INFO
Interview
Aitor Aritzeta
«Emo-oroitu» liburuaren egile nagusietako bat

«Emozioak landuz gure oroimen gaitasuna hobetu dezakegu»

Aitor Aritzeta Psikologian Doktorea da. Emozio eta gaitasun sozio-emozionalen irakaslea EHUko Psikologiako Graduan, eta Qualiker ikerketa talde kontsolidatuko kidea. Bertatik sortu da, talde lanean, ‘Emo-oroitu’ liburua, Ereinekin euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dutena.

Aitor Aritzeta, Beasainen liburua aurkezten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Emo-oroitu, adineko pertsonen gaitasun sozio-emozionalen sustapena narriadura kognitiboaren prebentziorako’ (Erein) EHUko Qualiker ikerketa taldetik sortutako liburua da, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan. Aitor Aritzeta da lehen egilea Goretti Soroarekin batera.

Liburuan jasotzen den Jose Saramagoren poema eder batekin hasi nahiko nuke, ‘Zenbat urte ditudan’. Hala hasten da: «Zenbat urte ditudan? -Berdin dio horrek!/ Nahi dudan eta sentitzen dudan adina dut!/ Pentsatzen dudana beldurrik gabe oihuka dezakedan adina./ Nahi dudana egin dezakedan adina, porrotari edo ezezaguna denari beldurrik izan gabe.../ Bizi izandako urteen esperientzia dut, eta nire nahien uste osoaren indarra».

Emo-Oroituren esku-hartzea taldeka egiten dugu, eta oso hunkigarria egiten zaie poema hori. Ozen irakurtzen dute, eta gero sentitzen dituzten emozioak partekatzen dituzte. Hor sortzen da talde sentimendu oso polita eta hunkigarria.

Nahiz eta zahartzaroan ez egon, iristen den poema bat da. Liburua ere baliagarria iruditzen zait edozein adinetarako.

Bertan lantzen diren gaitasunak unibertsalak dira eta gizaki ororentzat, txiki-txikienetatik hasita egokiak izan daitezke. Edonorentzat da ona emozioak erregulatzeko gaitasunak ikastea, edo komunikazio emozional egokia edukitzea, esaterako.

Emozioak eta oroimena estu lotuta daude.

Bizitzan zehar gertakizun emozional indartsuek oroimenean aztarna handiagoa uzten dute eta, horregatik, errazago oroitzen ditugu. Ikusi izan da zahartze prozesuetan emozioekin lotutako gertakizunak direla azkena ahazten direnak narriadura kognitiboan. Horregatik erabaki genuen ‘Emo-oroitu’ izenburua jartzea, ideia hori transmititzeko: emozioen bitartez oroitzea eta, horrekin batera, emozioak landuz gure oroimen gaitasuna hobetzea.

 

«Zenbat eta gaitasun sozio-emozional indartsuagoak eduki orduan eta gehiago txikitu dezakegunarriadura kognitiboarekin lotutako sintomen inpaktua»



Gure inguruan 65 urtetik gorako pertsonen proportzioa 2020an %19,6 izatetik 2050an ia bikoitza izatera igaroko da.

Beste datu bat ere bada: gure inguruan, dementzia duten pertsonen kopuruak nabarmen egingo du gora, 2050ean biztanleriaren %4ra iritsi arte. Horrek esaten digu gero eta zaharragoa den gizarte batean gero eta beharrezkoago direla horrelako ekimenak.

Liburuan adineko pertsonen gaitasun sozio-emozionalak sustatzeko esku-hartze programa bat aurkezten da. Aldi berean, narriadura kognitiboari eta alzheimerrari lotutako sintomatologiaren larritasuna prebenitu nahi da.

