Hamar urtean euskal kostaldeko hondartzak galtzen hasiko direla ohartarazi du Greenpeacek
Aurreikuspenen arabera itsas mailaren igoerak Gipuzkoako hondartzen %70ean eta Bizkaikoen %45ean izango du eragina. Era berean, mende amaierarako, «Bilbo bezalako hirietan itsasoak 40 metro baino gehiago irentsiko ditu itsasertzean».
Greenpeacek ‘Crisis a Toda Costa 2024. Análisis de la situación del litoral ante los riesgos de la emergencia climática’ txostena aurkeztuko du gaur. Bertan, etorkizun hurbileko mehatxuen aurrean kostaldeak duen egoeraren erradiografia egiten du eta Euskal Herriko kostaldea «ez da salbuespena», nabarmentzen du.
«Ez dago kostaldeko eskualderik arriskuan ez dagoenik gehiegizko urbanizazioa eta azpiegiturengatik, kutsadurarengatik, hesi artifizialak eraikitzeagatik, baliabide naturalak xahutzeagatik edota ibai-ibilguak bideratu, lurperatu eta desbideratzeagatik», adierazi du erakundeak ohar baten bidez.
Arrisku horrek bertan bizi direnei zuzenean eragingo diela ohartarazi du. «Jarduera horiek guztiek desorekak eragin dituzte, eta, horren ondorioz, hondartzek atzera egin dute eta galdu egin dira, eta, horiekin batera hondartzek betetzen duten babes-hesi funtzioa. Hori arriskutsua da itsasertzean bizi diren milioika pertsonarentzat».
Itsasoaren maila igotzeak, NASAren aurreikuspenen arabera, kostalde osoan hondartzen galera ekarriko du. Aurreikuspenen arabera itsas mailaren igoerak Gipuzkoako hondartzen %70ean eta Bizkaikoen %45ean izango du eragina. Mende amaierarako, «Bilbo bezalako hirietan itsasoak 40 metro baino gehiago irentsiko ditu itsasertzean».
«Hamarkadatan zehar kostaldea nahierara desitxuratu dugu, baina horrek jada ez du gehiago funtzionatzen. Jada ez diogu arazoari aurrea hartzen, hemen baitago jada, eta konponbideak premiaz jarri behar dira martxan. Atzerapen orok kostu ekonomiko eta giza kostu handiagoak eragingo ditu», azaldu du Maria Jose Caballero, espainiar Estatuko Greenpeaceko Kosten arduradunak, zeinek Urdaibaiko Biosfera Erreserban egin nahi den Guggenheim museoa ere izan duen hizpide.
«Balio ekologiko handia du eremu horrek, eta, gainera, turistifikazioak kalte egingo lioke». Era berean, «beste puntu beltzetako bat» bezala definitu du Petronorrek Barbadun itsasadarrean duen planta. «Bi aldrebeskeria horiekin bat egiten du Lemoizko zentral nuklearraren lurretan arrain haztegi bat eraikitzeko proiektuak eta Getarian hegalaburra gizentzeko ustiategi baten proiektuak».
Turistifikazioa
Guzti honekin batera, «Kantauri isurialdean hedatzen ari den turistifikazioan» ere arreta jarri du Greenpeacek. «Dagoeneko Donostiari eragiten dio, eta neurri txikiagoan Bilbori. Urdaibaiko proiektuaz gain, beste puntu batzuk ere fenomeno beraren eraginpean daude, hala nola Santa Klara uhartea, bere kontserbazioaren aurka bisita epea luzatu duena. Zoritxarrez, masifikatutako beste puntu bat Gaztelugatxeko Doniene da, mugarik gabeko bisitari erakarpen bihurtuta, non edukiera mugatu baina aparkaleku eremuak handitzen diren».
«Premiazko konponbideak»
Erakunde ekologistaren iritziz, beraz, «premiazkoa da arrisku horiei aurre egitea». Haien hitzetan, «berotegi efektuko gasen emisioak neurriz murriztuz gero, mundu osoko hondartzen atzerapenaren %40 saihestu ahal izango litzateke». Hala ere, orain arte aplikatutako irtenbideek, hala nola hondartzen leheneratze artifizialek eta itsas pasealekuen berreraikitzeak, «jada ez dute balio», baieztatu du. «Denborale berri bakoitzak arazoaren erroari erantzuten ez dioten esku-hartze artifizial garestiak suntsitzen ditu. 2016tik 2020ra soilik 60 milioi euro inguru gastatu ziren hondartzetan hondarra artifizialki berrezartzen».
Horren aurrean «tokiko irtenbideak» aldarrikatu dituzte, «itsasertzeko zati bakoitzak berezko ezaugarriak dituelako, baina administrazioek adostu behar dituzte, eta herritarrek urgentziaz parte hartu behar dute».
Horregatik, Greenpeacerentzat «ezinbestekoa» da «berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko asmo handiko politikak eta kostaldea egokitzeko eta babesteko araudiak aplikatzea, zientziak markatzen duenaren arabera»; kostaldeko guneei ingurumen kalitatea itzultzea, «arrisku okerrenetatik babestuko duten sistema natural egonkorrak izateko»; uraren kalitatea pobretzen duen kutsadurarekin amaitzea; turistifikazio masiboari muga jartzea hainbat neurriren bidez, hala nola hegaldiak eta gurutzaontziak mugatzea, zerbitzu publikoak hobetzea eta ekosistemak leheneratzea ekarriko duten gaua igarotzeagatiko tasak ezartzea; klima aldaketari buruzko aurreikuspenak sartzea hirigintza eta azpiegitura plangintzan; hesi artifizialak sortzen dituzten azpiegituren eta urbanizazioaren eraikuntza eragoztea; padurak eta hezeguneak kontserbatu eta barnealdera hedatzen laguntzea; itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa zehazten duten mugaketak berrikustea urpean gera daitezkeen eremuak berreskuratzea; eta ikerketa zientifikoa sustatzea.