INFO

Udaren hasierarekin langabeziak beheranzko joerari eutsi dio Hego Euskal Herrian

Ekainak eta udaren hasierak langabeziaren beheranzko joerari eutsi diote Hego Euskal Herrian, nahiz eta jaitsiera apala izan den. 135.379 langabe daude, maiatzean baino 822 gutxiago, baina Nafarroan eta Araban bakarrik izan da beherakada. 

Lanbideren bulego bat, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Apiril eta maiatzean bezala eta uda hastearekin batera, langabeziak beheranzko joerari eutsi dio Hego Euskal Herrian, nahiz eta lau herrialdeetan portaera desberdina izan den.

Espainiar Enplegu Ministerioak emandako datuen arabera, guztira 135.379 lagun zeuden enplegurik gabe ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta 822 gutxiago. Aurreko bi hilabeteetan baino jaitsiera askoz apalagoa izan da, eta Araban eta Nafarroan bakarrik gauzatu da; Bizkaian eta Gipuzkoan langabe kopurua hazi egin da, gutxi bada ere.

Nafarroan jaitsi da gehien langabezia, maiatzarekin aldertuta %2,58 hain zuzen ere. 29.012 langabe zenbatu dituzte herrialde horretan, 767 gutxiago.

Araban ere behera egin du: guztira 17.914 langabe daude, 167 gutxiago (-0,92%).

Gipuzkoan %0,33 hazi da langabe kopurua; 28.206 daude, aurreko hilabetean baino 92 gehiago.

Bizkaian egoera ia aurreko hilabetekoaren berbera da; 20 langabe gehiago (%0,03), guztira 60.247.

Iaz baino langabe gehiago

Urte arteko eboluzioari erreparatuta, ordea, joera bestelakoa da eta lau herrialdeak batuta iazko ekainetik hona langabe kopuruak gora egin duela erakusten dute datuek. Zehazki, 735 pertsona gehiago daude egun lanik gabe duela urtebete baino. Hemen ere Arabak eta Nafarroak dituzte datu onenak, bietan langabezia jaitsi egin baita, Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala.

Hala, Araban %3,40koa izan da beherakada (630 langabe gutxiago) iazko ekainetik eta Nafarroan %0,86koa (-253). Gipuzkoan %2,23 hazi da (616 langabe gehiago), eta Bizkaian %1,69 (+1.002).

Sexuaren arabera, 61.673 emakumezko eta 44.694 gizonezko daude langabezian EAEn, aurreko hilean baino 368 gehiago (+%0,60) eta 423 gutxiago (-%0,94), hurrenez hurren; 2023ko ekainaren aldean, berriz, 334 emakumezko gehiago (+%0,54) eta 654 gizonezko gehiago (+%1,49) daude langabezian.

Nafarroan, langabe guztien artean 17.901 emakumeak ziren (118 gutxiago, -%0,65%) eta 11.111 gizonak, maiatzean baino 858 gutxiago (-%7,17).

Gizarte Segurantza eta kontratuak

Gizarte Segurantzan 560 afiliatu berri zenbatu ziren ekainean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, maiatzarekin alderatuta (+%0,05), eta horrela kide kopurua 1.019.773ra igo zen, marka berria ezarrita.

Nafarroan, berriz, 82 afiliazio gehiago izan ziren (+%0,03); guztira 311.346 kide daude.

Kontratazioari dagokionez, ekainean 69.623 kontratu berri sinatu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horietatik soilik 14.750 (%21,19) izan ziren mugagabeak.

Nafarroan, berriz, 24.113 kontratu sinatu ziren ekainean, iazko hilabete berean baino %11,94 gutxiago. Horietatik 5.285 kontratu (%21,9) mugagabeak izan ziren eta 18.828 aldi baterakoak (%78,08).

Erreakzioak

Elma Saiz Gizarte Segurantzako espainiar ministroak eta Yolanda Diaz Lan ministroak enpleguak Estatuan izan dituen datu positiboak azpimarratu eta langabe kopurua 2008tik baxuena dela nabarmendu dute.

