INFO

Zuzendaritzaren azken proposamena baztertu du Cementos Rezolako langileen asanbladak

Añorgako Cementos Rezolako langileen asanbladak uko egin dio aho batez zuzendaritzaren azken proposamenari, ez duelako borondatezko irteerarik bermatzen. Greba mugagabearekin jarraituko dute.

Cementos Rezolako langileen manifestazioa, joan zen ostiralean Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Añorgako Cementos Rezolako langileek asanblada egin zuten joan zen ostiralean, zuzendaritzak aurkeztutako azken proposamena aztertzeko. ELAk ohar batean jakinarazi duenez, aho batez baztertu egin zuten eta, horrenbestez, greba mugagabearekin jarraituko dute. Langileek ohartarazi dute borondatezko irteerak bermatzen ez diren bitartean ez dutela onartuko enpresaren proposamenik.

Iragan ekainaren 28tik daude greba mugagabean Añorgako Cementos Rezolako langileak, Heidelberg Materials enpresako zuzendaritzak 56 langileri eragingo liokeen lan erregulazio espedientea iragarri ondotik. Ordutik, enpresa batzordeak kontsultaldian «buru-belarri» dihardu, dokumentazioa eta kalteak gutxitzeko aukerak aztertuz.

Jakinarazi dutenez, oraingoz 56 irteeratik 54ra txikitzea lortu da, eta aurrejubilazioa 54 urtean kokatzea. Hala ere, langileek «garbi dute ez dela aski».

Gogoratu dutenez, sindikatuek dokumentu bat aurkeztu dute «frogatuz 24 langile gehiago geratzea beharrezkoa dela Añorgako lantokiak etorkizuna izan dezan». Horrekin batera, ezinbesteko baldintzatzat jotzen dute irteerak borondatezkoak izan behar dutela.

Enpresaren azken proposamenak, ordea, «ez du borondatezko irteerarik bermatzen, ezta Añorgako lantokiko turno bakoitzeko langile kopuru nahikoa ere».

Joan zen ostiraleko asanblada orokorrean langileek aho batez baztertu zuten zuzendaritzaren azken planteamendua eta eskatu zioten enpresa batzordearen azken proposamena onar dezala. Astearte honetan egingo dute kontsulta epeko azken bilera. Bien bitartean, greba mugagabean jarraituko dute.