Sei euskal jokalari futboleko dominen lehian
Aimar Orozek, Jon Pachecok eta Beñat Turrientesek gizonezkoen finala jokatuko dute Frantziaren kontra ostiral honetan. Emakumezkoetan, brontzezko dominaren borrokan arituko dira Irene Paredes, Ohiane Hernandez eta Elene Lete Alemaniaren aurka.
Sei futbolari buelta daitezke Euskal Herrira domina lepoan zintzilikatuta. Ziurtatuta dute Aimar Orozek, Jon Pachecok eta Beñat Turrientesek baina kolorea Españako eta Frantziako selekzioek ostiralean Parc des Princesen jokatuko duten finalean erabakiko da.
Irene Paredesek, Oihane Hernandezek eta Elene Letek, berriz, ezin izango dute Paris zapaldu ez eta, aurreko bien kasuan, orain dela urtebeteko Munduko txapelketako arrakasta errepikatu, Brasilek emandako jipoiak España finaletik kanpo utzi ondoren. Brontzezko domina lehiatuko dute Lyonen Bibi Schulzeren Alemaniaren kontra.
Itxaronaldi luzea
Parisen (18.00) irabazleak amaiera emango dio itxaronaldi luze bati. Berrogei urte pasa dira Frantziak futbolean lortu duen urre olinpiko bakarra eskuratu zuenetik eta, geroztik, nahigabeak pozak baino ugariagoak izan dira. Azken hauek, izan ere, ez dira orain arte existitu, Los Angeles 84tik ospatu diren bederatzi Joko Olinpikoetatik zazpi ez baititu eta jokatu ere eta gainontzeko bietan ez baita final laurdenetatik pasa.
Garaipen bakarra dago Espainako selekzioaren palmaresen ere eta 32 urte pasa dira Bartzelonan lortu zuenetik baina harrezkero beste bi final jokatzeko gai izan da, bietan zilarrezko domina eskuratuz. Azkena Tokion, orain dela hiru urte, eta aurreko guztietan bezala, euskal futbola ordezkatuta egon zen. Zenbakia zertxobait murriztu da Parisen baina badaude hiru jokalari Japoniako hiriburuan boskote euskaldunak lortu ezin izan zuena ospatzen saiatuko direnak. Alegia, Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes.
Osasunako erdilaria da protagonismo handiena izan duena finalerako bidean. Hasierako hamaikakoan zelairatu da, izan ere, Santi Deniak Jokoetan zuzendutako bost partidetan. Pachecok minutuak izan zituen Uzbekistanen eta Ibai Gomezen Dominikar Errepublikaren kontra eta titularra izan zen Egiptoren aurka baina aulkitik jarraitu ditu gainontzeko bi partidak. Turrientesek, berriz, bostetan hartu du parte baina beti azken txanpan zelairatuz.
Españako selekzioak estropezu bakarra izan du finalerako bidean –Egiptok menderatu zuen multzoko faseko azken jardunaldian–, baina ederki sufritu du finalerdian, Marokok markagailuan aurrea hartu ondoren. Frantziak, bere aldetik, partida guztiak irabazi bakarrik ez eta gol bakarra jaso du jokatu dituen 480 minututan. Egiptorena, kasu honetan ere, izan zen “ausardia” eta afrikarrei ez zitzaien gehiegi falta izan anfitrioia finalerdietan kanporatzeko. Atzetik jarri ondoren, Thierry Henryren taldeak azken minutuetan lortu zuen berdinketa, finalerako txartela luzapenean lortuz.
Arantzak kendu
Lyoneko Groupama Stadiumean (15.00) emakumezkoen kontsolazioko finala jokatuko da ostiralean ere. Bi talde handi lehiatuko dira brontzearekin arantzak kentzeko nahian. Munduko Txapelketarekin hasi zuen zikloa borobildu ezin izan du Españak eta Brasilen kontra oso partida eskasean finaleko ametsari agur esan behar izan zion, bere historian jokatzen ari den lehen Joko Olinpikoetan. Eskarmentua, berriz, ez zaio falta Alemaniari –txapelduna 2016an, hiru brontze ere badauzka– baina garaipen handien faltan dabil azken aldi honetan.
Hala ere, datorren astean lekukoa Christian Wucki emango dion Horst Hrubesch beteranoaren eskutik goranzko bideari ekin omen dio. Nations Leaguen hirugarren postua eskuratu ondoren –eta berarekin Pariserako txartela, Tokion kale egin ondoren–, Munduko Txapelketako atsekabe historikoa nolabait baretuz, gogotsu aritu da txapelketa honetan. Baina jokoan eman duena, zorteak ez dio itzuli, multzoko fase konplikatuan bakarrik ez eta finalerdietan ere Estatu Batuen kontra jokatu behar izan baitu. Partida galduz kasu bietan baina nahiko irakurketa desberdinak utziz, lehena 4-1ko emaitza adierazgarriarekin amaitu ondoren, luzapenean erabaki baitzen bigarrena, Sophia Smithek sartutako gol bakarrarekin. Neurketa horren azken 42 minutuak jokatu zituen Athleticeko Bibi Schulzek, aurretik Australiaren kontra bigarren zatian zelairatu eta Zambiaren aurka titularra izan ondoren.
Gaur Oihane Hernandez taldekide ohia izango du aurrean, Irene Paredesekin batera, Elene Letek, ustekaberik ez badago, partida harmailatik jarraitzen duen bitartean. Hiruretatik erdilari gipuzkoarra da protagonismo handiena izan duena. Onerako –titularra izan da lau partidatan eta gola sartu zuen final laurdenetan Kolonbiaren kontra luzapenaren azken unean, prorroga behartuz– eta txarrerako, bere atean sartu baitzuen Brasilen lehen gola finalerdietan eta Montse Tomek aulkira bidali zuen bigarren zatian. Ohiane Hernadezek, bere aldetik, minutuak izan ditu, erreserba gisa bidaiatu duen Elene Lete ez bezala.
Minutuen kudeaketagatik, izan ere, eta batez ere hamaikakoen diseinuagatik jaso ditu kritika zorrotzenak Españako hautatzaileak bere taldeak Jokoetan ibili duen bide irregularrean. Australian eta Zelanda Berrian mundua txunditu zuen jokoa ez da inondik inora agertu, agian jokalari gehienek bi urtetan jarraian jasan behar izan duten egutegi nekagarriagatik, eta Nigeriaren, Brasilen –multzoko faseko neurketa– eta Kolonbiaren kontra arazoak kalitate indibidualarekin edota lehiakortasunarekin konpondu bazituen ere, finalerdietan bere aurpegi txarrena erakutsi zuen, merezimendu osoz galduz.