INFO

Donostiako Topoaren zulaketen hiru laurdenak amaituta, 2026ko udaberrirako espero dute irekiera

Topoko zulaketek hiru laurdena amaituta dagoela adierazi dute ostegun goiz honetan Garcia Lakuako Mugikortasun sailburu berriak eta Goia Donostiako alkateak. Orotara 167 milioi euro gastatu dituztela orain arteko lanetan gaineratu dute, eta 2026ko lehen hiruhilabetekoan espero dute lehen bidaia.

Erdialdea-Kontxa geltokiaren hondeaketa lanak amaitzen ari dira. (Andoni Canellada | FOKU)

Lur azpian 40 metro jaitsi, Kontxako hondartza lur azpitik zeharkatu eta Hotel Londresen azpikalde inguruan eman dute ostegun goiz honetan Donostiako Topoaren lanen berri; uretako oinetakoak, txaleko islatzaileak eta kaskoa beharrezkoak dira oraindik, ura erortzen baita pareten inguruan. Susana Garcia Lakuako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak eman dituzte xehetasunak, zulaketa lanen hiru laurdena amaituta dagoela esan dute, eta irailerako zulaketa lan guztiak amaituta izatea aurreikusten dute.

Momentuz, 167 milioi euroko kostua izan dutela obrek azaldu du sailburuak, eta ez da ausartu eraikuntza lanen amaierarako aurreikusten duten aurrekontua zehazter;, «zifrak aldatu daitezke» azaldu du. Gutxiago geratzen dela ospatu du Garciak eta gehitu, «ziur nago sistema hau martxan jartzen dugunean orain arteko eragozpenak asko konpentsatuko dituela».

«Gaur esan dezakegu jada zulatu ditugula etorkizuneko geltokiaren hiru laurdenak», zehaztu du Garciak. Mirakontxa-Easo tarteko Erdialdea-Kontxa geltokia egiteko lanak Euskal Tranbide Sareak irailaren lehen hamabostaldian amaituko ditu, eta ondoren, iragazte lanei eta hormigoizko estaldura egiteari ekingo diote. Eta lan horiek amaitutakoan, abiatuko dituzte terminal-egituraketak egiteko lanak. Bentaberriko geltokia jada amaituta dagoela gogorazi du sailburuak eta Easoko geltokiaren obra zibila hilabete honetan amaituko dela.

Sailburuak adierazi duenez «urte batzuk barru inork ez du hiri hau Toporik gabe imajinatuko», eta gaineratu du garraia publiko horrek lur gainean 21.000 metro karratu libre utziko dituela, «Amara auzoari eta Donostiari etxebizitza, zuzkidura- espazio eta aisialdirako espazio gehiago emateko, eta horrek bertako bizi-kalitatea hobetuko du».

Hiritarren «pazientzia»

Era berean herritarrek izandako «pazientzia» txalotu du, izan ere, onartu du eraikuntza lan handiak izaten ari direla, eta hiritarrei eragiten diela horrek. Goia alkateak ere, alderdi hori azpimarratu du, horrelako eraikuntzak «molestatu gabe» egitea ezinezkoa dela esanez, baina jada «tunelaren amaieran argia» ikusten dela azpimarratu du.

Urte batzuk pasatzerakoan Donostia Topoaren zerbitzurik gabe «imajinaezina» izango dela aurreikusi du eta aurka agertu direnei ere bidali die mezua: «Martxan jartzean ikusiko dugu proiektu honen aurka zeudenak desagertuko direla, inor ez dela gogoratuko proiektuaren aurka zeudenekin; baina guk, proiektua aurreratzen lagundu ez diotenei ez diegu ziurtagiri bat eskatuko, utziko diegu bidaiatzen».

Alkatearen ustez eraikitzen ari diren azpiegiturak «eraldatzeko gaitasuna» izango du: «Aukera irekitzen zaigu hiri atseginagoa, iraunkorragoa, osasuntsuagoa eta izaera metropolitanoa duena duena eskaintzeko». Donostiari ez ezik, Gipuzkoa osoak aterako diola «etekina» Topoari gaineratu dute.