INFO

Emakunderen azterlana: Erresistentzia antifeministak «globalak» eta «orokortuak» dira

Emakundek ‘Erresistentzia antifeministak’ azterlana aurkeztu du ostegun honetan, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa lanei ematen dien bekaren bitartez lagundutako lana. Bada, ikerlanaren arabera, erresistentzia antifeministak «globalak» dira eta «orokortuta» daude.

‘Erresistentzia antifeministak’ azterlana gaur goizean aukeztu da. (IREKIA.EUS)

Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Miren Gutierrezek koordinatu du lana, eta Garazi Azanza, Miren Berasategi, Xabier Landabidea, Asier Leoz, Irene Perez-Tirado, Maria Pilar Rodriguez, Lorena Ronda eta Cristina Ubani ikertzaileek parte hartu dute bere sorkuntzan.

Ikerketak zenbait eduki digital aztertu ditu berdintasunaren arloko aurrerapen feministen aurkako erreakzioak azaltzeko, ulertzeko eta arintzeko modua aurkitzeko. Horrela, lanak gai horren garrantzia nabarmendu du, «frogatuta baitago lotura dagoela diskurtso matxista, misogino eta atzerakoien eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak joera «orokor eta kezkagarri» hori nabarmendu du aurkezpenean, eta esan du berdintasunean emandako aurrerapausoei «erantzuna» direla. «Erresistentzia antifeministak behin eta berriz agertzen dira berdintasuneranzko aurrerabidearen zantzuak sortzen direnean, genero ikuspegiak politiketan eta praktika sozialean txertatzea oztopatzeko helburuarekin», azaldu du.

Emakundeko zuzendariaren hitzetan, «nahiz eta etorkizun berdinzaleago baterantz aurrera egin, eraldaketa digitalaren egungo joerek ez dute laguntzen genero berdintasuna, emakumeen eskubideak eta haien ahalduntzea lortzen. Eragin handiko korronte bat dago, batez ere gizon gazteei eragiten diena, maskulinitate hegemonikoa nabarmentzen duena, gizonak biktimizatzen dituena, berdintasunaren eta feminismoaren diskurtsoen aurrean jarrera defentsiboan jartzen dituena».

Ikerketak dio estrategia antifeministak «globalak» direla eta «eremu guztietan» gertatzen direla. Argitalpenean zehar, ikerketa taldeak eduki digitalak, hedabideenak, plataformenak eta sare sozialenak aztertu ditu, berdintasunerako aurrerapenen aurkako erreakzioak oraindik ere badirela ondorioztatzeko.

Hala, diskurtsoetan antzematen dira aurrez aurreko erasoak, biktimak errudun bihurtzen dituztenak eta berdintasun ezaren existentzia ukatzeko ahalegina. Berdintasuna defendatzen duten erakundeen, politiken, ideien eta pertsonen aurkako jarrera dute ezaugarri nagusi.

Ondorioak

Ikerlanaren ondorien artean, erresistentzia antifeministak aztertutako eduki eta arlo guztietan agertzen dira eta, besteak beste, antzeman dira «feminismoaren aurkako erasoak, gehiegizkoa, biktimista, erradikala, atzeratua eta baztertzailea dela esanez»; hizkuntza inklusiboaren kritika eta hori «barregarri» uztea; M-8ko mugimenduaren gaitzespena eta gizonen aurkako mobilizazioa dela esatea; edota #MeToo mugimenduko ordezkarien gaitzespena.

Era berean, berdintasunezko komunitatearen pertzepzioa izan arren, ikerketak nabarmendu du «Euskadi ez dagoela erresistentzia antifeministetatik salbu». Halaber, arlo ezberdinetako emakumeei podcast batean egindako elkarrizketak aztertuta, denetan aipatu izan dira mota guztietako erresistentziak.

Azkenik, berdintasunaren aldeko borrokan aurrerapauso asko identifikatu diren arren, erresistentzia antifeministek «erronka esanguratsua» izaten jarraitzen dute, «bereziki plataforma digitaletako testuinguruan politikariek, ekintzaileek eta kazetariek jasaten dituzten eraso pertsonalak kontuan izanda».