INFO

Hatsik gabe geratzeko moduko paisaiak Larhun mendian

Argazkian, aurten 100 urte bete dituen trena. (Bob EDME)

Euskal Herriko mendien berdeak eta itsasoaren urdinak bat egiten duten tokia da Larhun mendia. Ipar Euskal Herriko lekurik bisitatuenetakoa bihurtu da, urtean 330.000 turista ingururi harrera eginez. Lurralde osoan, ibilaldiak ez dira eskasak, gustu guztietara egokitzeko modukoak dira: ozeano ertzetik doazenak, mendiak ikustea baino ahalbidetzen ez dutenak, errazak, familiarekin egitekoak, kirolarienentzat egokiagoak... Eta bada Larhun mendia, horiek denak biltzen dituena.

Ikuspegi panoramikodun ibilaldiak eskaintzen ditu Larhunek. 360 graduko ikusmenaren intentsitatea, mendi paisaien harmonia eta ozeanoarekiko hurbiltasuna dira, seguruenik, bere erakargarritasunaren faktore nagusiak. 905 metroko altueran kokatua den tontorrarekin, Larhun mendi malkartsu gisa sailka liteke. Igoera seinaleztatutako bidezidor zabaletatik egiten da, galtzeko arrisku handirik gabe.

Gaur egun, Larhun helmuga garrantzitsua da mendizaleentzat, ibiltarientzat eta, nola ez, turistentzat. Zainduak diren bidexkek eta bisitarientzako instalazioek Euskal Herriko edertasun naturalak ezagutu nahi dituen ororentzat leku eskuragarria bihurtzen dute. Horregatik, jende multzoak eta errenkadak jasan ezin dituztenentzat, gomendagarriagoa da uda betean joatea saihestea.

Trenean zein oinez

Historiaurretik gaur arteko bizialdian, mendiak historia aberatsa ezkutatzen du. Pasabide soila izatetik helmuga turistiko nagusi izatera aldatu da, baina bere garrantzi natural, kultural eta historikoa mantendu du beti.

Tren ttipiaren inaugurazioarekin jo zuen gaina Larhunen garapen turistikoak. 1924an estreinatu zen kremailera-trena bisitariak mendiaren oinetan den Sara herritik tontorrera eramaten ditu. Gaur egun martxan den kremailera-tren bakanetakoa da, eta sistema horrek ahalbidetzen dio, hain zuzen, horren bide malkartsuak arazorik gabe igotzea.

Trena hartzen den lekura ailegatzeko, Sara eta Azkaine herrien artean kokatzen den D4 errepidea hartu behar da, San Inazio lepoa helmuga. Bertan har daiteke trena, akitu gabe ikuspegi panoramikoez gozatu nahi izanez gero. 35 minutu inguruan igotzen da 905 metrotara, 9 kilometro orduko abiaduran. Apiril hastapenetik azaro hastapenera arte egon ohi da martxan, 40 minutu oro ateraz, bi ordu eta erdiko ateraldiak eskaintzeko. Sarrerak internet bidez eros daitezke, edota bertako txarteldegian, lekuak geratzen badira. Helduek 25 eurotan eskuratzen ahal dute, eta 12 urte bitarteko haurrek, berriz, 16 eurotan.

Oinez igotzearen esperientzia, ordea, ez da alderagarria. Ibilbideei dagokienez, nork bere gogokoena du eta bakoitzak badu bere xarma. Halabeharrez egin behar direla erraten denetako bat trenaren bide antzekoa egiten duena da. Tren geltokiaren ondoan kokatzen da abenturan abiatzeko bidezidorra. Bederen bi ordu eta erdi aurreikusi behar dira igotzeko, eta bueltako bidea egiteko, bi ordu aski lirateke.

Mendizale bat pottoka bati begira (Bob EDME)

Tren geltokiaren ondoan den aparkalekutik 100 bat metroz errepidea jarraitu eta gero, Cadeaux Souvenirs izena duen dendaren parean hartu behar da bidea. Trenaren errailak gurutzatu behar dira horretarako. Horrela murgilduko zara baso bidean, zeina trenbidearen paraleloan doan.

Hor hasten da ibilaldia. Horiz markatua da eta marka hauek jarraitu behar dira gailurrera arte. Hastapen horretan, Galardiko errekaren luzeran jarraitu behar da bidea. Erreka bidetik ikusten ez den arren, inguruko zuhaitz ugaritasunean igartzen da. Faunaren maitaleentzat, behatzeko anitz bada. Zeruan putreak ikusten ahal dira, edo, zorte handiz, ugatz bakanetako bat.

