazteko zaku berean daude Zierbena eta Hondarribia. Lehia horren inguruan Elduayenek esan du jendeak dena «oso erraz» ikusten duela, eta «askoz errazagoa» dela hirugarrenetik laugarren edo bosgarren postura pasatzea, «gora egitea baino».
«Ez nau kezkatzen zein postu lortuko dugun urte amaieran. Mutilek gehiago disfrutatzea nahiko nuke. Joan den urtean hirugarren egin genuen. Beren lekutik aterata ikusi nituen, nahi eta ezinean, pixka bat etsita, eta hainbeste sufritzea ez dute merezi. Helburua da mutilak pozik ikustea. Badugu ontzia ohorezko txandan egoteko, estropadaren bat lehiatzeko, baina bi goiko traineru horiek oso indartsu daude, eta aurrea hartzea oso zaila izango da».
Larrea (Arraun Lagunak): «Goran dauden taldeak poliki-poliki indartzen goaz. Tolosaldeak indarra hartu du, Donostiarrak ere bai, eta Orio beti ibiltzen da».
Isuntzak zortzigarren amaitu zuen iaz Eusko Label Ligan. Aldayk azpimarratu du postu hori ospatu zutela Urdaibaik liga irabaziko balu bezala, eta hori berdintzea «oso zaila» izango dela, ez baitago bakarrik haien esku: «Talde asko gaude oso berdinduta. Neguan bai Ondarroak, bai Kaikuk maila polita erakutsi dute. Iazkoa berdinduko bagenu, oso pozik geratuko nintzateke».
Araudian, «oreka bila»
Araudia dela-eta, gizonezkoen ontziek etxeko lau arraunlari ontziratu beharko dituzte datorren urtean, eta bost hurrengoan. Orain arte hiru izan dira. Emakumezkoetan, ordea, oraingoz ez dute araudi hori jarriko. Horren inguruan nork bere hausnarketa plazaratu du. Aldayk argi du harrobikoen kopurua aldatzea ez dela izan arraun munduan «iraultza» egiteko, baizik eta «filosofia bati garrantzia emateko helburuarekin egindako aldaketa bat» dela.
«Beldur asko ikusten dut, ez zait iruditzen hain esanguratsua izango denik. Tristea da halako neurri bat hartu behar izatea, klub batzuek apustu egin dezaten gazteak gehiago zaintzeko. Harrobikoen kopurua handitu da bai, baina gutxi handitu da. Gauza asko nahasten dira, arraunlari gazteak ez daudela... Badaude arraunlari gazteak. Hausnartu behar da zergatik ez diren iristen goi mailara. Horrelako iritziak entzutea pena ematen dit, ez bakarrik Lekeition nagoelako eta hemen gazteekin lan egiten dugulako, baita uste dudalako ere ez genukeela zertan horrelako iritzia izan behar. Egongo lirateke klub batzuk, araudirik gabe, ez luketela izango harrobiko arraunlaririk, eta hori tristea da», hausnartu du Isuntzako prestatzaileak.
Elduayen (Hondarribia): «Ez nau kezkatzen zein postu lortuko dugun urte amaieran. Mutilek gehiago disfrutatzea nahiko nuke. Iaz beren lekutik aterata ikusi nituen»
Bide beretik, Hondarribiko presidenteak argitu du kontua ez dela izan bat-batean ateratakoa, TKE sortu zenetik mahai gainean zegoen gai bat baizik. «Getxon izan zen TKEko lehen bilera, eta ni han nengoen. Lehen unetik zeuden arrauna ulertzeko bi modu hauek. Orduan, Kantabriako ontziak zeuden goi-goian: Astillero, Castro... Orio, Isuntza, San Juan, Cabo... hortxe geunden denak, eta lehen momenturik zegoen gaia. Mila aldiz bozkatu dugun alorretako bat izan da, baina askotan ez da lortu ez igotzea ez kentzea. Ez gara esaten ari hamalautik hamalau harrobikoak izan behar dutenik, hamalautik bost baizik».
Aldi berean, Elduayenek gaineratu du arrauna kirol «amateurra» dela: «Ikusten baduzu sekula ez duzula banderarik irabaziko zure herriko traineruarekin, segur aski hemendik urte batzuetara ez duzula arraunean jarraituko. Oreka baten bila gatoz, ez goaz inoren kontra. Orain entzuten ari garen hitzak orain dela hogei urte Kantabriatik entzuten genituen».
Larreak eta Astudillok adierazi dute nesketan «oztopoak ipintzea» litzatekeela: «Mutilen antzerkia ez da gurea, dirua ez da jokoan sartzen, eta fitxaketak ez dira diruaren arabera egiten. Emakume asko ez daude arraunean, gero eta gutxiago daude, eta gainera horrelako oztopoak ipintzen badira...», azaldu du arraunlariak. Patroiaren ustetan, «asko kostatzen da traineru bat ateratzea», eta harrobia «landu» egin behar den arren, arraunak «sakrifizioa» eskatzen du, eta «emakume guztiek ezin dute sakrifizio hori egin».