Guk egiten dugun proposamena da esku hartze programa baten bitartez, pertsonen gaitasun sozio-emozionalak lantzea eta indartzea, zeren eta badakigu zenbat eta gaitasun sozio-emozional indartsuagoak eduki orduan eta gehiago txikitu dezakegula narriadura kognitiboarekin lotutako sintomen inpaktua. Oraindik inplementatzen eta ebaluatzen ari garen programa bat da, baina literaturan ikerketa ugari egin da non erakusten den gaitasun sozio-emozionalak baldin badituzu, zure prozesamendu kognitiboa eta zure komunikatzeko gaitasuna hobea dela eta horrek laguntzen dizu alzheimerrarekin eta narriadura kognitiboarekin lotutako sintomak gutxitzen.

 

«Zahartzen zaren heinean gertakizun bital batzuk gertatzen dira: hurbileko batzuk hiltzen dira, gaixotasunak agertzen dira, zure gaitasun fisiko eta mentala gutxitzen doa, eta horrek guztiak inpaktu bat du zure bizi kalitatean. Horri aurre egiteko baliabideak eskuratu behar dituzu»



Sarreran diozuenez, gaixotasun horien prebentziozko esku-hartzeek ikuspegi multifaktoriala izan behar dute.

Proiektua 2018. urtean abiatu zen. Orduan CITA Alzheimer Fundazioak, Osakidetzarekin eta Beasaingo udaletxearekin elkarlanean,  Finlandiako Karolinska institutuaren ‘Finger’ proiektua euskal herritarrentzat egokitu zuen. Bertan, ikuspegi multifaktorial horretatik, lau aldagai lantzen zituzten: arrisku-faktore kardiobaskularren kontrol zorrotza; entrenamendu kognitiboa; entrenamendu eta jarduera fisikoa; eta elikadura ohiturak aldatzea. Jada frogatua zuten eragin positiboa zutela alzheimerra bezalako sintomatologia larriak atzeratzeko. Eta guk, EHUko Psikologia Fakultateko Qualiker ikerketa taldeak, erabaki genuen bosgarren faktore bat gehitzea, hain zuzen ere, gaitasun sozio-emozionalen entrenamendua. Honen inguruko esku-hartzea biltzen du liburu honek, diseinua, inplementazioa eta ebaluazioa. 16 saio proposatzen ditugu.

 

Aitor Aritzeta, liburuaren egile nagusietako bat, egitasmoa hasi zen herrian, Beasainen. (Andoni CANELLADA/FOKU)



Liburua hiru zatitan egituratua dago. Lehendabizikoan, oinarrizko kontzeptu batzuk aurkezten dira. Adibidez, zer da zahartze aktiboa?

Gero eta zaharragoa den gizarte batean ezinbestekoa da bai politika aldetik eta bai aktore sozialen aldetik horrelako ekimenak bultzatzea. Gizarte honen osasun maila bermatzeko funtsezkoa da kontuan hartzea zer den zahartze aktiboa. Zu zahartzen zaren heinean gertakizun bital batzuk gertatzen dira: hurbileko batzuk hiltzen dira, gaixotasunak agertzen dira, zure gaitasun fisiko eta mentala gutxitzen doa, eta horrek guztiak inpaktu bat du zure bizi kalitatean. Horri aurre egiteko baliabideak eskuratu behar dituzu. Alde batetik, baliabide sozialak, lagunak galtzen badituzu berriak egin behar dituzulako, familiakideak hiltzen badira beste harreman sozial batzuk ireki behar dituzulako, bestela bakardadera zoaz, eta jakin badakigu bakardadeak hil egiten duela. Bestetik, gaitasun fisikoak galtzen dituzun heinean ariketa fisikoa egin behar duzu. Afizioak ere aldatzen joan daitezke, betetzen zaituzten gauzak aurkitu behar dituzu. Finean, zahartze aktiboa lotuta dago bizitzako erronkei egokitzeko, aurre egiteko eta haietatik ikasteko baliabideak eskuratzeko prozesuarekin.

 

«Gaitasun sozioemozionalak oso baliabide eraginkorrak dira zahartze aktiborako eta populazio helduei gaitasunak emateko bizi kalitate hobea eduki dezaten. Azken batean osasun fisikoa eta mentala oso lotuta dago osasun emozionalarekin»



Zenbateko garrantzia du gaitasun sozio-emozionalaren sustapenak zahartzaroan?