Bide horretatik iritsiko zara Le camp retranché de Mouiz, Koralhandia izena duen toki batera, zeinak izar baten forma duen. Hona iritsi arte, 368 metroko desnibela igo izanen duzu, 537 metroko altuerara ailegatzeko, 2’8 kilometroan. Espainiako Independentzia Gerlaren garaian eraiki zuten Koralhandia, 1813an. Inguruetako frantziar defentsa-dispositiboaren obra garrantzitsua izan zen. Larhun mendigunearen iparraldeko maldetan dago, Aira-herri deritzan lekuan. Trois Fontaines gunetik 800 bat metrora; gero iritsiko gara bertara. San Inazio lepoko eta Sara herriko sarbidea babesteko eraiki zuten gunea. Gerora ere, Bigarren Mundu Gerran, Larhunek rol estrategikoa ukan zuen, bere nagusitasun posizioagatik eta eskualdearekiko ikuspegi zabalagatik. Alemaniako indarrek zaintza postu gisa baliatu zuten.

Hortik zuzen jarraitu behar da, gainaren luzeran, zelai bide batetik, zuhaitzik gabe, zeinetan arrokak ikusten hasten diren. Horrela iristen da Les trois fontaines puntura, mendiak kanporatzen dituen ur isuri ezberdinen bilgunera; horregatik izena, «hiru iturriak» euskaraz. Hortik, mendebalderako bidea hartu behar da, eta 350 metro inguruan bidegurutzera ailegatzean, ezkerrera egin, basorantz. Bide honetan animalia anitz atzematen ahal dira, besteak beste, ardiak. Baina zalantzarik gabe, pottoka da izarra: Euskal Herriko zaldi txiki bezain erakargarria, bere peluxe ileekin haurrak liluratzen dituena. «Pottokak eta ardiak etxean daude hemen, aske bizi dira, ez dituzu trabatu behar. Eutsi txakurrari, animaliak ez izutzeko», ohartarazten du mezu batek.

Uda garaian sortzen den masifikazioaren irudia. (Bob EDME))

Basoa igotzea da hurrengo pausoa, tontorrera begira, hegoalderako noranzkoan. Sigi-saga forma duen bidean gaindi ibili behar da, lur eta harrizko bide batetik, orain arte baino desnibel handiagoarekin. Les trois fontaines-etik Larhungo dorrera arte, 1’8 kilometroan, 351 metroko desnibela igo beharra dago, ibilbideko desnibel positiborik altuena.

Azken txanpa gainditurik, tontorra. Urrundik iristen den telebista antena zuri-gorriak seinalatzen du helmuga, baina ez du bista izorratzen. Gailur berezia da, ingurua ez baita mendi hutsa. Ordoki antzeko bat da, plazatxo borobil batekin bertan, marra zuri bat duena erdian. Mahai bat ere bada ondoan, inguruko mendien mapa erakusten duena. Ordokiaren aldeetan begiraleku anitz badira, bakoitza parean ageri den bista azaltzeko panelekin osatua. Lehen lerroan, Larhun inguruetako berdea. Begirada apur bat luzaturik, ozeanoa ezberdindu daiteke argiki. Euskal Herriko itsasoa, Donostia hegoaldean ikusten dela, eta baita Landetakoa ere, bertako hondartzak ageri baitira. Eta iparraldera begira. Itsasotik harago, Pirinioetako mendikatea.

Tontorretik goza daitekeen ikuspegia. (Bob EDME)

Jatekoa eta edatekoa etxetik eramatea nahiago dutenentzat, plazatxoaren inguruetan esertzeko toki aproposik ez da falta. Baina herrietako plazen gisara, ondoan bada ostatua. Udako Etxea bentak indarberritzeko moduko otorduak eskaintzen ditu, baita freskatzeko garagardorik ere. Pausatzea eta hatsa berreskuratzea da kontua, berriz ere hatsik gabe geratzeko moduko paisaiei begira ezarri baino lehen.

Ehun urte

Aurten Larhun bisitatzeko beste arrazoi bat trenaren mendeurrena da. 100 urte joan dira jada tren batek Sarako San Inazioko Lepoa tontorrarekin lotu zuenetik, eta berdin egin daiteke gaur egun gailurrerako bidea. Aldatu dira inguruko gauza anitz, baina egiturak bere horretan iraun du.

Hori ospatzeko aski arrazoi da, eta hala egitea erabaki zuten ekainaren 30ean, trenaren urtemuga zela-eta. Alabaina, frantziar Legebiltzarrerako hauteskundeak data horietan heldu ziren ustekabean, eta ospakizuna atzeratu behar izan zuten. Sarako Herriko Etxeak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 100. urtebetetzea udazkenerako utzi dute. Berri ona, txangoa prestatzeko gogoz geratu direnentzat.