Hiru asteko greba Arabako foru Suhiltzaileen zerbitzuan, uztailaren 15etik abuztuaren 4ra
ELAk eta LABek hiru asteko greba deitu dute Arabako foru Suhiltzaileen zerbitzuan, uztailaren 15etik abuztuaren 4ra. «Aldundia ez bada negoziatzera esertzen langileen egiturazko arazoak konpontzeko» grebak uda osoa hartuko duela ohartarazi dute.
ELAk eta LABek hiru asteko greba deitu dute Arabako Foru Suhiltzaileen zerbitzuan. Uztailaren 15etik abuztuaren 4ra iraungo du, eta «Aldundia ez bada negoziatzera esertzen langileen egiturazko arazoak konpontzeko» grebak uda osoa hartuko duela ohartarazi dute. Plantilla handitzea, hitzarmen berri bat lortzea eta «inposaketak» bertan behera uztea eskatzen dute.
ELAk ohar batean azaldu duenez, Arabako foru Suhiltzaileen zerbitzua da EAEn «ondo definitutako lan baldintzak ez dituen bakarra, duela zortzi urtetik ez baitu hitzarmenik. Horrek aukera ematen dio egungo zuzendaritza-gerentziari, Jone Berriozabal diputatuaren onespenarekin, gizartearen adostasunei men ez egiteko eta plantillaren aldarrikapenei entzungor egiteko».
«Gainera, langileek salatu dute urteak daramatzatela suhiltzailebururik gabe, eta urte hauetan guztietan, erabaki estrategikoak eta egunerokoak Alberto Amenabar zuzendari-gerenteak hartzen dituela aldebakarrez», gaineratu du, aurreko astean kargugabetze eskaera bat erregistratu zutela gogoratuz, «kudeaketa txarragatik eta nortasun gatazkatsuagatik».
Dioenez, plantillak inposaketak salatu ditu, «hala nola bat-batean, uda garaian, zerbitzu agindu bat ezartzea, nahitaezko prestutasuna ezarriko duena, inolako negoziaziorik ezta aparteko ordainik gabe».
«‘Zerbitzuaren beharrak’ aitzakitzat hartuta, ezohiko egoeretarako ezarritako legezko neurriak erabiltzen ari dira zerbitzuaren behar arruntak eta egiturazkoak asetzeko, praktika ohikoa zerbitzuaren sorreratik. Langileek urteak daramatzate plantillaren handitzea eskatzen, eta uste dute egungoa ez dela nahikoa euren segurtasuna eta Arabako herritarrena bermatzeko», azpimarratu du.
ELAk eta LABek erakundeei eskatu diete «euren erantzukizuna beren gain har dezatela eta kalitatezko zerbitzua interes partikularren gainetik jartzeko hitza bete dezatela». Eta langileen aldarrikapenak kontuan hartzen ez diren bitartean, grebek eta mobilizazioek jarraituko dutela ohartarazi dute.
Aldundiak «ez du ulertzen»
Aldundiak adierazi du grebarako eskubidea errespetatzen duela, baina «ez du ulertzen» lanuztearen oinarria, datozen asteetan baso-suteak izateko arriskua handituko dela gogoratuz..
Foru erakundeak %100eko gutxieneko zerbitzuak proposatu bazituen ere, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak %75ean ezarri ditu.