INFO

Urdaibai eta Arraun Lagunak, menderaezinak; Donostiako olatuetan ere trebeenak izan dira

Urdaibaik zein Arraun Lagunak-ek sasoiko hirugarren bandera astindu dute, Donostiako Bandera Fabrika. ‘Bou Bizkaiak’ segituan ireki ditu aldeak arerioekiko –lehen ziabogan 15 segundo atera dio Zierbenari– eta Tolosaldeak ‘Lugañene’ poparean estutu badu ere, donostiarrek azken tenkada ona egin dute.

Gorka Aranberri, XVI. Bandera Fabrika astintzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Olatua alde daukagu eta hori aprobetxatzen saiatzen ari gara», esan zuen Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak. Nagusitasun itzela erakutsi zuten atzo, Donotiako XVI. Bandera Fabrikaren lehian. Olatu aparrean daude bermeotarrak, bai eta Arraun Lagunak ere, Euskotren ligan jokatu diren hiru banderak indartsu astinduta.

Garaipen ezberdinak izan ziren. Nola ez, garaipen guztiak dira ezberdinak, nahiz eta banderatik banderara badauden antzekotasunik. Atzokoan, ‘Bou Bizkaiak’, baina, hasieratik eman zuen guztia, «horrelako itsasoarekin ezin baitzara atera ea zer gertatu daitekeen pentsatzen», hirugarren edo laugarren luzeraino indarrak gordetzen, alegia. Sarri esan ohi da, poparean, azken luzean, motorra legez aritzen dela Urdaibai eta Donostian, Eusko Label ligako laugarren estropadan, proan ere aldeak ireki zituen. 15 segundo atera zion Zierbenari lehendabiziko ziabogan eta aldeak areagotzen joan ziren batetik bestera, bukaeran 19koa izan arte. Aranberrik adierazi zuen bere eskifaiak, inkontzieteki, tentsio apur bat askatu zutela baina lortu zuela, azkenean, berbideratzen.

Ohorezko txandan aritutakoek beraien postua mantendu zuten gaurko estropadarako, Lekittarra gogoekin geratu zela. Isuntzak estropada txukuna egin zuen baina ‘Bou Bizkaiak’ ohorezko txandan jarri zuen erritmoari jarraituta, lekeitiarrek baino denbora hobea egin zuten Zierbena, Hondarribiak zein Oriok.

Bigarren txandan ere apenas egongo da aldaketarik biharko Zierbenako estropadari begira –Lekittarra, Donostiarra, Ondarroa eta Getaria arituko dira– eta erakutsi dute lehendabiziko txandakoak baino urrats bat gorago daudela. Ondarroak, txandako laugarrena, 25 segundo atera dio lehendabiziko txandako irabazle Cabora.

Isuntzak irabazi du bigarren txanda, atzetik aurrera eginda, poparean aurrea hartu eta proan ere distantziak irekita, Iñaki Goikoetxea ‘Xagua’ patroiak zehaztu legez. «Itsasoan asko entrenatu dugu poparean olatuarekin. Konfiantza askorekin gaude. Azken luzean despiste bat eduki dugu baina bukaeran ongi amaitu dugu», azaldu du. Ohorezko txandan aritzeko saria nahi bazuten ere, merituzko bosgarren postuan bukatu dute hirugarren estropada hau eta sailkapen nagusian 7. postu ‘erosoan’ daude, Antiguako Amari aurrea hartuta.

Aipatu legez, lehiatzen aurrenekoak izan diren lau traineruen artean Cabok egin du denborarik onena, kasik erlojupekoa bailitzan, San Pedrori, bigarrenari, 19 segundo atera baitizkio. Kaiku eta Bueuk itxi dute sailkapena, estropada 24 minutu pasatxoan osatuta.

Eusko Label - XVI. Bandera Fabrika

1.    Urdaibai    21:22.33        
2.    Zierbena     21:41.97   
3.    Hondarribia      21:54.35     
4.    Orio      22:04.97
5.    Lekittarra      22:11.62  
6.    Donostiarra     22:22.02
7.    Getaria      22:34.56
8.    Ondarroa      22:40.12      
9.    Cabo     23:05.30    
10.    San Pedro     23:24.10    
11.    Kaiku      24:20.94      
12.    Bueu     24:36.06

Eusko Label - Sailkapen Nagusia

1.    Urdaibai    36 puntu        
2.    Zierbena     31 p.
3.    Hondarribia     29 p.
4.    Orio      27 p.
5.    Donostiarra      24 p.     
6.    Getaria      22 p.     
7.    Lekittara      18 p.     
8.    Ondarroa     16 p.     
9.    Cabo     12 p.    
10.    Kaiku      9 p.     
11.    San Pedro     7 p.
12.    Bueu     3 p.

