Greba bertan behera utzi dute Arabako foru suhiltzaileek; negoziaziorako prest jarraitzen dute
Ekainaren 15ean hasitako greba bertan behera utzi dute Arabako foru suhiltzaileek, baina hitzarmen bat negoziatzeko prest jarraitzen dute, jakinarazi dutenez. Hala ere, «inposaketen aurrean» planto egingo dutela ohartarazi dute.
Arabako foru suhiltzaileen langileen batzordeak bertan behera utzi du joan den uztailaren 15ean hasitako greba, Gasteizko epaitegi batek udako hilabeteetan egutegia aldatzeko eta langileen prestasuneko agindua kautelaz indarrik gabe uztea erabaki zuenean. Aldi berean, hitzarmen bat negoziatzeko prest jarraitzen dutela jakinarazi dute.
Erabaki honen berri eman duen prentsa oharrean diotenez, epaitegiak aintzat hartu du ELAk eta LABek zerbitzu agindu horren aurka kautela handiko neurriak hartzeko egindako eskaera. Izan ere, zerbitzu agindu horrek lan baldintzak arautzeko akordiorik eza eta plantilla handitzeko beharra salatuz hilabeteak daramatzan kolektiboaren greba deialdia eragin zuen.
«Zerbitzu agindua indarrik gabe geratzen denean, greba deialdia kentzea dagokigula uste dugu», adierazi dute bi sindikatuok, eta azpimarratu dute Arabako foru suhiltzaileek «hilabeteak daramatzatela erantzukizunez jokatzen».
Greba deitu zutenean, ELAk eta LABek ohartarazi zuten aldarrikapenak kontuan hartzen ez ziren bitartean grebek eta mobilizazioek jarraituko zutela. Orain, aldarrikapenei eusten dietela eta aldi berean «benetako negoziaziorako» irekita jarraitzen dutela nabarmendu dute, baina «inposaketen aurrean» planto egingo dutela argi utzi dute.