INFO

Langile publikoen soldata «inposatzen» duen dekretua ez onartzeko eskatu diete alderdiei

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek alderdi politikoei eskatu diete ez dezatela onartu espainiar Gobernuaren langile publikoen soldata inposatzen duen dekretua eta lan baldintzak Euskal Herrian erabaki ahal izatea ahalbideratu dezatela.

Sindikatuen agerraldia, ostiral honetan ELA sindikatuaren egoitzan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuak espainiar Estatuko Gobernuaren langile publikoen soldata «inposatzen» duen dekretua eta lan baldintzak Euskal Herrian erabaki ahal izateko eskaera luzatzeko hartu-emanetan jarri dira dekretua bozkatu behar duten alderdiekin.

Espainiar Estatuko Gobernuak, PSOE eta Sumar alderdiek osatua, ekaineko Gobernu Kontseiluan onartu zuen langile publikoen soldata %2 handitzeko dekretua, eta oinarrizko araudi moduan neurri hau izendatzea, Euskal Herrian «beste erabakirik hartzea ukatuz». Orain, hilabeteko epean, dekretu hori bozkatu behar da, onartzeko edo indargabetzeko.

Horren aurrean, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek eskatu diete espainiar Kongresurako hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdiei ez dezatela dekretua onartu, «ez duelako bermatzen langile publikoen soldata Euskal Herrian erabakitzea, eta daukaten ordezkaritza erabiltzea langile publikoen lan baldintzak Euskal Herrian erabakiak izan daitezen, horretarako beharrezkoak diren erabakiak hartuz». Aurretik ere zuzenketa bat proposatu zitzaien alderdiei hori bermatzeko.

«Gogora dezagun Estatuko Gobernuak dekretua onartu zuen egun berean sindikatuek elkarretaratzea egin zutela Gasteizen, salatzeko langile publikoek hirugarren urtez jarraian galduko zutela erosahalmena, eta uko egiten zitzaiolako euren lan baldintzak eta soldatak hemen negoziatzeari. Hori horrela, alderdiekin hartu-emanetan jarri dira eta aldebiko bilerak izatera gonbidatu dituzte, langile publikoen soldata hemen erabakitzeko aukerak aurrez aurre azaltzeko», jakinarazi dute sindikatuek.

Sindikatuen hitzetan, joan den ikasturtean zehar milaka langile publiko eta hiritar kalera atera dira politika publikoen aldaketa eskatzera, zerbitzu publikoak indartu behar direla aldarrikatzera, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatu behar dela adierazteko eta langile publikoen lana eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabaki behar direla eskatzeko. Hortaz, uste dute «alderdiek dekretua dagoen bezala onartuz gero, sektore publikoko langileen eta euskal herritarren eskaerari bizkar» emango diotela.