INFO

Bizkaian barrena emango ditu Euskarabenturak bere aurtengo azken pausoak

Gipuzkoako kostaldea zeharkatuta sartu zen Bizkaian EuskarAbentura uztailaren 25an, Lekeitiotik. Uztailaren 31ean Getxon amaituko dute eguerdiko 12.30ean espedizioari itxiera emango dion amaiera ekitaldiarekin.

Aurtengo EuskarAbenturaren espedizioa. (EUSKARABENTURA)

Azken egunetan sartzen da EuskarAbentura; Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo izango dira hurrengo mugarriak eta espedizioari amaiera emango dion ekitaldia antolatu dute uztailaren 31erako Getxoko Muxikebarrin.

«Espedizioak martxa onean doa, arlo guztietan gainera; azpiegitura, osasuna, edukia, gazteak.... Noski, 300km oinetan izanda nekea antzematen dala ezin uka, gazteen sasoia izugarria da, ordea. Baita leku berriak deskubritu eta ezagutzeko irrika ere, eta horrek, aurrera egitera animatzen eta bultzatzen du espedizioa», baloratu dute ohar batean.

Etapak aurrera doazen heinean, azken data hurbilduz doa, eta azaleratzen hasi dira amaitu eta ez amaitzeko neke eta gogoaren arteko tentsioak. Normala, «euskarazko arnasgune erraldoi bat da askorentzat, eta baita konfiantzazko burbuila bat ere». Emozioak beraz agerian daudela esan genezake.

Donostian, Zarautz, Lekeitio, Aulesti eta Gernika, bost horiek izan ditu EuskarAbenturak azken egunetan helmuga, bizitakoak aldiz gehiago dira. Kike Amonarrizen bisita «beti bezain inspiratzailea izan zen», eta Ziribito Records gazteekin izandako elkarrizketa zintzoa eta hurbila erabat. Zarautzen, goiza gris esnatu bazen ere, ederki gozatu zuten olatuekin, eta Skabidean zein Porrotxen bisitak «eguna kolorez jantzi zuen».

Lekeitio izan zuten Bizkaiko lehen geltokia, bezperako magiarekin jarraituz Gure Zirkura hurbildu ziren, artistak ezagutu eta haiekin batera une eder batez gozatzeko.

Donostian eta Zarautzen harrera instituzionalak izan zituzten. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak harrera eta gosaria eskaini zioten udaletxean, Eneko Goia alkatea eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria egon ziren ekitaldian. Zarautzen, berriz, Udalarekin batera, Lakuako Gobernuko Gazteriako zuzendaria eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak harrera egin zioten espedizioari.

Uztailaren 31ean amaiera ekitaldia antolatu dute Getxoko Muxikabarrenen 12.30ean hastekoa dena. 10.30ean, Getxoko Udalak harrera egingo dio espedizioari egun horretan bertan Bizkaiako Zubian, Areetako partean.