Oso handia. Jakin badakigu, ebidentzia dago, hautatu ez den bakardadeak eragin psikologiko oso gogorra duela, depresio prozesuak aktiba ditzakeela eta depresioak narriadura kognitiboarekin lotuta dauden gaixotasun guztiak azkartzen dituela, sistema inmunologikoa asko jaisten delako. Gaitasun sozio-emozional inportante bat da bakardadeari aurre egiteko estrategiak barneratzea, adibidez, zuretzat bakardadeak zer esan nahi duen landuz, bakardade soziala eta emozionala zer den identifikatuz, eta horiei aurre egiteko estrategiak barneratuz.

Gaitasun sozioemozionala aterki handi bat da eta horren baitan sartzen da erregulazio emozionala ere. Tristura handia duzunean, pentsamenduek autoboikoteatzen zaituztenean, larritasuna sentitzen duzunean, gaindituta sentiarazten zaituzten emozio horiek erregulatzeko gaitasunak barneratzea oso inportatea da bizi kalitate ona edukitzeko, bestela emozio horrek bahitu eta isolatu zaitzake, eta tristuran sakontzera eraman.

Gaitasun sozioemozionalak oso baliabide eraginkorrak dira zahartze aktiborako eta populazio helduei gaitasunak emateko bizi kalitate hobea eduki dezaten. Azken batean osasun fisikoa eta mentala oso lotuta dago osasun emozionalarekin.

Liburuaren bigarren atalean, hirugarren adinekoei zuzenduta gaitasun sozio-emozionalak sustatzeko programen inguruan egindako berrikuspen sistematikoa azaltzen da.

Horrelako programa bat martxan jarri aurretik, komeni da jada zer argitaratu den jakitea, bereziki zerk funtzionatzen duen eta zerk ez jakiteko. Guk literatura zientifikoan argitaratutako artikuluak aztertu, eta topatu genituen guztietatik, ehunka izan ziren, 17rekin gelditu ginen. 17ak ziren esku hartze programak pertsona helduekin munduan zehar eginak. Hobekien funtzionatzen zutenak aukeratu, euskal populaziora egokitu, eta gure ekarpen propioa egin genuen. Horregatik, oinarri zientifiko ere badu gure programak, sostengatuta dagoelako jada argitaratuak dauden hainbat ikerketatan.

 

«Konturatzen gara emozioarekin lotutako adimenak zabaltzeko eta handitzeko gaitasuna mantentzen duela modu nabarmen batean. Horregatik, adibidez, enpatia bezalako gaitasunak ikus ditzakegu adinean aurrera doazen pertsonetan»



Hirugarren atalean, Emo-oroitu esku-hartze programaren diseinua azaltzen da. Beasainen aurkeztu duzue liburua aste honetan. Hain zuzen, bertan egin zen, 2018 eta 2020 artean, ‘Goiz zaindu’ ikerketa pilotua.

Programa hau lehen aldiz egin genuen Beasainen, bertako Udalak lagunduta, pandemia ostean, 2020 amaieran. Oso baldintza kaskarretan egin zen ze adinekoek lagunak galdu zituzten eta oso sentibera eta hauskor zeuden. Hainbat ekintza pilotatu genituen, Udalari eta beasaindarren parte-hartzeari esker. Hortik aurrera hainbat hobekuntza egin genituen liburura iritsi arte.

Programa sei gai multzotan egituratu duzue: Psikohezkuntza, kontzientzia emozionala, komunikazio emozionala, erregulazio emozionala, bakardadeari aurre egitea eta ongizate subjektiboaren sustapena.

Konturatu ginen pertsona heldu askok ez zekitela gehiegi emozioei eta gaitasun sozio-emozionalei buruz. Hortaz, lehen blokean sentsibilizazio edo kontzientzia hartze bat egiten dugu.

