INFO

Zaldibarren izandako eraso matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte

Zaldibarko emakume batek ostegunean pairatu zuen eraso matxista salatzeko bi elkarretaratze egin dituzte herriko Plazan gaur, eguerdian eta arratsaldean. Udalak gertatutakoa salatzeko adierazpen instituzionala onartu zuen.

Zaldibarren eraso matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ostegunean emakume batek eraso matxista pairatu zuen Zaldibarren. Gaur bi elkarretaratze egin dituzte gertatutakoa salatzeko, eguerdian eta arratsaldean. Ertzaintzak jazotakoa ikertzen ari dela adierazi du, salaketa bat jaso ondoren.

Zaldibarko Udalak eraso matxista honen kontrako adierazpen instituzionala onartu zuen asteburuan dagoeneko. «Udalak bere konpromisoa berretsi nahi du bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabatzeko. Emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren adierazpenik basatiena da», nabarmentzen du Zaldibarko Udalak onarturiko adierazpenak.

Erasoearen biktimari eta ingurukoei babesa adierazi diete

Honekin batera, Zaldibarko Udala osatzen duten langile eta politiko guztiek babesa erakutsi zioten adierazpen instituzionalean bai eraso horiek pairatu zituen emakumeari bai bere ingurune hurbilenari.

«Emakumeen aurkako indarkeria oro gaitzesten dugu, Euskal Herriko herri eta hiri guztietan, mundu osoan bezala; eta horrelako erasoak berehala desagerrarazteko nahia adierazten dugu», gaineratzen du Zaldibarko Udalak onarturiko adierazpen instituzionalak.