Sindikatuek, ordea, bestelako iritzia dute. ELAren ustez, ekaineko langabeziarenak «ez dira datu positiboak, jaitsiera aurreko urteetakoa baino askoz txikiagoa izan baita». Ohar batean nabarmendu duenez, «ekaineko datuek langabeziaren geldialdia erakusten dute, hala adierazten baitu urte arteko adierazleak. Gainera, enpleguaren kalitateak ez du ona izaten jarraitzen, behin-behinekotasunaren gorakadak erakusten duen bezala; ekainean, bost kontratutatik ia lau behin-behinekoak izan ziren».

Hego Euskal Herrian langabeziak «Europako batez bestekoaren oso gainetik» jarraitzen duela ere azpimarratu du: «Hego Euskal Herrian tasa %9,6koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa %6koa.

LABek iazko epe berean baino herritar gehiago daudela lanik gabe nabarmendu du, eta gainera langabeziak egoera zaurgarrian dauden kolektiboen artean egin duela gora, hala nola 25 urtetik beherako, emakume eta langile migratuen artean. Aurretik enplegurik ez zutenen kopuruak ere gora egin du.

Sortzen ari den enpleguaren kalitatean arreta jartzea ere beharrezko jo du LABek, «lan baldintza prekario zein ezegonkorrak egiturazkoak baitira eta udaldian egoera honek okerrera egiten baitu».

Sindikatu horren arabera, lan merkatuan prekaritatea zein ezegonkortasuna «egiturazkoak dira», bereziki egoera zurgarrienean dauden kolektiboen artean, eta horregatik «egoera hori iraul dadin lanean» jarraituko du «dagokion esparru guztietan: lan zentroetan, kalean zein instituzioetan». Hala, egoera honen «arduradun zuzen diren patronal zein instituzioak» interpelatuko dituela iragarri du.

Nafarroako CCOOk herrialde horretan lan merkatuaren bilakaerak izan duen portaera «ona» txalotu du, baina langabeziaren beherakadak «enplegu hobeak» eta desberdintasunen aurkako «babes handiagoa» ekarri behar duela nabarmendu du. Gainera, ekaina enpleguarentzat hilabete «ona» izan ohi dela gogoratu du, «batez ere udako kanpainako enpresen kontratazioak bultzatuta».

«Datu makroekonomiko onek ez dituzte ezkutatu behar langileek, ohiko moduan, pairatzen dituzten arazoak, enplegu prekario eta oinarrizko produktuen garestitzearekin; izan ere, askotan, horrek ez du ahalbidetzen bizitzan behar materialak bermatuak izatea», adierazi du.

Nafarroan «zuzendu» beharreko arazoen artean daude emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasunak, iraupen luzeko langabezia eta gazteek lana aurkitzeko dituzten zailtasunak, CCOOren arabera.

Mikel Torres, Lakuako bigarren lehendakariorde eta Lan sailburuak Gizarte Segurantzako afiliazioak eta lanean dauden pertsonen kopuruak gora egin duela nabarmendu du, eta «eskubide gehiago dituzten enpleguak» direla erantsi du.

Onartu du, hala ere, ez dugula «datuen autokonplazentzian erori behar», oraindik Lanbiden 100.000 lagunetik gora daudelako izena emanda ez dutelako lanik aurkitzen.

Nafarroako Gobernuko Lan sailburu Carmen Maezturen iritziz, 2024aren hasierako sei hilabeteak enpleguarentzat «apartekoak» izan dira, «langabeziak gutxitzen eta enpleguak sortzen jarraitzen duelako, inoiz ezagutu ez diren zifretara iritsi arte». Joera «positibo» hori gainera 2019tik egonkortzen ari dela esan du.

Maezturen arabera, ekaineko eta urteko lehen seihilekoko datuek «erakusten dute enplegu planean jasotako neurriek eta bultzatu ditugun politikek ongi funtzionatzen dutela eta hori dela jarraitu behar dugun bidea».