INFO

Bigarren itzulian eskuin muturraren kontra bozkatzera dei egin du EAJk

EAJ-PNBk ohar batean adierazi du beti altxatu dela ideologia faxistaren aurrean, eta Asanblea Nazional frantsesa erabakiko duten igandeko bozetan berdin egiteko eskatu dio bere hauteslegoari ere. Ez du agindu botoa nori eman, noren kontra baizik: eskuin muturraren aurka.

Jean Telletxea, EAJ-PNBren seigarren barrutiko hautagaia, kanpainako agerraldi batean. (Guillaume Fauveau)

Igandeko bozen ostean bigarren itzulira igarotzeko aukerarik gabe geratu ostean, EAJ-PNB astelehen arratsaldean bildu zen bere hauteslegoari eskatuko zion boto norabidea deliberatzeko, eta asteartean eman du erabakiaren berri: alderdi zehatz bat babesteko ez, baina Batasun Nazionalak ordezkatzen duen eskuin muturraren kontra egiteko eskatu die bere boto emaileei.

Euskal Herriarentzat eskuin muturrak dakarren arriskuaren aurrean, EAJk «urteetan zehar eraiki dituen adostasun zabalengatik» eta alderdiak «dituen balio humanistengatik», erantzukizunez jokatzeko deia egin du. Horrela, «tinko eta anbiguotasunik gabe», Batasun Nazionalaren kontrako botoa emateko eskatu du eskuin abertzaleak, igandeko bozen ostean ez dezan gehiengoa lortu Asanblea Nazionalean.

Ohar batean gogoratu duenez, EAJ beti altxatu da ideologia faxistaren aurrean. «Duela 88 urteko altxamendu frankistaren garaian, EAJ-PNBk Euskal Herriarentzako Autonomia Estatutu bat lortu zuen, sozialistekin, komunistekin, ezker errepublikarrarekin... Frankismoaren eta, geroago, nazismoaren kontra borrokatuko da EAJ-PNB, Frantziako erresistentziaren ondoan», adierazi du.

 

Argazki honekin lagundu du EAJk bere oharra: De Gaulle jenerala, Gernika bataloiaren ikurriña agurtzen. (EAJ)
Argazki honekin lagundu du EAJk bere oharra: De Gaulle jenerala, Gernika bataloiaren ikurriña agurtzen. (EAJ)

Giltzarri VI. barrutian

Seigarren barrutian, Fronte Popular Berria, Batasun Nazionala eta Errepublikanoak izango dira lehian hauteskundeen bigarren itzulian. Asteon, Emmanuelle Brisson hautagai errepublikanoak iragarri du Christian Dèvezeri (Modem) emango diola botoa, eta bere hauteslegoak –8.546 boto lortu zituen igandean– Errepublikanoen aldera metatzen baditu indarrak, Peio Dufau abertzaleak (EH Bai, Fronte Popular Berrian koalizioan) garaipena errepikatzea oztopatu dezake.

Alta, EAJ bigarren itzulira igaroko ez bada ere, haren boto-emaileek eragina izan dezakete seigarren barrutiko emaitzetan, baldin eta Dufauren alde egiten badute, pasa den igandean 3.712 boto lortu baitzituen Jean Telletxea hautagai jeltzaleak, hau da, emandako botoen %4,95.

Bosgarren barrutian, EAJko Jean-Marie Erramuzpek 1.411 boto baino ez zituen jaso, eta laugarrenean, Gracianne Bec Mirandek 1.128 boto.