INFO

Emakumeei buruzko film militantea

Argentina. 2023. 88’ Zuzendaria: Dolores Fonzi. Gidoia: Dolores Fonzi, Laura Paredes. Aktoreak: Dolores Fonzi, Toto Rovito, Carla Peterson, Rita Cortese, Leonardo Sbaraglia. Argaz.: Javier Juliá. Musika: Pedro Osuna.

Dolorez Ponzi 'Blondi' filmean (Amazon Studios)

Dolores Fonzi argentinar aktorea sarritan ikusi dugu pantailan; ‘Verano del 98’ gazteentzako telenobelan egin zen ezaguna eta geroztik hainbat antzerki obra eta filmetan parte hartu du. Bada kasu honetan bere lehen film luzea zuzendu eta estreinatu du: ‘Blondi’.

Blondi eta Mirko lagun minak dira. Oso gustura bizi dira elkarrekin, musika bera entzuten dute, film berak ikusten dituzte, lagun berberak dituzte, dena perfektua da euren artean... Baina, ia adin berekoak diruditen arren, Blondi Mirkoren ama da. Filmaren bizkarrezurra ama horren eta bere semearen arteko harremana da; semea, goi mailako ikasketak hasi aurreko azken urtean dago, eta ea banantzeko prest ote dauden ala ez ezbaian jarriko du. Santiago Rovito aktore gaztea izan du bidaide Dolores Fonzi-k.

Proiektua 2017an hasi ziren prestatzen, Laura Paredesekin gidoia idazten hasi zenean; pandemiaren ondoren, eta prozesu luze baten ostean, erabaki zuen berak zuzenduko zuela filma. Duela urte batzuetatik hona, gidoigile eta zuzendari belaunaldi berri baten etorrerak, zorionez, amatasunaren irudia aldatu du, begirada patriarkalari lotu gabeko istorio berri, konplexu eta askotarikoekin. «Film militantea da, emakumeei buruzkoa, emakume ezkongabeei buruzkoa, aitatasunik gabeko kontakizuna», azaldu du zuzendariak.

Une honetan, Fonzi, bere bigarren film luzea prestatzen ari da; Argentinan abortuaren jazarpenari buruzko benetako gertakarietan oinarrituta eta Javier Milei ultraeskuindarraren etorrerak kulturarentzat suposatu duen eragina aztertuko dituena.