INFO

LGTBI komunitateak Palestinari elkartasuna adierazi dio mobilizazioetan

Ohiko koloreez gain, Palestinako banderaren gorri, berde, beltz eta zuriek bete dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetako mobilizazioak. Izan ere, LGTBI kolektiboak, ekainaren 28a genozidioan harrotasunik ez dagoela aldarrikatzeko baliatu du.

Donostian egindako mobilizazio jendetsua. (Andoni Canellada | FOKU)

'Zapalkuntza denen aurka transmaribollook Palestinarekin', lelo hori zeraman ostiral honetan, Sexu Askapenaren eta LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta Donostian egindako mobilizazioak. Urteroko legez Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazio jendetsuak egin dira, eta Palestinarekiko elkartasunak, eskubideen aldarriak eta instituzio zein erakunde pribatuen «pinkwashinga» salatzeak hartu dute erdigunea.

Alderdi Ederretik abiatu da mobilizazioa Gipuzkoako hiriburuan batukadaren laguntzaz, eta orotariko aldarriei eman diote ahotsa manifestariek. ‘Ama, mesedez, egin zaitez bollera’, ‘Feminsimorik ez transik gabe’, ‘Genozidioan harrotasunik ez’, Atzerritarren legeak jendea hiltzen duenaren salaketak...

Hilabeteko azken ostirala izaki, Donostiako Sarek bat egin du mobilizazioarekin, eta beraien aldarriek ere izan dute tokia. Izan ere, Martuteneko espetxetik igorritako gutuna irakurri dute; bertan, espetxeak zein armairuak apurtzeko garaia dela aldarrikatu dute Martuteneko presoek. 

Urtero legez, bandera koloretsuek eta aldarri anitzez osaturiko kartelek hartu dute mobilizazioa, baina aurtengoan, Hego Euskal Herriko mobilizazio guztietan Palestinako banderek eta genozidioa amaitzeko aldarriek indar berezia hartu dute. Amaierako hitzartzean ere hala azaldu dute: «Israelen genozidioa, islamofobia eta homofobia salatzeko gaude gaur hemen eta horregatik guztiagatik batu gara euskal herriko militante transfeministak. Normaltasun zapaltzailea salatu eta palestinar erresistentziari gure elkartasun eta babes osoa adierazteko».

Israelek «inpunitate osoz» Palestina «masakratzen» jarraitzen duela salatu dute, eta komunitate transmaribolloaren borrokaren «erabilpen tranpatia" egiten ari direla adierazi dute. «Erregimen sionistak transmaribolloon borroka instrumentalizatzen du haien helburu kolonialei aurpegia garbitzeko. Dikotomia faltsu bat egiten dute, israel estatu liberal moderno bezala eta lgtbi friendlya eta palestinako basati homofoboen artean. Transmaribollok ez dugu Israelen gezurra sinesten», egin dute oihu.

Bestelako Donostia bat

Transmaribolloen borroka zapalkuntza guztien aurkako borroka dela nabarmendu dute, eta eskainitako aukeren aurrean altxatu eta alternatiba badagoela azaldu dute: «Badirudi gaur egun bi aukera bakarrik daudela: gure borrokarekin aurpegia zuritu eta etekin ekonomikoa atera nahi duen pinkwasing neoliberala, edota gurekin bukatu nahi duen erregimen faxista. Gu horren aurrean altxatzen gara esateko bagarela alternatiba».

Donostiako mobilizazioan, hiri ereduaren inguruan ere jardun dira. «Indar polizial arrazistek migratzaileak erasotzen ez dituen Donostia, sexu langileek eskubide guztiekin eta inolako estigma gabe lan egin dezaketen Donostia, borrokan egoteagatik preso sartu dituzten horiek gure alboan nahi ditugulako, gizonik eta emakumerik gabeko Donostia bat sortzen», egin dute aldarri.

Eta gizon zein emakume kategoriekin amaitu nahi dutela gaineratu dute, «bollera, marika, trans edo queer izatea hori baita, gizon eta emakume kategoriak apurtu eta zerbait hobea sortzeko borroka», argitu dute.

Bestalde, instituzio publiko eta erakunde pribatuengana ere zuzendu dira: «Harro egoteko ez dugu zuen oniritzirik behar, harro gaude urteetako borrokagatik. Instituzioetatik ez ditugu keinuak behar, herritarren bizitzak duinduko dituzten benetako politikak behar ditugu. Han eta hemen banderatxoak jartzea adar jotze hutsa da».

Erakunde publikoak

Euskal Herriko erakunde eta alderdiek ere bat egin dute ostiral honetan LGTBI+ Harrotasunaren Egunarekin, gorroto diskurtsoen aurka borrokatzeko eta manifestazioetan parte hartzeko deia eginez. Azken egunotako adierazpen instituzionalei LGBTI+ kolektiboari elkartasuna adierazteko mezu, kontzentrazio eta adierazpen berriak gehitu zaizkie gaur, hala nola eraikin ofizialen fatxadetan ostadar-banderak jartzea eta fatxadetako argiztapena.

Gasteizko Legebiltzarrean, Vox ez beste talde guztietako ordezkariak elkartu dira eraikinaren kanpoaldean, 'Harro!' zioten kartelekin eta 'Eskubideen eta aniztasunaren alde' zioen pankarta baten atzean.

Nafarroako Gobernuko, Foru Parlamentuko eta hainbat elkartetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Jauregiaren aurrean, eta LGTBI+ kolektibo horrekiko edozein diskriminazio motaren aurka agertu dira.