INFO

Udan Osakidetzan ehun larrialditik gora artatu gabe geratu direla salatu du ESK sindikatuak

ESK sindikatuak Osakidetzak udako larrialdiei aurre egiteko duen kudeaketa kritikatu du. Azaldu du ehun larrialdi baino gehiago geratu direla udan artatu gabe, eta horrek arriskuak sortzen dituela herritarren artean.

Gernikako herritarrak larrialdietan medikurik ez dagoelako protestan. (Oskar Matxin | FOKU)

ESK sindikatuak salatu duenez, Emergentziak-Osakidetzako Kudeaketa Taldearen kudeaketa «negargarriak» 100 larrialdi baino gehiagotan «babesik gabe» utzi ditu herritarrak, anbulantzia medikalizatuetan medikurik ez zegoela kasu askotan, eta 112 deietako koordinatzaileak ezarritako gutxieneko langileen azpitik egon dira lanean.

Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, kudeaketa horrek «ospitaleetatik kanpo bizitzak salbatzen dituen Osakidetzaren funtsezko zerbitzuetako bat hondoratzen du».

ESKren ustez, larrialdiak kudeatzeko egungo taldea «oso negargarria da» ondorioztatu du sindikatuak, «medikuen lanpostuak betetzeko konponbiderik ez dagoenez eta langileen proposamenei jaramonik egiten ez zaienez, konponbidea eskualde bateko herritarrak beste eskualde batekoen gainetik babestea dela erabaki baitu».

Adibide zehatzak gogoratu ditu sindikatuak, behin baino gehiagotan erabaki dute Debagoieneko anbulantzia medikalizatuko medikua beste eskualde bateko anbulatziara eramatea esaterako, eta horrek 60.000 pertsona baino gehiago osasun-laguntzarik gabe uztea ekarri duela kontatu du sindikatuak. Era berean, Langraizko, Laudioko eta Gernikako anbulantzia medikalizatuarekin «berdin» jokatu duela salatu du.

Medikuen lekualdatzeak

Kaleratutako oharrean, sindikatuak kritikatu du 112-Osakidetzako zentro koordinatzaileek ia inoiz ez dituztela medikuen txandak betetzen, eta, beraz, beste lurralde bateko medikuak erantzun behar izaten diela bizi-larrialdietako deiei.

ESKren ustez, jarduera horiekin «pazienteen osasunak eta segurtasunak eragin negatiboa izan dute», eta, beraz, «kudeaketa-talde 'desagertu' batek ezarritako eta arazoak konpontzeko gaitasunik ez duen politika hori ezabatu egin behar da».

Azkenik, sindikatuak Alberto Martinez Osasun sailburu berriari eskatu dio egungo kudeaketa-taldea kargutik kentzeko, «herritarrentzat funtsezkoa den zerbitzu horrek kalitatezko osasun-laguntza eman dezan eta, horrela, bizitzak salbatzen jarrai dezagun».