INFO

Gasteizko jaietan eraso matxistei aurre egiteko printzipioak zehazteko protokoloa ondu dute

Gasteizko Lumagorri kolektiboak eta Mugimendu Feministak eraso matxistei eta LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako erasoei aurre egiteko protokoloa prestatu dute Gasteizko jaietarako. 24 orduz aktibo egongo diren bi telefono zenbaki jarri dituzte erabilgarri.

Jaietan erasoei aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute Mugimendu Feministak eta Lumagorrik Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako erasoei eta eraso matxistei aurre egiten laguntzeko printzipio, oinarri eta balio komunak zehazteko protokoloa martxan jarriko dute Gasteizko jaietan. Lumagorri kolektiboak eta Mugimendu Feministak elkarlanean sortu dute.

Asteazken honetan Gasteizen eskainitako prentsaurreko batean azaldu dituzte protokoloaren nondik norakoak. Besteak beste, 24 orduz aktibo egongo diren bi telefono zenbaki partekatu dituzte: 747414834 (indarkeria matxistarako) eta 633309653 (LGTBIfobiarako).

Hiru arlori helduko die protokoloak: pedagogikoa, prebentiboa eta erantzunezkoa. Pedagogikoari dagokionez, protokoloak indarkeriaren gaineko hausnarketa, formakuntza eta lanketa kolektiboa egitea du xede, azaldu dutenez.

Prebentiboa izango da ere disuasio funtzioaren bidez protokoloaren existentziak berak prebentziorako erreminta gisa funtzionatu dezakeelako, azaldu dutenez.

Azkenik, erantzunezkoa, erasoen aurrean erantzun kolektiboa artikulatzeko baliabide eta erremintak sortzen dituelako protokoloak. Erasoak publikoki salatzeko jendarteratze bat deituko da hurrengo egunean, baina kasuan kasu soilik, ohartarazi dute.

Txosnagunean, Aihotz plazan eta erdiguneko hainbat tabernetan, besteak beste, elkarbanatu eta aurrera eramango da protokoloa, «parranda eta txosnaguneak espazio seguru, anitz eta feminista izan daitezen». Horren harira, gogorarazi dute «pertsona orok jai espazioak zaintzeko ardura duela, ez soilik sexu disidente eta emakumeek.