Gure Artea 2024 sariak, Idoia Monton, Josu Bilbao Ugalde eta Tractora kooperatiba
Gure Artea sariak jasoko dituztenen izenak jakinarazi dituzte ostiral honetan Gasteizko Artium Museoan. Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak eman du sarituen berri, eta Peio Agirre artistak azaldu du epaimahaiaren erabakiaren nondik norakoa. Sarituak ere bertan izan dira.
Aurtengo Gure Artea sariak jasoko dituztenen izenak jakinarazi dituzte ostiral honetan Gasteizko Artium Museoan. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eman du «arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak» irabazi dituztenen berri, eta Peio Agirre artistak azaldu du epaimahaiaren erabakiaren nondik norakoa. Sarituak ere bertan izan dira, batez ere beren esker ona erakusteko. Sariak udazkenean banatuko dira, Barakaldon.
Ibilbide artistikoa aintzatesteko saria Idoia Monton donostiarrak irabazi du; Sormen-jarduearena, Josu Bilbao Ugalde bermeotarrak, eta Arte plastiko eta bisualen arloan eragileek egindako jardura aintzatesten duen saria, Tractora Koop.E-k. Kooperatiba horretako buru Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta izan dira ekitaldian.
Sarituak zoriondu ostean, horien lanak ekarpen handia direla esan du Kultura sailburuak, eta artisten kolektiboaren beharra azpimarratu du: «Herri baten emozio, bizipen edo balioei kulturak ematen die forma. Gaur, zuen lanek forma ematen diote gaurko eta etorkizuneko Euskadiri», eta artista guztien beharra aldarrikatu du, sarituak izan zein ez. Halaber, emakume artistentzako aipu berezia egin du, «maiz kolektibo ikusezina» baitira, eta ekitaldian zeuden lauetatik hiru emakumeak direla nabarmendu du. «Nork daki zuek baino hobeto zein zaila den artista izatea, are gehiago artista eta emakumea?».
Idoia Monton
Peio Agirre epaimahaiburuak esan duenez, Idoia Montonek jasoko du ilbilbide artistikoa aitotzeko saria, ohiko kanonetatik eta joera hegemonikoetatik kanpo kokatuta, 30 urte baino gehiagoko ibilbidean erakutsi duen «jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreiritzirik gabeagatik».
Idoia Monton, 1969an jaiotako donostiarra, oso gazterik hasi zen Gipuzkoako Artisten Elkartean eta EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuen. 15 urtez Bilbon bizi izan zen eta ondoren Bartzelonara joan zen. Bertan bizi da, eta lan egiten du, gaur egun. Eskulturarekin hasi zen eta, Agirreren arabera, «diziplina horrekin izan zuen arrakasta gorabehera, pinturara itzuli zen collage-aren bidez», hori da haren «funtsezko» lana.
Bere azken proiektuetan gaur egungo krisi garaiari erreparatu dio ikuspegi kritiko batetik. Epaimahaiak dioenez, Montonen lanaren ezaugarri nagusiak dira «moldakortasuna eta hainbat eremutan mugitzea, genero, hizkuntza eta teknikei dagokienez». Haren lanak Bilboko Arte Ederren Museoaren, Artium Museoaren eta San Telmo Museoaren bildumetan daude.
Montonek saria eskertu du artista baten laneko «denbora luze bat aintzatesteagatik», eta beretzat «geroko denbora» dela esan du, «behar dudana, hain zuzen».
Josu Bilbao Ugalde
Sormen-jarduera aintzatesteko sariaren irabazle Josu Bilbao «artisten belaunaldi berri bateko kide da, eta artista horien lanek interes bat partekatzen dute, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa», epaimahaiaren arabera. «Interbentzio eskultorikoak egiteko erabiltzen dituen materialak eta espazioak behatzetik eta haiekiko elkarrizketatik abiatuta taxutzen da» bere lan artistikoa, etengabeko ikerketa-prozesutzat jotzen duena. Bere lan guztietan agertu izan da «austeritate» kontzeptua.
Bilbon Arte Ederretan lizentziatu zen, eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologiako masterra egin zuen. Hara zer dioen epaimahaiak: «Prestakuntza bikoitza da, eta bi jatorritako materialekiko interesa erakusten du: eskultura eta ahozko tradizioa», eta Bilbaoren «jarrera berezia» azpimarratu du, «praktikaren beraren potentzialtasunetik abiatuta jarduteko modu bat aldarrikatzen baitu, hau da, artistena, erakusketa-espazioen erabiltzaile gisa». Halaber, epaimahaiak aitortu dio «euskal testuinguru artistikoari egindako ekarpenak, artistei beren erakusketa-prozesuetako egoeretan laguntzeko».
Josu Bilbaoren lana Bilduma Partekatuan dago Artiumen, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Tabakaleran.
«Hainbat lagunegaz beharrean jo-ta fuego gabiltzala» harrapatu du sariak Bilbao. Arteak posibilitateren bat dakarrela uste du, baina hori ez dela berezko zerbait, eskuragarri, baizik eta baldintza batzuk behar dituela, arreta, entzun, zaindu eta eustea. Horretan dabiltzan guztiei eskerrak eman dizkie.
Tractora Kooperatiba
Arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko saria Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta artistek osatzen duten Tractora Koop. E.k jasoko du. Kooperatiba 2018an hasi zen lanean, «azpiegitura izateko bokazioarekin», Agirrek esan duenez, eta izena kamioilarien kooperatibetatik hartu zuten, haiei egindako omenaldi gisa. Artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa abiatu zen, baita hainbat diziplinatako proiektuak bultzatzeko ere.
Epaimahaiaren erabakiaren arrazoiak ugari dira: «Euskal komunitatearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoa, bere jardueren kalitatea eta berezitasuna, bere proiektuak beste sektore kultural batzuekin lankidetzan garatzea, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzea eta balioestea, eta horien garapenean eta sustapenean duen garrantzi artistiko-kulturala, abian jarri dituzten hiru programen bidez».
Lehen programa, Kinu, ikus-entzunezko praktika artistikoari lotua da; Barrunbe, bigarrena, lankidetza-proiektuak sustatzeko egoitzen programa da, eta Foku erakusketa-programa testuinguruko artista garrantzitsuen ibilbidean arreta jartzea eta horretarako sarbide informatua erraztea du helburu.
Usue Arrietak esan du Tractora beren elkarlanean lan egiteko moduari forma bat emateko sortu zutela, eta uste du beren beharrei eta gogoei forma eman dietela, erronka hori aurrera atera dutela kooperatiba horren bidez, askatasuna eta autonomia garatuz.
Ainara Elgoibarrek esan duenez, atzera begira argi ikusten dute Tractora esperimentazio gune bat dela, artea zer den eta zer ez galderari ekintzaren bidez erantzuteko. Bidean, konturatu dira mugak badaudela, «baina sormenaren bidez horietako asko gainditu ditugula eta horrek gure bizitza etengabe eraldatzeko ahalmena duela» uste du. Bizitzaren plastizitate horrek, «artista izanda, ikaragarri erakartzen gaitu», jarraitu du Elgoibarrek, «agian hori dela-eta plazer bat da honetan jarraitzea, zeren, bestela, nahiko gogorra da».