Distopia olinpikoa
Gaurkoa baino okerragoa den eta existitzen ez den gizarte baten deskribapena da distopia. Halako itxura hartu duen egoera gailendu da Parisko karriketan, zirrikituetan istorio politak bilatzeko parada egon den arren.
Paristarrez hustu da Paris. Hori diote. Hori da Olinpiar Jokoen lehendabiziko astean jasotako bizipenen laburpena. Hustu eta hustarazi egin dute, kaleko bizilagunak hiriaren kanpoalderantz lekualdatu baitzituzten. «Trafikorik ere ez dago», esan du Harley Davidson denda bateko jabeak, Garaipen Arkutik igarotzen den errepide nagusira seinalatuz. Bezerorik ere apenas dauka, «baina hau udaro gertatzen den kontua da, paristarrek alde egiten dute».
Metro batzuk beherago, Porte Maillot metro geltokitik atera berri den beste paristar batek zehaztu du «dena ezin hobeto» doala. Garraio publikoak ere ongi funtzionatzen duela, «orduerdian nago zentroan, beti bezala». «Egia da paristarrik apenas dagoela, gehienek ere telelaneko hautua egin dutelako», zehaztu du.
Noski, egoera hau erdialdean gertatzen da eta alde egite horren atzean ere bada pribilegiorik, bai eta telelana egiteko aukeran ere. Paristarrak egon badaudelako, beste kontu bat da ze mailatakoak; baina egon badaude telelanerako aukerarik ez eta lanerantz joaten ikusten dituzunak, etxebizitzarik ez eta zubien azpian lotan ikusten dituzunak ere. Egon badaude leku batean crack-a mugitzen dela-eta kontuz ibiltzeko esaten dizutenak ere. Parisek, Estatu frantsesak, Europako herrialde gehienek bezala, badaukalako oinarrizko arazo bat, Olinpiar Jokoen iritsierarekin disimulatzen saiatu arren.
Bastilla protesta leku bilatu da, kale egoeran dauden pertsonei alojamendua eskatzeko: «Olinpiar Jokoak ez dira denontzako festa bat»
Hala, Bastilla protesta leku bilatu da, kale egoeran dauden pertsonentzat alojamendua eskatzeko: «Olinpiar Jokoak ez dira denontzako festa bat». «Joko Olinpiko eta Paralinpikoen ondare sozialaren promesatik kanpo daudenen bizi-baldintzak eta iaz prekarioenen aurka egindako garbitasun soziala», gaitzestea dute helburu, etxebizitza eskubide soziala dela defendatzen duten Dalo (Droit au logement opposable) eta Dal-ek (Droit au Logement) antolatutako bukaera datarik gabeko elkarretaratzean.
Gainontzean, apenas dago kritikarik egiteko intentziorik, dena ongi joango balitz bezala. «Polita da Olinpiar Jokoak bezalako fenomeno mundial bat ikustera datozenen bidelagun izatea, izaera olinpiko horren parte izatea», esan dio NAIZi Ille de France eskualdeko garraio publikoaren sarean lanean dabiltzan gazte talde batek. Badirudi propio eratu den eszenatokia dela, Paris baina Paris izan gabe. Eskerrak, hala ere, hormek hitz egiten jarraitzen duten eta Israelen genozidioa salatzeko hamaika aldarriz josita dagoen Montmartre.
Kritikak irekiera ekitaldiari
Paul K. ‘Le Parisien’ irakurtzen ari da. Horrek ideia bat ematen du bere ideologiaz. Halere ez dago pozik prentsarekin. «Inork komentatzen ez duen gauza bat esango dizut, ez egunkari honetan ez inon: Non dago Anne Hidalgo alkatea? Parisko Olinpiar Jokoak dira, alkateak ere egon beharko luke ekitaldietan eta oraindik ez da inon agertu…».
Bigarren eskuko liburuak saltzen dituzten merkatu inprobisatu eta txiki baten alboan dago, eserita, migranteez kexatzeko prest. Bere ustetan, hiru aldartetan banatu da Paris hitzordu olinpikoan: «Olinpiar Jokoez ezer jakin nahi ez eta kanpora atera direnak, hemen geratu direnak eta irekiera ekitaldiarekin haserre daudenak». Katolikoa eta eskuinekoa izaki, ez zitzaion batere gustatu irekiera ekitaldiko ikuskizuna. «Aya Nakamurak zergatik abestu zuen? Ez da frantsesa eta ez zaio ezer ulertzen… Eskerrak gero Celine Dionekin konpondu zuten».
