INFO

Bikoterik gazteenak Plazandreak ere badirela berretsi nahi du asteleheneko finalean

Zabaletak eta Gamindek orain arte jokatutako partida guztiak irabazi dituzte eta faborito irtengo dira binakakoan Aldai-Mendizabalen aurka. Arrillaga eta Larralde gipuzkoarrek jokatuko dute kaiolako finala.

Plazandreak torneoko finalistak, gaurko aurkezpenean. (EMAKUME MASTER CUP)

Gazteak bai, baina plazandreak ere badirela berretsi nahi dute Goiuri Zabaletak eta Enara Gamindek astelehen honetan Bilboko Esperantza pilotalekuan jokatuko diren Plazandreak Torneoko finaletan. Goizuetarrak eta Laukizkoak txapelketan jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, tartean finalean aurkari izango dituzten Aldai-Mendizabalen aurkakoa ere bai (22-13). Kaiolako finalean, aldiz, orain arte jokatu gabeko lehia batek erabakiko du txapela, Miriam Arrillaga eta Miren Larrate gipuzkoarrek jokatuko dutenak.

Finalak astelehen arratsaldean jokatuko dituzte, arratsaldeko 19.30etik aurrera, txapelketako jaialdi guztiak hartu dituen Esperantza pilotaleku eraberrituan. Bilboko Zazpi kaleetan kokatua, Esperantza pilotalekuak txoko berezi bat egin du emakumeen esku pilotan, bere neurriek eta goxotasunak oso kantxa egokia egiten baitute nesken partidak jasotzeko. Giroa ere oso ona izan da azken bost asteetan –aurreko jaialdian zenbait pilotazale sartu ezinik geratu ziren edukiera beteta– eta finaletan ere sarrera bikaina espero da.

Gazteak faborito

Binakako finalari dagokionez, Zabaleta-Gaminde, parte hartzaileen arteko bikoterik gazteenak, txapelketa perfektu bat borobildu nahi du eta, erakutsitako mailarekin, faborito izan daitezke. Gainera, bikote oso orekatua osatzen dute; bizkaitarra gaur egun atzean zulorik gehien irekitzen dituen atzelaria delako eta nafarrak tantoak amaitzeko postura guztiak dominatzen baititu. Aldai-Mendizabalek, aldiz, azken unera arte sufritu behar izan zuten finalera sailkatzeko eta azkenean tanto aldeak eman zien astelehenean Bilbon egoteko aukera. Baina bizirik irten ziren eta denok dakigu, egun inspiratua duenean, Amaia Aldai geldiezina izaten dela eta Mendizabalek ere badaki aurkari gogorrenei aurre egiten.

Kaiolako finalean, berriz, ezbairik gabe, txapelketako bi pilotaririk indartsuenak iritsi dira finalera eta oso lehia estua espero da Arrillaga eta Larrarte gipuzkoarren arteko derbian. Biak dira pilotari indartsuak eta tantoak amaitzen abilak eta urduritasunak hobekien kudeatzen dituenak asko izango du irabazia.