Epaitegira iritsi da Josu Mujikaren kasua: ‘El Lobo’ poliziaren aurkako kereila aurkeztu dute
Josu Mujika Polizia espainiarrak hil zuen 1975ean eta, iaz, Lakuak biktima izaera aitortu zion. Orain, kasua epaitegira eraman du familiak, eta Giza Eskubideen Behatokiarekin batera, kereila kriminala aurkeztu du ‘El Lobo’ polizia infiltratuaren eta Jorge Cabezas komisarioaren aurka, besteak beste.
1975eko uztailaren 30ean poliziaren tiroz hil zen Josu Mujikaren familiak kereila kriminala aurkeztu du ETAkide legazpiarraren heriotzean ardura izan zuten polizia eta kargu instituzionalak ikertu ditzaten, eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia ere akusaziora batu da, astelehen honetan jakinarazi duenez. Bi izen propio jasotzen ditu kereilak: Mikel Lejarza ‘El Lobo’ infiltratutako polizia eta Jorge Cabezas komisarioa.
Lakuako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordetzak Mujika eta haren familiaren biktima izaera aitortu zuen 2023ko maiatzean, eta legazpiarraren heriotzaren inguruabarrak azaldu zituen 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txostenean.
«Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak garatutako prozesuak egia instituzionala aitortzen du, eta horrek egungo egia soziala sendotzen du», agertu du Giza Eskubideen Behatokiak (GEB) ohar batean. Alabaina, Lakuaren txostenak duen garrantzia aitortu badu ere, gogoratu du horrelako prozesuek ez dutela justizia eskatzeko eskumenik, beraz, hori konpondu asmoz aurkeztu du kereila: «Hurrengo urrats logikoa zigor arloko justiziaren aurrean torturatzaileen, betearazleen eta giza eskubideen urratzaileen erantzukizunak ikertzea eta ezartzea da».
‘El Lobo’ eta Cabezas
Txostenaren arabera, Mujikak «bizitzeko eskubidearen urraketa bat» jasan zuen, «Estatuaren/Poliziaren Kidego Orokorraren erantzukizunaren pean, 1975eko uztailaren 30ean Madrilen izandako gertakarietan».
Baina, gainera, gutxienez bi egileren parte-hartzea aintzat hartzen du Lakuak agindutako azterketak: Mikel Lejarza infiltratutako agentea –ETAko kideen aurrean ‘Gorka’ eta Espainiako Zerbitzu Sekretuetako kideen aurrean ‘El Lobo’ ezizenez ezaguna– eta Jorge Cabezas polizia-komisarioa.
Bi izen horiek jaso ditu familiak eta GEBek aurkeztu duten kereilak ere, Mujikaren heriotzean ardura izan zutela ebazteko nahikoa froga daudela sinetsita. Lejarzaren kasuan, «komunikabideetan eta ekoizpen editorialetan, gizon batek bere burua identifikatu du, eta gertakarien erantzule dela adierazi», gogoratu du behatokiak. Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Lejarzak berak hala adierazi zuen: «Berriro egingo nuke».
Bestalde, ‘Yo maté a un etarra: secretos de un comisario de la lucha antiterrorista’ (2003) liburuan Cabezasek adierazi zuen legazpiarraren heriotza eragin zuen poliziaren operatiboan parte hartu zuela.
Bi polizia hauetaz aparte, honakoen kontrako akusazioa ere jasotzen du kereilak: A.G.L., J.M.R.G., M.C.A. eta J.L.C.C. inizialak dituzten Polizia Armatuko kideak; Jose Garcia Hernandez orduko Gobernazio ministro espainiarra; Polizia Antiterroristako zortzi inspektore; Mujika eta bere kideak jazarri zituzten hamasei agente; eta «salatutako egitateekin zuzeneko edo zeharkako esku-hartzea izan duten eta ikerketan egile edo partaide gisa erantzule diren pertsona guztiak».
Delituak ez dira preskribatzen
Giza Eskubideen Behatokiak zehaztu duenez, Josu Mujikaren heriotza erregimen frankistaren gizateriaren aurkako urraketen testuinguruan gertatu zen eta, Memoria Demokratikoari buruzko legearen arabera, gizateriaren aurkako, genozidioko eta torturako egitate fisiko horiek «preskribaezinak eta amnistiaezinak» dira.
«Beraz, uste dugu badela garaia zigor arloko justiziak bere izena ohoratzeko Estatuaren aparatuei egotz dakizkiekeen giza eskubideen urraketa larrien biktimen aurrean», aldarrikatu du.
Gertakariak
Josu Mujika legazpiarra tiroz hil zuen Poliziak 1975eko uztailaren 30ean. Urtebete lehenago sartu zen ETA (pm)-n eta hil zuten egunean Madrilen zegoen, erakundeko honako kideekin batera: Felix Egia Intxaurraga ‘Papi’, Jose Maria Lara Fernandez ‘Txepe’ eta Mikel Lejarza polizia infiltratua.
Txartelak plastifikatzeko makina bat alokatu zuten, Segoviako espetxetik ihes egiteko asmoa zuten presoei dokumentazio faltsua egiteko asmoz. Mini-Morris markako auto bat gidatzen ari ziren Castellana pasealekuaren albotik (orduan Generalisimo etorbidea), 48 zenbakiaren parean, Polizia Armatuaren zenbait patruila kontrako norabidean zetozela konturatu zirenean. Autotik atera ziren eta ihes egiten saiatu, baina Poliziak Mujika atzeman zuen Dr. Fleming kalean eta tiroz hil zuen. Mujikak ez zuen arma erabiltzeko imintziorik egin une horretan, eta litekeena da armarik ez izatea soinean.
Berehala publiko egindako bertsio ofizialek «suizidioaz» eta Poliziarekin izandako «liskar armatuaz» hitz egin zuten. Alabaina, Jose Maria Lara eta Egia Intxaurraga lekukoek ukatu egin zituzten baieztapen hauek. Are, Egia Intxaurragak idatzita jaso zuenez, kotxetik ateratzen azkena Lejarza izan zen, eta «arma altxatu zuen».
Hain zuzen ere, Mikel Lejarza ‘El Lobo’-k gertaera horiek aipatzen dituen argitalpen guztietan esaten du berak bi armekin batera tiro egin zuela.