INFO

Mundu mailako erreferente izan nahi du Mondragonek Pello Rodriguezen etapa berrian

Mondragonek urteroko Kongresua egin du Bilbon, eta 2025-2028 aldirako Politika Sozioenpresariala onartu du aho batez, besteak beste, Korporazioa «mundu mailako erreferente kooperatiboa» bilakatzea helburu izango duena. Pello Rodriguez presidente berriak izango du hori gauzatzeko ardura.

Iñigo Ucinek (ezkerrean) erretiroa hartuko du, eta abuztutik aurrera Pello Rodriguez (eskuinean) izango da Mondragoneko presidente berria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mondragon taldeak aho batez onartu du asteazken honetan 2025-2028 aldirako Politika Sozioenpresariala eta, horrekin, negozioen lehiakortasuna indartzeko bidea hasi du, Korporazio «irekiago» baten eskutik. «Mundu mailako erreferente kooperatiboa» bilakatzea du helburu, eta horri ekingo dio abuztutik aurrera presidente izango den Pello Rodriguezek.

Bilboko Euskalduna Jauregian egin du urteroko kongresua Mondragonek, eta bertan izan dira taldeak biltzen dituen kooperatibetako ordezkariak, 650 pertsona guztira. Ekitaldi horrekin, presidente aldaketa irudikatu du Korporazioak: abuztu honetatik aurrera, Pello Rodriguezek hartuko du buruzagitza, Iñigo Ucinen partez.

Aurtengo edizioan, besteak beste, taldeko organo korporatiboek –bai Batzorde Iraunkorrak, baita Kontseilu Orokorrak ere– egindako kudeaketa aurkeztu dute organo bietako presidenteek, Leire Mugerza eta Iñigo Ucinek, hurrenez hurren.

Bestalde, Pello Rodriguezek 2025 eta 2028 artean Mondragonek aplikatuko duen Politika Sozioenpresariala aurkeztu du, eta aho batez onartu dute kooperatibistek. Bere esanetan, «kooperatiba guztientzako ekintza plan bat» izango da, bide-orri lanak egingo dituena.

Plan horretan zehazten denez, Mondragonek «lankidetzaren indarraren bidez gizartea eraldatzen duten pertsonekin munduko erreferente kooperatiboa izatea» finkatu du helburu nagusi gisa, baina ez hori bakarrik: «Lidergo posizioak» lortzeko asmoa agertzen du, «lehiakorragoak, kooperatiboagoak eta aldaketetan arinagoak izan eta gizartea eraldatzeko funtsezko eragile izateko».

Horretarako, lau ardatz estrategikorekin egingo du lan Korporazioak: «Konpromisoa eta identitate kooperatiboa; etorkizuna daukaten negozioak; irekitasuna eta inpaktu soziala; eta elkarren arteko lankidetza».

Presidente berria

Asteazken honetako Kongresua azkena izan da Ucinentzat, hilabete honen bukaeran erretiroa hartuko baitu, Korporazioaren Kontseilu Orokorrean bi agintaldi egin ostean. Pello Rodriguez Zabaletak hartuko du testigua abuztuaren 1etik aurrera.

Rodriguez Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da, EHUn eta Parisko École Nationale d'Arts et Métiers-en. 2000. urtean hasi zuen bere ibilbide profesionala Danobat S. Coop.en, proiektuen kudeatzaile gisa, eta hurrengo sei urteetan nazioarteko esperientzia hartu zuen Ingalaterrako (Newall) eta Alemaniako (Overbeck) filialetan, harik eta 2007an, atzerritik itzulita, kooperatibaren Torneaketa eta Artezketa negozioaren ardura hartu zuen arte. Ondoren, 2013an, zuzendaritza nagusian sartu zen, eta zuzendariorde karguan egon da 2015etik.