INFO

Zerga erreforma adosteko oinarriak proposatu dizkio EH Bilduk Arabako Foru Gobernuari

EH Bilduk erreforma fiskala adosteko oinarriak jasotzen dituen dokumentua helarazi dio Arabako Foru Gobernuari. Gipuzkoan EAJ, PSE eta koalizio independentistaren artean erdietsitako akordioa Araban ere posible dela uste du.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkidea, Gonzalezen inbestidura saioan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabako EH Bilduren batzarkide taldeak fiskalitatean inguruan adostasuna lortzeko oinarriak biltzen dituen dokumentu bat helarazi dio ostiral honetan herrialde horretako Foru Gobernuari.

Koalizioak ohar batean azaldu duenez, erreforma fiskalari buruzko eztabaida irailean hasiko dela-eta, EH Bilduk fiskalitateari buruz ezarritako hamar oinarri nagusiak jasotzen ditu dokumentuak. Horien artean daude PFEZean eta Sozietateen Zergan progresibitatea handitzeko neurriak, etxebizitzaren alokairu soziala bultzatzeko zerga neurriak, ingurumenari dagozkion zergak Europako estandarretara hurbiltzeko neurriak eta merkataritza txikia babesteko neurriak, besteak beste.

EH Bilduk, gainera, politika fiskalaren gardentasuna bermatzeko ebaluazio jarraitua egitea proposatu du, iruzurraren aurkako behatoki independentea sortuz.

Talde subiranistaren ustez, erreforma fiskal berrian landu beharreko gai nagusiak laburbiltzen ditu dokumentuak, aste honetan bertan Gipuzkoako Batzar Nagusietako ponentzian adostu denarekin bat datorrena.

«Dokumentu irekia da, etorkizunari begira jarri nahi duena gure politika fiskala, gizarte justuagoa eta sozialki orekatuagoa eraikitzeko balioko diguna», adierazi dute EH Bilduko batzarkideek.

Koalizioak «funtsezkotzat» jotzen du euskal lurraldeen arteko harmonizazio fiskala, eta horregatik uste du Gipuzkoan EAJ, PSE eta EH Bilduren artean lortutako akordioa Araban ere lor daitekeela.