INFO

«Fronte Herritar Berria bozkatzea kulturaren alde bozkatzea da», dozenaka kulturgileen aldarria

Bigarren itzuliaren bezperetan Fronte Herritar Berria bozkatzeko deia egin du Ipar Euskal Herriko kulturgile ugarik. Aurrerapauso hau kulturaren defentsan ere ematen dutela nabarmendu dute.

Fronte Herritar Berriaren ekitaldia Ziburuan. Irudian, Marie Heguy. (Guillaume Fauveau)

Atxekimendu esanguratsua jaso du Fronte Herritar Berriak, igandean ultraeskuinaren aurrean duen lehia erabakiorrari begira. Dozenaka kulturgilek, horietako batzuk oso ezagunak, komuneko adierazpena kaleratu dute, non «ezkerra bozkatzea kulturaren alde bozkatzea» dela ziurtatzen duten.

Izen-abizen batzuk emateagatik, Jurgi Ekizak (Willis Drummond), Agustin Alkhatek, Maider Cigarroak, DJ Bullek, Anje Duhaldek, Mixel Ducauk, Patxi Cazenavek, Manex Fuchek... sinatu dute agiria. Dozenaka dira eta atxikimenduak pilatzen segitzen dute. Ez norbanakoenak bakarrik, taldeka ere atxikitzen ari baitira: Amaren Alabak, Xiberoots, Frigo, Orbel, Bonbon Beltz konpainia, txarangak...

«Gure herrietako artista eta kultur eragileek askatasunez sortzeko aukera izan dezaten, kultura herrietan hedatzeko eta herriak kultura bere eskuetan izan dezan, ezinbestekoa da ezkerra bozkatzea», aipatzen dute hasteko.

Honetan sakonduz, «kulturak herria egiten du. Kulturak pertsona egiten gaitu eta bere ekarpenak ezinbestekoak dira gure jendartearentzat. Kulturak eremu sozialaren garapena sustatzen du, elkartasuna eta batasuna indartuz. Mundua eta bizitza begirada ezberdinekin ikusteko aukera ematen digu, irudimena garatuz eta ezagutzak zabalduz. Kulturak elkarbanatzea eta partekatzea bultzatzen ditu, dibertsitatearen alde eginez. Jendarte anitz eta aberats baten alde lan egiten dugu, non irudimenak eta ezagutzak mugarik ez duten. Herri bat gara eta kultura gure nortasunaren ezinbesteko atal bat da».

Fronte Herritar Berriari botoa emanez, «zerbitzu publiko indartsu eta independentea» sustatzen dela adierazten dute sinatzaileek. «Justizia sozial handiago baten bermea» dela erantsi dute, eta «emazteen eskubiden aldeko politikak» egiteko baliogarria. Honako hauek ere dakartza hautu honek, beren hitzetan: «LGBTQI+ eskubideen defentsa; etorkinen integrazioa eta babesa; hizkuntza gutxituen alde borrokatzea; eta ingurumenaren babesa eta zaintza».

«Ikuspegi estu, zikoitz eta aldebakarrekoak» baztertu

Gauzak honela, «plazak, kaleak eta herriak kulturaz bete nahi ditugu, gure bizitza publiko eta soziala aberastuz. Kultura eta sorkuntza askatasuna behar ditugu gure herriaren indarra eta aniztasuna erakusteko. Gaur egun, kultura munduak, elkarrekin eta indar handiz, gorrotoaren, banaketaren eta askatasunen murrizketen aurka egingo du beti. Eragotzi behar dugu boterea ikuspegi estu, zikoitz eta aldebakarrekoak dituztenek eskuratzea. Gure balioak, elkartasuna eta justizia soziala, gure herriaren bidea izaten jarraitu behar dute».

Honengatik guztiagatik, «Fronte Popular Berria (NFP) bozkatzeko deia egiten dugu, gure balioak eta printzipioak babesteko eta gure herriaren etorkizuna ziurtatzeko», laburbiltzen dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kulturgile hauek.