INFO

Euskal ikurrak Sanferminetan eta zenbait kalejira euskal selekzioa aldarrikatuz

Euskal selekzioen eta Euskal Herria beraren aldarrikapenak tartea aurkitu du espainiar selekzioaren aldeko ekimen instituzionalen artean. Bilbon, Gernikan edota Algortan kalejirak izan dira eta Iruñeko Zezen Plazan ere ozen zabaldu da mezua.

Nafar ikurrak eta ikurriñak Iruñeko Zezen Plazan, igande honetan (Idoia Zabaleta | Foku)

Igande honetan Iruñeko Sanferminetan azken zezenketa hastear zela, peñetako kideek dozenaka ikurriña eta nafar bandera erakutsi dituzte harmailetan. Ekimenaren zentzua argia zen egun berezi honetan: Euskal Herria aldarrikatzea eta euskal selekzioen alde egitea. Izan ere, gauean jokatzen den Espainia eta Ingalaterraren arteko Eurokopako finalak espainiarzaletasunaren bultzada ekarri du kaleetara, euskal selekzioari parte hartzea ukatzen zaiela izkutatuz.

Aurrerapausoa eman dute Iruñeko peñek horren aurrean, sare sozialen bitartez zabalduko deialdiei erantzunez. Hauei jarraiki, herritar askok elastikoa berdea jantzi du gaur kaleetan, ikurriñak ageri dira balkoietan eta sare sozialetan bolo-bolo ibili dira aldarria eta ondoriozko eztabaida.

Zezen Plazako hau ez da Sanferminetan gai honen inguruan gaur gertatzen den ekimen bakarra. Berlingo norgehiagoka hasteko orduan txistukada deitu dute San Frantzizko Plazan.

Iruñeko alkate den Joseba Asironi galdera luzatu diote goizean, partida ikusteko asmorik ote duen, eta jai giroan egotea nahiago duela erantzun du. Udal batzarraren gehiengoak pantaila erraldoia jartzeko erabakia hartu du eta Asironek bete egin du agindutakoa, baina ez da Alde Zaharrean izango, Yamaguchi parkean baizik, Donibane eta Ermitagaina artean. 5.000 pertsonentzako kapazitatea duen eremua da.

Nafarroako hiriburutik ateratzen, hiru kalejira gutxienez burutu dira, euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde: Algortan 18.00etan, Gasteizen 19.00etan (elkarretaratzea) eta Bilbon 20.30etan.

Mezu hau erakutsi dute Gasteizen. (Endika Portillo | Foku)

Herritik sortutako ekimenak dira, bide batez gai honen trataera ofiziala salatzen dutenak. Bilbon musikaz lagundurik egin dute bidea.

 

 

Izan ere, pantaila erraldoiak jarri dituzte zenbait hiritan (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Barakaldo, Portugalete...), ‘La Roja’ren zaleak biltzea errazteko helburuz. Bilbokoa PPk ordaindu duela zabaldu da.