Ongizate subjektiboaren sustapenak bilatzen du behin gaitasun hauek ikasita, zure bizi zikloari begiratuta, egunerokotasunean nola aplikatu. Zure burua behatu, eta aztertzea proposatzen dugu ea ze puntutaraino sumatzen dituzun aldaketa horiek. Emozioak badira entrenatu beharreko zerbait, gaitasun hauek ez dira egun batetik bestera hartzen; egunero praktikatuz eta errepikatuz ohartuko zara nola hobetzen den zure bizi kalitatea.

 

«Badakigu gure eskura dugun denbora murritza dela, eta beraz lehentasunak jartzen ditugu. Oso gauza gutxik hartzen dute garrantzia asko eta horietan fokatzen zara. Bizitzan benetan garrantzitsua da jakitea zer den garrantzitsua»



Nolakoa izan da talde lana?

Oso aberatsa. Rolak oso ondo banatu genituen. Euskarazko bertsioan, Nahia Ros ikerketa honetan inplementatzen eta tesi doktorala egiten ari da. Beraz, ebaluazio prozesuan oso sartuta dago. Goretti Soroa, Fatima Maria Garcia-Pena eta ni pilotajearekin hasi ginen, eta gero programaren diseinuan eta liburuaren eraikuntza prozesuan buru-belarri aritu gara. Janire Erasun eta Amaiur Olarza errebisioarekin ibili dira, eta Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiaga ikerketa kudeatzaile eta gainbegiratzaile bezala aritu dira. Balluerka da ikerketa taldearen burua eta Gorostiaga eta biak dira Rosen tesi zuzendariak.

Liburua idatzi aurretik, saio bakoitzaren ostean lau edo bost taldekide elkartzen ginen eta rol playing bat egiten genuen zer hobetu edo egokitu ahal zen ikusteko, ikusita zer esperientzia izan zuten helduek saio horrekin. Talde lan oso interesgarria, anitza eta jariokorra izan dugu eta oso ondo ulertu dugu elkar.

Adinekoen %45,4k soilik antzematen dute beren osasuna ona edo oso ona dela.

Horrek esaten digu badagoela adin batetik aurrera behar subjektibo bat norberaren osasuna hobetzeko, okertzen doazen gaitasun fisikoek eta gertakizun bitalek eragina dutelako gure hautemate subjektiboan.

Estresa sor dezaketen eta aurre egiteko zailak diren egoerak gerta daitezke.

Besteak beste, gainbehera fisikoa, familia aldaketak (banatzeak, hurbilekoen heriotza), erretiroa (ez bakarrik baina bereziki gizonezkoengan, beren balio subjektiboan eta identitatean eragiten duelako eta bakardade sentimenduetara eraman ditzakeelako, harreman sozialak lanaren bidez egiten dituztelako) eta funtzio kognitiboen galera.

Dimentsio horiek elkartzean ohartzen zara zer beharrezkoa den zahartze aktibo eta osasuntsu baterako parte-hartzea eta formakuntza. Ez badituzu pertsona helduak horrelako programetan entrenatzen, beren eskema mentaletan gordetzen dira eta zahartze horretan gehiago sufritzen dute.

 

«Nahiz eta taldeka lantzeko diseinatua dagoen eta gu hala ari garen, edonork har dezake liburua, fitxak deskargatu eta ekintzak aurrera eraman bere gaitasun sozio-emozionalak hobetzeko» 



Lau babes faktore aipatzen dituzue: osasuna eta independentzia fisikoa, funtzio kognitiboak, afektibitatea eta kudeaketa emozionala, eta inplikazio soziala.

Lau faktore horiek egunerokotasunean landuz gero, probabilitate gutxiago izango dituzu osasun arazoak edukitzeko, ikuspegi bio-psiko-sozialetik ikusita. Gaztaroan eta helduaroan erreserba kognitiboa lantzen baduzu, zahartzaroan babes bat izango da narriadura kognitiboarekin lotutako gaixotasunen ondorio negatiboak ez garatzeko.

Adimen emozionala baliabide boteretsutzat har daiteke; izan ere, beste ahalmen batzuk ez bezala (kognitiboak edo fisikoak, erraterako) mantendu edo hobetu ere egiten da.