Batek zalantza egiten du honen pentsaerak ere lekua eduki beharko ote zukeen baina paristarren ageriko aldarte bat da. Horregatik, hain zuzen ere, hartzen dute are balio handiagoa Estatu frantseseko azken hauteskundeek, eskuin erradikalari bidea oztopatzeko bidean. «Badakizu norekin ibili behar zaren kontuz, danimarkar eta suediarrekin (irri txiki bat)… Bai zera, hauetaz! (Inguruko pertsona arrazializatuengan burua biratuz)».
Zilegitasun osoz hitz egin zuen Paulek, erretiroa hartu berritan, laster, udara igarotzera «Korsikako etxera» joango dena. Gizon cis heteropatriarkal eskuindar bat, Parisko hamargarren distritoan bizi dena, etxebizitza batean polizia ikusi eta ea lapurretaren bat egin duten galdetzera hurbilduko dena.
Ivanovic: «Xehetasun batzuk ez zitzaizkidan gustatu baina, oro har, ikusgarria izan zela onartu behar dut»
Smelana Ivanovic pozik egongo da, Djokovicek Urrezko Slama erdietsi berritan. «Gaur Djokovic eta Nadalen arteko partida handia ikusiko dut», esan zion NAIZi, final laurdenen atarian. Migrante serbiarra da Ivanovic eta Charles de Gaulle etorbidean bere txakurra paseatzen dabil, «lasai». Olinpiar Jokoen dinamika pozgarria dela azaldu du, giro polita sortu duela-eta. Dena dela, hau ere katolikoa izaki, ez zitzaion aski gustatu irekiera ekitaldia. «Xehetasun batzuk ez zitzaizkidan gustatu baina, oro har, ikusgarria izan zela onartu behar dut».
Akreditatuak eta xumeak
Garraio publikoan akreditazioa kolkoan duten pertsonak gailentzen dira, erredakzio handi batekin partaide sentitzen zaituzte. Ondoren, Paris 2024 souvenirrak dituen jende uholdearekin bat eginda, norabide berdinean doazen artaldeko partaide zara. Segituan atzematen da nortzuk dauden Olinpiar Jokoetarako eta nortzuk ez, nortzuk diren langile xumeak. Paris 2024 logoarekin markatuta dauden metro geltokian ateratzen direnak eta metroan geratzen direnen artean begiratu besterik ez dago. Multzokote handi bat joan eta kasik hustu egiten da metroa. Distopia dirudi, pandemian gertatu zenaren antzekoa; etxean geratzeko pribilegioa zutenen eta ez zutenen artekoa.
Alde handia dago geltoki batzuetatik besteetara. Paris utzi duten paristarren lekua hartu baitute Olinpiar Jokoak propio ikustera etorri diren turistek; kirol zale izanagatik ere ez baitute turista izateari uzten. Jende uholdea egon da La Defense Arena eta Estadio Olinpikoetan, igeriketa eta atletismoa ikusteko. Leon Marchand eta Duplantis ikusteko; baita Ledecky eta Femke Bol ere –besteak beste–. Errekorrek hartu ohi dute sona handia, kirolariak bere marka hobetu nahi duelako eta ikusleak bertatik bertara ikusi nahi duelako ere.
Summer McIntoshek 17 urte besterik ez zituela hautsi zuen olinpiar errekorra eta Toni Padilla kazetariak –Panenkako kolaboratzaile eta ‘Unico grande amore’ liburuaren egileak– bertatik bertara ikusi zuen. Honek distopiatik baino utopiatik dauka gehiago. Futbola eta historia uztartzen dituen kontalaria igeriketa ikusten, Thomas Ceccon italiarraren garaipenarekin emozionatzen.
