INFO

Arraun Lagunak, bostetik bost eta erlojupekoan ere nagusi dela ziurtatu du

Talde donostiarrak, liderrak, denboraldiko bosgarren bandera irabazi du. Denak, alegia. Gaurkoan erlojupekoan ere nagusi dela erakutsi du. Donostiarra bigarren izan da eta Hondarribia, lehen txandan, hirugarren. Igandean ohorezko txandan arituko dira berdeak.

Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia, zutik eta eskumuturra gora, Bilboko garaipena ospatzen. (Oskar MATXIN | FOKU)

Oraindik norbaitek dudak baldin baditu, esan daiteke Bilbon denak uxatu dituela Arraun Lagunakek. Denboraldiko bosgarren bandera irabazi du larunbat honetan. Hau da, sasoi hasierako guztiak: Coruña, Bueu, Donostia, Zierbena eta Bilbo.

Itsasoan, ibaian, estropada normalean... eta orain erlojupekoan ere indartsuenak direla baieztatu dute donostiarrek. Ohorezko txandan aritu dira, azkenak –liderrak direlako–, baina esaten den bezala, «azkenak lehenengoak izango dira».

Erakustaldia eskainita lortu dute garaipena arraunlariek Andrea Astudillo patroiaren gidaritzapean. Pentsa, bigarren izan den Donostiarrari 13.46ko abantaila atera diote. Aipatzekoa da ere hirugarren lehen txandan aritu den Hondarribia izan dela. "Ama Guadalupekoa" ontziak oso estripada ona egin du. Bigarren luzean gehienbat bikain aritu da eta besteek ez bezala, ibai erditik aritu dira itzulekoan.

Berdeek Arraun Lagunakek baino 14.44 segundo gehiago behar izan dituzte hirugarren amaitzeko eta, beraz, igande honetan, Sestaoko uretan, ohorezko txandan arituko dira.

Oriori kendu diite hirugarren postu hori, oso gutxigatik, mirotzek 14.64 segundo gehiago behar izan baitituzte laugarren izateko.

VI. Bilboko Bandera:

1. Arraun Lagunak 10:28.32
2. Donostiarra 10:41.78
3. Hondarribia 10:42.76
4. Orio 10:42.96
5. Tolosaldea 10:48.74
6. Hibaika 10:58.80
7. Cabo 11:05.38
8. Tiran 11:26.56

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 40 puntu
2. Tolosaldea 31 p.
3. Orio 30 p.
4. Donostiarra 27 p.
5. Hondarribia 20 p.
6. Hibaika 13 p.
7. Cabo 13 p.
8. Tiran 6 p.