INFO

2032 Kolektiboa: «Hainbat neurrik eragin positiboa izan dute bestetan»

Baionako bestak eraldatzeko dinamikek epe luzera begiratu behar badute ere, aurten martxan jarritako hainbat neurrik eragina izan dutela nabarmendu du 2023 Kolektiboak.

Askatasunaren plaza jendez lepo Baionako besten amaiera ekitaldian. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako bestak lasaitzeko xedez jarduten duen 2032 Kolektiboak bere bilana plazaratu du. Nabarmendu du Herriko Etxeak orokorrean aintzat hartu dituela besten eragileek eginiko proposamenak. Alta, urrats horiek benetan eraginkorrak izan daitezen egokitzapenak galdegin ditu.

«Gehiengoak kaleak lasaitu direla sentitu duela» aitortu du kolektiboak. Bestazale kopuruaren apaltzeak hobekuntza horretan eragina izan duela uste du taldeak.

Alta, oraindik ere bortizkeria ekintza gehiegi izan direla eta jarrera sexistak «bestak zikindu dituztela» deitoratu dute.

Jendearen jarrera aldaketa sustatzeko beharra dagoela uste du 2032 Kolektiboak, «bestazale anitzek, gehiegik, jarrera desegokiak izaten segitzen dutelako».

Hala, «hitz diskriminatzaile eta batzuetan oso bortitzak manera askatuan entzun direla
bestetan zehar, tentsio egoerak eraginez» salatu dute.

Hauteskundeen ostean ospaturiko bestetan «intentzio txarreko pertsona batzuen presentziak giroa tentsioan jarri zuela» deitoratu du, bestalde, kolektiboak, zeharka bada ere talde faxisten presentziak pizturiko alarmari aipamen eginez.

Epe luzean garatu behar dira dinamikak

Baionako bestak eraldatzeko dinamika epe luzean garatu behar direla gaineratu du taldeak. Hala eta guztiz ere, aurten martxan jarri diren aldaketa batzuek behin-behineko emaitza ekarri dutela baloratu du 2032 Kolektiboak.

Eragileen arteko koordinazioak larrialdi egoerak hobeto kudeatzen lagundu duela azaldu du. Era berean, besta eremuaren antolaketan hobekuntzak izan direla nabarmendu du.

«Haurrendako jokoak lekuz aldatzeak eragin baikorrak izan ditu, eta zirkulazio eremuak zabaldu
ditu», txalotu du 2032 Kolektiboak.

Ildo beretik, zuzeneko musikaren presentzia sustatzeko harturiko neurriak baikorki hartu ditu kolektiboak, era horretan besten bigarren egunean sorturiko giro herrikoia goraipatuz.

«Adibide konkretu batzuk dira, baina gure mobilizazioa indartzen dute», laburbildu du taldeak.

Heldu den urteari begira proposamen zehatza egin du, finean, kolektiboak.

Besten irekiera zeremonian parte hartzen duen gonbidatua bertako norbait izatea eta, batez ere, «balore eredugarriak transmititzen dituen pertsona bat hautatzea» hobetsi du kolektiboak.

Patrick Bruel kantari frantsesa gakoak jaurtitzeko gonbidatu berezi gisara hautatu izana desegokitzat jo du mugimendu feministak, iraganean hainbat emaztek sexu erasoak egotzi zizkiotela gogoratuz.