INFO

Baztandarren Biltzarrari egin dio harrera Elizondok, auzolana eta aniztasuna aldarrikatuz

Baztandarren Biltzarrari harrera egin dio igande honetan Elizondok. 1963tik ospatzen den festa honek bailara osatzen duten 15 herrietako biztanleak bildu ditu, eta tradizioa, auzolana, aniztasuna eta aldarrikapenak ez dira falta izan Baztango ekitaldi garrantzitsu honetan.


Baztandarren 61. Biltzarra Elizondon ospatu dute igande honetan bailara osoa osatzen duten hamabost herrietako biztanleek. Goizean goizetik, jai giroa izan da nagusi, eta ohiko orga desfilean hamabost karroza izan dira, Baztango historiaren pasarteak kontatu dutenak.

1963an egin zuten lehen Baztandarren Biltzarra, Baztango herriak bilduko zituen festa bat antolatzeko helburuarekin. Iaz, jaia antolatzeaz arduratzen zen taldeak iragarri zuen ardura hori utziko zuela, baina talde gazte berri batek antolakuntzaren lekukoa hartu eta ilusioz ospatu dute aurten ere egun berezi hau.

Ohiko karrozen desfilea 11.00etatik aurrera hasi da. Halaber, festak herri bazkari batekin jarraitu du Merkatu Plazan. Sabelak beterik, artisautza azoka antolatu dute Pedro Axular kalean, inguruetako artisauek eskuz eginiko produktuen erakustoki gisa. Arratsaldean, musikak eta dantzek bete dituzte Elizondoko plaza eta kaleak, gauera arte iraunen duen kontzertu egitarauarekin.

Urtero bezala, jai honen oinarrian dauden elkartasuna, auzolana, identitatea eta euskara nabarmendu nahi izan dituzte, eta, ildo horretan, ikurriña Udaletxean jartzeko debekua salatu dute pankarta batekin, baita Lekarozen 2021. urtean Aroztegiko egitasmoari aurre egin zioten lagunen aurkako jazarpena. Ildo horretan, festa eguna Aroztegiaren auzian zigortuak diren gazteendako sustengu ekonomikoa ematen hasteko parada izan da.

Balore horiek guztiak, eta bereziki euskara eta aniztasuna, islatu ditu Saioa Ligos elizondotarrak aurtengo Baztandarren Biltzarrerako egin duen kartelan. Gainera, aurten Elizondoko Herri Eskola omendu nahi izan dute ospakizunean.