INFO

Salma Solaun gimnasta arabarra final olinpikorik gabe geratu da

Salma Solaun arabarra eta bere lau taldekideak final olinpikotik at geratu dira, gimnasia erritmikoko taldekakoan. Lehendabiziko saioan, uztaiekin, trabatu eta eroriko batzuk izan dituzte (30.400). Zinta eta piloten saioan erosoago aritu diren arren ezin izan dute finalerako nahikoa puntu eskuratu.

Salma Solaun eta bere lau taldekideek ezin izan dute final olinpikoa erdietsi. (RFEG)

Azken bi Munduko txapelketetan brontzea eskuratuta eta aurten, Europakoan, sailkapen orokorrean hirugarren bukatuta, uztaien ariketan zilarrezko domina eskuratu eta zinta eta piloten saioan urrezkoa, itxaropen asko zeuden jarrita Salma Solaun gimnasta arabarrarengan. Gasteiztarra, Ana Arnau, Ines Bergua, Patricia Perez eta Mireia Martinezek taldea osatuta, sasoiko iristen zen Parisera baina kolpe gogorra jaso du final olinpikotik at geratzean.

Hamahiru taldetik zortzi sailkatzen ziren biharko finalera, dominen borrokara, eta Espainiak hamargarren bukatu du, zinta eta piloten saioan egoera apur bat iraulita. Izan ere, Solaun eta bere taldekideek ez dute amestutako estreinaldia izan. Arerioak, noski, aski gogorrak ziren baina beraien akatsetan egon da gakoa, batez ere uztaien ariketan. Bederatzigarrenak izan dira lehiatzen, Frantzia –portzierto, Orleansen jaiotako Ainhoa Dot gimnasta zegoen tartean– eta Brasilen atzetik.

Porte de La Chapelle estadioak goia jo du anfitrioiak lehiatu direnean, akatsik egin gabe, perfekziotik gertu eta momentuko sailkapenean, bigarren jarrita. Brasildarrak hirugarren jarri dira. Erreferentzia onak izan dira Solaun kantxaratu aurretik, alegia.

Doinu andaluziar eta arabiarrak

Gimnasia erritmikoaren xarma egoten da baita ere aukeratutako musikan. Alejandra Queredak entrenatutako taldeak Maria Jose Llergoren “Me miras pero no me ves” abestiarekin hasi zuen saioa baina berehala, doinu andaluziar eta arabiarren uztarketak eskaintzen duten handitasun antologikoaren erdian, uztai batek ihes egin die eta kasik jarraian, irrist egin dute. Erabat kondenatu du honek Solaunen taldea eta saioa egonkor bukatu duen arren, aurpegietan atzematen zen beraien kezka.

Egindako akatsek asko kaltetu die eta 30.100 puntuazioa jaso dute. Queredak helegitea jarri du baina apenas ezertarako, 30.400era igotzea besterik ez baitu lortu. Eta modu batean, ezjakintasunetik bada ere, argi zegoen horrelako saio bat ezin zitekeela gorago egon.

Dena dela, zinta eta piloten ariketa da benetan talde honen indargunea eta sailkapen fase hau gainditzeko modurik bazegoen. Azken finean, 62.000 puntuan egon da zortzigarrena, Azerbaijan.
Aldiz, Olinpiar Jokoen zurrunbiloaren erdian eta saio batetik bestera deskonektatzeko apenas tarterik duzunean, Salma Solaun eta bere taldekideek ezin izan dute benetan erakutsi emateko zeukaten guztia. John Lennonen “Imagine” eta Bryan Taylorren “Let’s ride” abestiak uztartu dituzte, eta kasu honetan ere, hasierako doinuetan zintak katramilatu zaizkie. Honek, 0,30eko zigorra ekarri die eta hau ere helegitera eraman duten arren, ez dute lortu bukaerako nota aldatzea: 30.000. Beraiek lehiatu direnean, oraindik beste bost talde falta zirela, zazpigarren postuan jarri dira eta ikusten zen finalerako sailkapena 60.000ren bueltan egongo zela.

Espainiaren atzetik Uzbekistanek lehiatu du eta uztaien ariketan eskuratutako 33.500 puntuei esker leku bat egin dute lehendabiziko zortzien artean, bigarren saioan apenas hobetu baitute Espainia (30.400). Hala, Italia, Europako txapelketako beste dominatzaile bat, lehiatzeko geratzen zela ikusita, argitzen joan da Salma Solaun ez zela biharko finalean arituko.

Bulgariak lortu du sailkapeneko puntuaziorik altuena (70.400), Italia eta Ukrainiarekin batera. Frantzia, Txina, Israel, Uzbekistan eta Azerbaijan dira beste finalistak.