‘Lugañeneren’ anbizioa

«Gurea egiten badugu, emaitza ikusten da», esan du Andrea Astudillok, Donostiako VIII. Bandera irabazita. Ligako hirugarrena da eta denboraldiko seigarrena, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako trapuak kontuan hartzen baditugu. Iazko Euskotren liga eta Kontxako txapelduna garaiezin dabil aurtengo denboraldian. Iaz, Oriok zerbait estutu zion eta azken estropadaraino txapelketa erabakitzeke egon zen. Aurten, bestelakoa izan da hasiera, jokatu diren hiru estropadetan ‘Lugañene’ nagusitu baita.

Eta ez edonola. 12, 8 eta 7 segundo, hurrenez hurren, atera die estropada bakoitzeko bigarren sailkatuei. Galizian, A Coruñan, Oriok bukatu zuen bigarren baina Bueun zein larunbat honetan, Tolosaldeak erakutsi du urrats bat egin duela eta borroka betean dagoela. Donostiako estropadan hortzak estutu eta itzulerako luzean Arraun Lagunaken pare jartzea lortu du, olatuak ederki probestuz. Andrea Astudillok ongi erantzun du, bere ontzia bideratuz eta berriro ere 4 segundoko tartea aterata, hala ligako hirugarren garaipena ziurtatzeko.

Lehen kaletik aritu da Arraun Lagunak, «inork nahi ez zuen kaletik», baldintza metereologikoak tarteko. Hala eta guztiz ere, bere kaletik mantendu dira donostiarrak eta ekinaren ekinez, atzetik aurrera egin dute, haizearen ufada probestuz. Oriok egin du lehendabiziko tenkadarik onena, Arraun Lagunak bi segundora utziz baina Paseo Berriko eremua igarota, hegal egin du ‘Lugañenek’, bat-batean 9 segundo atera baitio Orioko ontziari.

Ziabogan, Orioko aurrekalariari ihes egin dio arraunak eta Tolosaldeak aurrea hartzeko aprobetxatu du. Sekulako itzulera egin dute tolosarrek eta ziurtzat jotzen zen Arraun Lagunak-en garaipena zalantzan jartzeraino ere iritsi dira, 600 metroren faltan parez pare jarri direnean. Argi ibili dira donostiarrak eta ongi erantzun dute, Andrea Astudilloren gidaritzan. «Patroientzako estropada izan da», adierazi du Zierbenakoak, min hartuta bukatu duela baieztatuz. Azkenean, tarte polita aterata –7 segundokoa–, VIII. Bandera Fabrika astindu du ‘Lugañenek’.

Argiak baino ilun gehiago uzten ari dena, bestalde, Donostiarra da. Iaz loria dastatu zuen estropada honetan, etxekoa, beraiek antolatutakoa, gizonezko zein emakumezkoek bandera astinduta. Aurten, hiru estropadetan, laugarren postuan bukatu du, irabazlearengandik minutu erdira. Gainera, ohorezko txandatik at geratzeko zorian egon da, Cabok sekulako erakustaldia eman baitu lehendabiziko txandan, arerio guztien aurretik arituta. Hondarribia izan da seigarren sailkatua, Tiran zazpigarrena eta Hibaikak majo sufritu du.

Euskotren - VIII. Bandera Fabrika

1.    Arraun Lagunak    12:53.38        
2.    Tolosaldea     13:00.96
3.    Orio     13:04.22
4.    Donostiarra      13:23.74
5.    Cabo     13:35.06
6.    Hondarribia      13:43.90
7.    Tiran      14:23.82
8.    Hibaika      14:55.54

Euskotren - Sailkapen Nagusia

1.    Arraun Lagunak    24 puntu        
2.    Tolosaldea      20 p.
3.    Orio      19 p.
4.    Donostiarra      15 p.
5.    Hondarribia     10 p.      
6.    Cabo      9 p.     
7.    Hibaika      7 p.     
8.    Tiran      4 p.