Nafarroan da EuskarAbentura, Ipar Euskal Herrian barna ibili ondoren
Ipar Euskal Herrian esperientziez beteriko kilometroak egin ondoren, Nafarroan murgilduko da EuskarAbentura datozen orduetan. Iruñera helduko da espedizioa, sanferminei «bisita azkarra» egiteko.
Atharratzetik abiatu zen EuskarAbenturaren 2024ko espedizioa pasa den astelehenean, eta Ipar Euskal Herriko hainbat txokotatik pasatu ondoren, Nafarroan murgilduko da hurrengo egunetan.
Azaldu dutenez, «kilometrotako elkarrizketak, talde dinamikak eta jolasak» egiteko parada eman dute Zuberoan eta Nafarroa Beherean egindako 75 kilometroek, baina lagun berriak egiteko aukera paregabea izan da.
«Pixkanaka espedizioaren egunerokotasuna barneratzen goaz, ikasten, eta hala, modu kolektiboagoan lan egiten», adierazi dute. Trantze horietan ibili dira Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Orreaga eta Auritz herrietatik egindako ibilbidean, hamaika proiektu interesgarri ezagutuz, zehaztutakoaren arabera.
Atzean izandako esperientziaz, Altxa Lilikoekin egindako barreak eta une liluragarriak edota Gaia Elkarteko kideekin herri kiroletan botatako izerdia aipatu dituzte, baina ez dira ibilaldiak izandako irakaspenez beteriko geldiune bakarrak: «Pagolako maskaradarekin gogoz dantzatu genuen, Aretarekin landa eremuko proiektuak abiatzeko ausardiaz aritu ginen eta Gartxot ekimeneko kideekin transmisioaren garrantziaz».
Nafarroan sartu da orain taldea, eta Zubiri eta Iruñea dira plangintzan dauden lehen helmugak. Aurreratu dutenez, «bisita azkarra» izango da San Ferminei egingo dietena, eta Araba sartuko da jarraian.