INFO

Iruñeko Mugimendu Feministak intentsitate altuko hiru eraso salatu eta denon ardura helarazi du

Sanferminak hasi zirenetik intentsitate altuko hiru sexu eraso salatu dira eta intentsitate baxuko beste sei, Iruñeko Mugimendu Feministak jakitera eman duenez. Denon ardura nabarmendu dute, hedabideen lana ere aipatuta: «Onartezina da batzuek eragiten duzuen birbiktimizazioa».

Mugimendu Feministak agerraldia egin du astearte honetan Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñeko Mugimendu Feministak jakinarazi duenez, uztailaren 6an sanferminak hasi zirenetik intentsitate altuko hiru sexu eraso izan dira nafar hiriburuan. Orain arte ezagutu dituzten eraso guzti horiek jaietako lehen egunean eman ziren. Era berean, intentsitate baxuko beste sei eraso ere salatu direla baieztatu dute.

Alde Zaharreko O plazan egin du agerraldia gaur eguerdian. Bertan, gogora ekarri dute uztailaren 7an Gaztelu plazan jendetza bildu zela ordura arte ezagutzen zen intentsitate altuko eraso bakarra salatzeko. Geroztik, beste bi salaketa ere izan direla jakin dute. «Berriz ere gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu erasotuak izan diren emakumeei».

Jaietako hiru egun baino ez dira pasa eta hausnarketa argia da: «Nahikoa da! Onartezina da gizon batzuen emakumeenganako jarrera: ukituak, baboseoa, jazarpenak, txapa amaigabeak, bortxaketak, irainak... Matxiruloetaz nazkaturik gaude», adierazi dute.

Emakumeek jai esparruetan ere «ez dutela peajerik ordaindu behar» gehitu dute. Izan ere, emakumeen espazioak ere badira. «Hauek gure sanferminak dira, gure jaiak, eta ez gara inora joango. Edo hobe esanda, nahi dugun lekura joango gara eta askatasunez biziko ditugu gure jaiak». Horregatik, «soberan dauden bakarrak» erasotzaileak direla azpimarratu dute. «Gure hirian ez dugu erasotzailerik onartzen, eta kanporatuko ditugu, aurrean izango gaituzue», gehitu dute orain arte eman diren erantzunak txalotuz.

Komunikabideen ardura

Era berean, agerraldia prentsa aurrean egiten zela baliatuz, eta hedabide ugari gerturatu dela aprobetxatuz, eraso matxisten aurkako borroka guztion ardura dela nabarmendu dute, medio batzuek gai honen inguruan egiten duten lana kritikatuz. «Onartezina da batzuek eragiten duzuen birbiktimizazioa, erasoen detaile morbosoak kontatuz, askotan gezur hutsak direnak».

«Eraso bat eraso bat da eta jendarteak ez du zertan jakin behar emakumearen inguruko daturik ezta gertaeraren inguruko detaile nazkagarririk», helarazi dute. Izan ere, kontakizun hori «soilik erasoa jasan duen emakumeari» dagokiola azpimarratu dute. «Bera da noiz, nola eta non kontatu nahi duen erabakitzen duena, baldin eta kontatzea erabakitzen duen».