INFO

Udan trenpu onean izateko kirol eskaintza indartu du Baionako hiriak

Forma fisikoa zaintzeko aro guztiak onak direlako, Baionako hiriak 80 bat kirol eskaintza proposatuko ditu agorrilaren 30 bitartean. Oporretatik bueltan kirol jardueraren bat aurrera eraman nahi duten lagunek aukera ezin hobea dute, urririk, kirol mota ezberdin ezagutzeko.

13 bat kirol mota artean ahal da hautatu, horien artean arrauna dagoela.. (Guillaume FAUVEAU)

Forma fisikoa zaintzeko aro guztiak onak direlako, Baionako hiriak 80 bat kirol eskaintza proposatuko ditu agorrilaren 30 bitartean 'Uda forman' programaren baitan.

Oporretatik bueltan kirol jardueraren bat aurrera eraman nahi duten lagunek aukera ezin hobea dute programa honen bidez hainbat kirol mota ezagutzeko.

Izan ere, beti ez da erreza kirol jarduera zehatz bat hautatzea. Ez baita ohikoa Baiona bezalako hiriak proposatzen dituen hamaika kirol jardueren gainean informazio zehatza lortzeko.

Irailetik landa bizimodu osasuntsuagoa eramateko asmo irmoa duten herritarrek aukera badute, uda saioa hirian eman arren, trenpu onean izateko.

Orotara 80 bat kirol disziplina bildu dituelako udalak 'Uda forman' programaren baitan.

Kirol talde eta elkarteen laguntzaz sustaturiko egitasmoaren baitan eskaintzen diren ikastaro guztiak urririk dira. Adina guztientzat badira aukerak. Hala, programa publiko helduari zuzendua bada ere, belaunaldi gazteari arreta berezia eskaintzen zaio udako oporraldian.

«Programa honen bidez hiriak sentsibilizazio lan bat nahi du garatu, modu erregular batean ariketa fisikoa egiteak osasun hobeagoa izateko garrantzia handia duela nabarmenduz», azaldu dute programaren sustatzaileek.

Aurreneko bi urtetan izan den esperientzia arrakastatsua oinarri hartuta, programari egotzitako beste hainbat onura nabarmendu ditu Baionako Herriko Etxeak.

Isolamenduaren aurkako errezeta

Alde batetik, hiriko kirol talde eta elkarteen dinamika sustatzeko balio duela egitasmoa azaldu du. Bestetik, uda garaian bakardadearen egoerak areagotu daitezkeela ohartaraziz, kirol proposamen horien bidez «harremanak egiten direla eta elkarrekin aritzeko aukera berriak sortu daitezkeela» ganeratu du tokiko erakundeak.

Auzo batean edo bestean bizi, aukerak ez dituzte faltan uda trenpuan egoteko erabakiko duten herritarrek. Oso bestelako kirol mota ezagutzeko parada delako Lapurdiko hiriburuan.

Besteak beste dodgeball, skateboard, arrauna, eskalada, kick boxing, capoeira, yoga edota martxa nordikoa.

Orotara 13 bat kirol talde edo elkarte batu dira programara eta udan zehar praktikatutako kirolarekin jarraitzeko aukera bermatuko dute irailetik goiti.

'Uda forman' programan parte hartu nahi duten herritarrek kirol talde edo elkarte horiengana zuzendu daitezke. Bestela, Herriko Etxearen webgunearen bidez eman dezakete izena.

Ume eta gazteei dagokienez, guztira 400 bat kirol eta kultura eskaintza prestatu dituzte aurten Baionan, horietako batzuk euskaraz. Agorrilaren 28 bitartean belaunaldi berriek ez dute aitzakiarik, hirian izanik ere, trenpuan egoteko. Hau da izena emateko helbidea.