Burmuinaren neuroplastizitateaz asko ikasten ari gara, eta konturatzen gara emozioarekin lotutako adimenak zabaltzeko eta handitzeko gaitasuna mantentzen duela modu nabarmen batean. Horregatik, adibidez, enpatia bezalako gaitasunak ikus ditzakegu adinean aurrera doazen pertsonetan.

Adibidez, musikaren bitartez sortzen diren emozioek garunaren gune espezifiko batzuk aktibatzen dituzte, eta horregatik alzheimerra oso garatuta duten pertsonak gai dira abesti bat goitik behera gogoratzeko eta abesti horrekin gertatutakoak detailez oroitzeko, nahiz ez diren gai beren seme-alabak identifikatzeko. Badago oroimen mota bat emozionala dena.

 

«2022an hasi ginen programa ekintzak inplementatzen, eta jada 500 pertsona inguru trebatu ditugu. Diruz lagundutako proiektua da, Lakuako Gobernuak eta beste erakunde batzuek. Eta aurrera goaz. Gure asmoa da 2025 bitartean 1.000 pertsona trebatzea»



Bizitzaren amaieraren kontzientziaren aurrean, adineko pertsonek aldaketak egiten dituzte alderdi sozialean; ondorioz, pertsona esanguratsuekin harremanak izateko lehentasuna sortzen da.

Gazteago garenean iruditzen zaigu denbora amaigabea dela, ahalguztidunak garela, baina adinarekin, lehen aipatutako gertakizunez gain, denboraren kontzientzia aldatzen da, badakigu gure eskura dugun denbora murritza dela, eta beraz lehentasunak jartzen ditugu. Zure balio hierarkia aldatzen da, oso gauza gutxik hartzen dute garrantzia asko eta horietan fokatzen zara. Bizitzan benetan garrantzitsua da jakitea zer den garrantzitsua.

Fitxak eta saioak jarri dituzue liburuaren osagarri. Erein argitaletxearen webgunean daude eskuragarri, doan.

Ereinek lan fina egin du liburuarekin, eta eskuragarri jarri dute liburuko bloke bakoitzaren material guztia. Nahiz eta taldeka lantzeko diseinatua dagoen eta gu hala ari garen, edonork har dezake liburua, fitxak deskargatu eta ekintzak aurrera eraman bere gaitasun sozio-emozionalak hobetzeko.

 

«Partaide batek esan digu ikerketa honek bere bizitza aldatu duela. Horrek guretzat izugarrizko garrantzia du, hunkitu gaitu. Beste partaide batzuek esan digute beren buruaren eta ongizatearen jabe egiten lagundu diela. Horrekin oso pozik eta gustura sentitzen gara»



Proiektuarekin aurrera jarraitzen duzue.

2022an hasi ginen programa ekintzak inplementatzen, eta jada 500 pertsona inguru trebatu ditugu. Diruz lagundutako proiektua da, Lakuako Gobernuak eta beste erakunde batzuek. Eta aurrera goaz. Gure asmoa da 2025 bitartean 1.000 pertsona trebatzea.

Zer diote parte hartzaileek?

Talde batzuek saio guztiak egin dituzte eta ebaluazioa egin dute. Oso ederra izan da partaide batek esan duelako ikerketa honek bere bizitza aldatu duela. Horrek guretzat izugarrizko garrantzia du, hunkitu gaitu. Beste partaide batzuek esan digute beraientzat esperientzia hau oso eraikitzailea izan dela, pertsonekin harremandu direla beste era batera, emozioen garrantziaren kontzientzia hartu dutela eta bereziki beren buruaren eta ongizatearen jabe egiten lagundu diela. Horrekin oso pozik eta gustura sentitzen gara.

[Saramagoren poemaren amaierak hala dio: «Zenbat urte ditudan? Nori axola dio horrek?/ Beldurra galtzeko eta nahi dudana eta sentitzen dudana egiteko beharrezkoak diren urteak ditut./ Zer axola dio zenbat urte dudan?/ Edo zenbat espero ditudan,/ baldin eta nire urteekin ikasi badut behar dudana nahi izaten eta soilik ona dena hartzen»].