Tindoufetik etorritako Saharako haurrei harrera egin die Iruñeko Udalak
Iruñerriak Mendebaldeko Saharako herriarekin duen elkartasuna nabarmendu du Joseba Asiron Iruñeko Alkateak, ‘Oporrak bakean’ programan parte hartzen duten haur eta abegi-familiei harrera egitean.
Tindoufeko errefuxiatuen kanpelekuetatik Nafarroara etorritako haurrei harrera egin diete, beste urte batez, Iruñean. Udal korporazioko kideek 6 eta 13 urte bitarteko sahararrei eta haien abegi-familiei harrera egin diete. Adin txikikoak urtero etortzen dira bi hilabetez Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan uda pasatzera. Nafarroako kasuan, uztailaren 3an iritsi ziren eta irailaren 3an bueltatuko dira Aljerian kokatuta dauden errefuxiatuen kanpalekuetara.
Sahararren izenean, Hamdi Aomarrek Udalari eskerrak eman dizkio harrera antolatzearengatik, Mendebaldeko Saharak sufritzen ari den egoera bistaratu eta salatzeko aukera bikaina dela esanez. «Haur hauek munduaren aurrean gure kausarengatik borrokatzen duten enbaxadore txikiak dira», gehitu du.
Iruñeko alkateak, Joseba Asironek, esker ona adierazi dio elkarteari, «bi herriak lotzen dituen zubi» moduan lan egiteagatik eta abegi-familiei ere eskerrak eman dizkie, «etxeak eta bihotzak haurrei irekitzeagatik». Era berean, nazioarteak Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurrean duen jarrera pasiboa kritikatu du alkateak.
Sahararen Nafarroako Lagunak elkarteak antolatzen du ekimena, ‘Oporrak bakean’ programa ezagunaren bidez. 1997tik saharar haurren familia-harrera prozesuak aurrera eramateaz gain, bestelako ekimenak antolatu izan ditu elkarteak. Mendebaldeko Saharak bizi duen gerra egoera salatzea ere garrantzitsua dela diote taldeko kideek. Izan ere, hango herritarrek 40 urte baino gehiago daramatzate Marokoren okupazioa salatzen.
Hori dela eta, kanpalekuetan bizi diren haurrak baldintza txarretan hazten ari dira, eta bakea ezagutu gabe heldu bihurtzen direla. Haurtzaroa ahalik eta errazena izatea da, hain zuzen, ‘Oporrak bakean’ programaren helburuetako bat, Tindoufetik datozen haurren bizi-baldintzak hobetzeko. Alde batetik, ihesbide moduan antolatzen dute, udan zehar basamortuan kokaturik dauden kanpalekuetan 55 gradutik gorako tenperaturak jasan ditzaketelako.
Beste aldetik, hilabete pare batez haien osasun egoera guztiz aldatzeko aukera dago. Tindoufen lortu ezin dituzten azterketa medikoak, tratamenduak eta ebakuntza kirurgikoak jaso ditzakete haurrak. Horrez gain, adin txikikoen elikadura zaintzeko aukera ematen du ekimenak, elkartearen arabera, Saharan bizpahiru egunetan behin jaten dute eta.
Elkarteko presidente Jose Ochoak kanpalekuetan bizi den egoera latza gogorarazi du: «Ekimena polita da, baina kontuan izan behar dugu haur hauen errealitatea oso gogorra dela».