Peña-Bikuñaren eferbeszentzia ondo surfeatu dute Jaka-Martijak Biarritzen
Bikote gipuzkoarra askoz entxufatuagoa sartu da partidara eta 4-9 eta 8-12 aurreratu badira, bigarren txanpan aurkarien mende izan dira (22-17) eta punturik batu ezinik jarraitzen dute.
Biarritzeko kostaldea izan zen, joan den mendeko erdialdera, surfa Euskal Herrian errotzeko sarbidea eta gurean gaur egun horren errotua dagoen kirol hartako aitzindari haiek olatuekin egin bezala, Jaka-Bikuñaren aparra menderatuta, puntu garrantzitsua eskuratu dute gaur Jaka-Martijak, hasieran oso maldan gora jarri zaien partida iraulita. Artekaririk gabeko kontrakantxek eta oihurik gabeko harmailez harago, Hendaiakoa bezala, bere lurraren bizitasunak egiten du berezi, Plaza Berri ederra, erasorako kantxa oso egokia delarik, baina partidei eusteak sarri txispak adina balio dezakeela erakutsi dute bi pilotari zailduek, hasieran txapelketa irabazteko faborito garbi zen bikoteari –Zabaletak oraindik jokatu ezinik jarraitzen du– Nafarroa Arenarako bidea dezente zailduz, bai behintzat finalerdietarako zuzenean sailkatzekoa.
Sakea lagun, urdinek askoz egokiago ekin diote partidari eta konturatzerako bost tantoren aldea ere eskuratu dute. Lur biziko pilotalekua da Biarritzekoa, lehenago ematen duenak bidearen zati handi bat eginda duen horietarikoa eta Jon Ander Peña gatz handiarekin hasi da, errematean oldarkor eta zorrotz. Binakakoan erakutsia zuen tolosarrak halako kantxa bizkorretan inor baino hobeto moldatzen dela eta gaurkoan ere partida bikaina jokatu du, azken txanpara arte bai behintzat, pilota oso bizi ibiliz eta, batez ere, oso akats gutxi batuz. Bakarra egin du Baikoko aurrelari gipuzkoarrak, partidako 21-17koa, bolea bat txapapera botaz.
Atzean ere, Iñigo Bikuña agintzen hasi da. Donostiarrak ez zuen bigarren jardunaldian jokatu eskuko zainen bat lehertuta, baina gaur beldurrik gabe sartu du eskua eta eskuinez ondo gozatu du, nagi antzean hasi den Martija baten aurrean. Bezperan jokatutakoa zen Etxeberrikoa eta kosta egin zaio partidan sartzea, Jakari protagonismo gutxirako bidea emanaz.
Martijaren susperraldia
Hala ere, atzelari nafarra pixkanaka partidan sartzen joan da, batez ere pilota ezker paretara ondo baztertuz, baita aleren bat errebote zuloan sartuz ere, eta markagailua orekatzeko modua lortu dute gaur gorriz aritu direnek. Pilotak gastatu diren heinean, Martijak askoz gehiago agindu atzean eta honek erasoan aritzeko aukera askoz gehiago eman dizkio ordura arte nahiko oharkabean aritu den Erik Jakari eta motzean, eraginkortasun handiarekin aritu da lizartzarra.
Hori bai, kosta egin zaie markagailuan lehen aldiz aurreratzea, 15-14koan egin dute, Erik Jakak ezker gantxoz bikain gurutzatutako pilotakada batekin. Partidaren bigarren erdi horretan erabat aldatu da partidaren dinamika eta behetik gora etorri den bikoteak hartu du jokoaren ekimena. Erik Jakak ondo ulertu du garaipena Bikuñaren ezkerra bilatzean egon zitekeela eta, ohikoa duen eran aurrean nahastea baino nahiago izan du askotan pilota atzera luzatuz, Martijari donostiarra zigortzen lagundu.
Era horretan Peñari jokoan sartzeko aukera askoz zailagoak utzi dizkiote eta partidaren amaiera horren ikusgarria izan ez den arren, puntuaren balioak on egin du hartutako estrategia.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Martija: 22
Peña II.a-Bikuña: 17
Pilotakadak: 440. Iraupena: 62,35 minutu. Markagailua: 0-5, 2-5, 2-7, 4-7, 4-9, 8-9, 8-12, 12-12, 12-14, 16-14, 16-17, 22-17. Sakeak: 1 Jakak eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 8 Jakak, 5 Martijak, 8 Peña II.ak eta 2 Bikuñak. Galdutakoak: 3 Jakak, 3 Martijak, 1 Peña II.ak eta 7 Bikuñak. Gorabeherak: Sarrera polita Biarritzeko Plaza Berri pilotaleku ederrean jokatutako partidan, artekaririk eta harmailetan oihurik gabe. Lehen sakea urdin.