INFO

6.700 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian azken hiruhilekoan

Guztira 114.600 langabe daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, aurreko hiruhilekoan baino 6.700 gutxiago, INE estatistika erakundearen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuen arabera.

Eibarko Lanbideren bulegoan hartutako irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Urteko bigarren hiruhilekoan langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian. INE estatistika institutu espainiarrak kaleratutako Populazio Aktiboaren Inkestaren datuen arabera, lehen hiruhilekoan baino 6.700 langabe gutxiago dago Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Guztira, 114.600 langabe daude.

EAEn 28.500 lanpostu sortu dira apirilean, maiatzean eta ekainean, aurreko hiruhilekoan baino %2,9 gehiago, eta okupatuak 1.013.500 dira. Iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatzen bada, 13.600 okupatu gehiago zenbatetsi dira, hau da, %1,36 gehiago.

Pertsona aktiboak 1.103.000 dira EAEn, lehen hiruhilekoan baino 26.100 gehiago (+%2,43) eta 2023ko bigarren hiruhilekoan baino 24.100 gehiago (+%2,23). Jarduera tasa %57,88an kokatu da.

Lurraldeka, langabezia tasarik altuena Bizkaikoa da (%8,8), 52.100 langaberekin; ondoren Araba dator (%8,2), 13.500 langaberekin eta, azkenik, Gipuzkoa (%6,7), 23.800 langaberekin.

Bizkaian langabeziak gora egin du pixka bat (%8,68tik %8,8ra); Gipuzkoan eta Araban, berriz, behera (% 8,1etik % 6,7ra lehenengo hiruhilekoan eta 8,8tik 8,2ra bigarrenean).

Nafarroan, «datu historikoak»

Nafarroan, aldiz, langabezia 4.300 pertsonatan murriztu da 2024ko bigarren hiruhilekoan lehenengoaren aldean, eta 4.200 pertsonatan jaitsi da urtebetean.

INEk argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) datuen arabera, herrialde horretan 25.100 langabe daude, eta langabezia tasa %7,42koa da. Okupazioa 9.900 pertsonatan igo da hiruhileko batean eta 13.700 pertsonatan urtebetean. 313.800 pertsona daude lanean, serie historikoko zifrarik altuena.

Carmen Maeztuk, nafar Gobernuko Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Laneko sailburuak, azpimarratu duenez, «inkestak datu oso onak islatzen ditu, azken hilabeteetan baieztatzen ari den joera ona berresten dutenak eta gizarte segurantzako afiliazioan errekor diren mailetan ere islatzen direnak; beraz, bi adierazleak egokitzen doaz».

«Herrialdeko langabezia tasarik baxuenetan gaude. Datu historikoak dira, eta azken hilabeteetan baieztatzen ari den joera ona berresten dute», adierazi du sailburuak ohar batean.