Zabaletak ezin izan du binakako partida amaitu eta Baikok eraman du desafioa
Etxarrengo atzelariak eskuin bikian zaintiratu bat izan du Ezkurdiarekin Laso-Albisuri 16-12 irabazten ari zela, eta herrenka utzi du kantxa.
Partida pilaketa hasi da pilotariei faktura pasatzen, eta Jose Javier Zabaletak ezin izan du Olioaren Desafioaren binakako partida amaitu, eskuin zangoko bikian min hartuta. Ezkurdia lagun, Aspekoak 16-12 ari ziren Laso-Albisuri irabazten, baina etxarrendarrak ezin izan du jokatzen jarraitu eta, hortaz, puntua Baikorentzat izan da. Aurretik, lehen partidan, kaiolakoan, Erik Jakak Salaberriari 18-14 irabazia dionez, jokoan ziren 1200 olio botilak Bilboko enpresarentzat izan dira. Dena erabakita zela, Bakaikoak Baikoren garaipena borobildu du, Egigureni kantxa osoan 18-14 gailenduta.
Baina sanferminak bezala, feriak aurrera darrai. Edozein herritako festetan, are gehiago Iruñean, zaila da zehazten bakoitzaren «momentikoa» noiz pasatzen den tradizio bat izatera. Jokin Altunak eta Jon Mariezkurrenak izango dituzte bereak, baina «Gaixoa ni» Labriten kantatzearena ohitura bilakatzeko bidean da, hirugarren urtez jarraian, uztailaren 14ko finala elkarren aurka jokatuz amaituko baitute Iruñeko feria amezketarrak eta Berriozarko atzelariak.
Aurtengoak, bide batez, elkarren arteko oreka hausteko balioko du, iaz amezketarra izan baitzen garaile, Rezustarekin, Larrazabal-Mariezkurrenari 22-11 irabazita. 2021ean, aldiz, garaipena Artola eta nafarrarentzat izan zen, amezketarrari eta Bergarakoari 22-16 gailenduta.
Oraingo honetan Julen Martija izango du lagun aurrelari gipuzkoarrak eta Jon Ander Peña izango da Berriozarkoaren aurrelaria, beraz, duela astebeteko arantza kentzeko modua izango du tolosarrak, kaiolako finalean tanto bakarraz nagusitu baitzitzation Altuna.
Zaratatik aparte
Aurtengo binakako feria zailagoa izan da Aspeko bikotearentzat, lehenengo partida galdu izanaz harago, amezketarraren inguruan izandako zarata guztiarengatik. Kantxan jasotako zentzugabeko txistuak eta bere kontestuan jarri gabeko bere adierazpen batzuek, ordea, ez dute txapelduna bere bidetik atera eta Martija bikain baten laguntzaz, finalerako bidea urratu zuten ostegunean egungo Binakakoaren txapeldunei merezimenduz irabazita.
Neguko eskuetako arazoak ahaztuta, Jon Mariezkurrena udako «moduan» da berriz, pilota ikaragarri gozatuz ezker-eskuin eta bere nagusitasunaren itzalean, finalerako bidea errazagoa izan da Baikoko bikotearentzat, emaitza aldetik behintzat. Hori bai, ostiralean lan asko egitera behartu zituzten Laso-Imazek eta arlo fisikoak euren kontra egin lezake.