INFO

Blockbusterrak


Uda Blockbusterren garaia izan ohi da.‘Hori Blockbuster bat besterik ez da!’, ‘Gorroto ditut Blockbusterrak’, errepikatzen dute askok. Ba al dakigu, ordea, zer diren zehazki eta nondik datozen? Laburki azalduz, diru kopuru handiak mugitzen dituzten eta, normalean, errentagarriak izaten diren entretenimendurako produktuak dira. Kontzeptu hau hobeto ulertzeko jatorrira bidaiatuko dut: historiako lehen blockbusterra Steven Spielberg-en ‘Jaws’ (‘Tiburón’, 1975) izan zen.

Hasiera batean, era honetako filmak Estatu Batuetako Memorial Day (maiatzeko azken astelehena) eta Labor Day (irailean) izeneko egunen artean estreinatzen zituzten. Denbora-tarte hori anbizio eskaseko filmei bideratua zegoen, merkeak eta gazteei zuzendurikoak bereziki. 1975eko ekainaren 20an, ordea, ‘Jaws’ filmaren estreinaldiak guztia aldatu zuen, AEBtako areto guztietan aldi berean estreinatu baitzen.  Ordura arte, normalean, hiri garrantzitsuenetan soilik estreinatzen ziren eta ondoren, pixkanaka, zabaltzen joaten ziren hiri txiki eta herrixka guztietara iritsi arte. Izenburu hau 400 areto baino gehiagotan eman zuten eta lehen asteburuan hamahiru milioiko zifra ikusgarria gainditzea lortu zuen.

Ikusleak modu masiboan joatearen arrazoia, honakoa: telebistako iragarkiak. Tira, telebista, eta aurretik sekula egin ez zen inbertsio ekonomiko bortitz baten eragina. Universal enpresak ia 2 miloi dolar gastatu zituen telebistarako spot eta iragarkiak sortzeko.