Yifeiren harrotasuna
Badaudelako garaipenak eta garaipenak, kirol izaeratik harago doazenak. Emakumezkoen boleibolean, Txinak Estatu Batuak gainditzea esaterako. Yifei txinatarra da eta NAIZi azaldu dio «garaipen berezia» izan zela, ez soilik puntu batengatik izan zelako, baizik eta «gerra bat irabaztea» bezala izan delako, bi Estatuen artean dauden ageriko desadostasunengatik. Bera «gerlari» moduan sentitu da. Duela bost urtetik Londresen bizi da, soziologia ikasketak egin eta orain, doktoretza egiten dagoela. «Hainbeste denbora kanpoan egon ostean, herrimina areagotu egiten da, nolabait. Berezia izan da Londrestik hona iritsi eta Txinako selekzioari nolabaiteko bultzada ematea».
Harro dago, «Olinpiar Jokoen benetako txinatar zalea» bezala aurkeztu da. Duela bi urte erosi zituen sarrerak, bikotekidearekin «Parisera etorri, argien hiriburua, maitasunaren hiriburua bisitatzeko intentzioz». «Plan ezin erromantikoagoa» zen baina bi urtean bizitzak buelta asko ematen dituela-eta, bakarrik iritsi da Estatu frantsesera. Lehen egunak Lyonen eman zituen, saskibaloia ikusten, emakumezkoen Espainia-Txina eta gizonezkoen Estatu Batuak-Serbia ikusten. Pasioz kontatzen du, bere eserlekutik hurbil pasa zela Yao Ming jokalari esanguratsua, NBAko zale amorratu dela-eta gertutik ikusi zituela Stephen Curry eta konpainia, boleiboleko izarrekin argazkiak atera zituela… Sarrerak «ez ziren hain garestiak» esan du, 100 euro inguru, B zonaldean, «eta jokalariengatik nahiko gertu nengoen».
Gauza bat nabarmendu du: «Igartzen da Estatu Batuetako jendea aberatsagoa dela… zenbat estatubatuar dauden…». Bai, eta zaratatsuenak ere badira –anfitrioiak salbu–. Yifeik ñabartu du, gainera, «txinatar askok ez dakite ingelesez eta esatariak mikrofonotik esaten zuenean txinatarrek txalo egiteko, taldea hauspotu asmoz, ez zela apenas igartzen, hizkuntza ez baitute menderatzen».
Kirolariek ez ezik, zaleek ere betetzen dute beraien amets olinpikoa, hasieran irudikatu bezala izan ez arren. «Nire lehen aldia da. Beijing-en egin zirenean 10 urte izango nituen. Tokion egin zirenean, covid-19 pandemiak asko zaildu zuen bidaiatzea…».
Militarizatua
Segurtasuna muturrekoa izan baitzen Tokion, gehienbat gaitzari lotutako neurriak ezartzerako orduan. Parisen bestelako segurtasun bat dago, militarizatua. Normaltasun osoz ikusi daitezke poke denda batean, metraileta eskuan, bazkaria eskatzen; edo Montmartreko jatetxe esanguratsuenean, hiru barra eskinan eta beste hiru espaloian, turisten artean. Normalizatu egin da kaleen militarizazioa, hainbeste, jendeak argazkiak ere ateratzen dituela gendarme eta militarrekin. Distopia olinpikoa da. Paulen esanetan, «Europak jasaten ari den gaitz baten aurrean, ezinbestekoa».
La Concorde inguruan pakete susmagarri bat agertu zenaren abisuak ez zuen arritu Hector, Parisen bizi den mexikarra, ez eta bere lagunak ere. «Ohikoa da, askotan gertatzen da», esan du, «baina seguraski beti dela norbaitek ahaztua utzi duen zerbait». «Protokolo hau edukiko dute eta kitto, baina ohiko bilakatu da». Lagun taldeko guztiak latinoamerikarrak dira eta badute Euskal Herriaren ezagutzarik, bai eta interesik ere: «Beti dago ongi kolonizatzaile den estatu Batetik askatu nahi izatea».
Sarrerarik gabe, La Concorde inguruko edertasunaz gozatzen ari dira, ilunabarra eta Tuilleries lorategietan dagoen zuzi olinpikoa aireratzen harrapatzeko gogoz. Parisek zerbait zaindu badu, gune olinpikoen edertasuna izan baita. «Ondo gogoratu Evenepoel eta Eiffel Dorrearen argazkiarekin, hemendik lau urtera atzean Burger King bat dagoela ezarriko baitute helmuga», zioen txio ironiko batek. Olinpiar Joko bakoitzak ditu bere argi ilunak eta bere distopia olinpikoa.