INFO

Alerta laranja eta sute arriskua, 40 gradura iritsi daitekeen tenperaturagatik

Gau epel baten ostean, 40 gradura iriste espero da igande honetan, batez ere barnealdeko puntuetan. Alerta laranja aktibatua dago 13.00etatik 21.00era bitartean, eta Nafarroan sute arriskua «muturrekoa» dela nabarmendu dute. Iluntzean, kostaldera iritsiko den galernarekin jaitsiko dira tenperaturak.

Haur bat iturrian freskatzen, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Abixua emana zegoen, eta ez du hutsik egin. Berotik joan da gaua, eta berotik hasi da igandea ere; hondartza eta erreka bazterrak jendez mukuru, eta kaleak hutsik. Izan ere, gauean ez da giro izan herri askotan: Euskalmeten arabera, Jaizkibeleko estazio meteorologikoak 24,9 graduko tenperatura erregistratu du Lezon, eta Paganos eta Guardian 24,7 gradukoa.

Ez dira oso hurrun ibili Eskas eta Ilarduian ere, 24,6 eta 23,4 gradurekin, hurrenez hurren.

Igandeak ere berotik eman ditu lehen orduak eta apurka apurka termometroetan graduek gora egiten dutela frogatu ahal izan dugu. Okerrena, hala ere, 13.00etatik 21.00etara bitartean espero da.

Lakuako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du ordu tarte horretarako, barnealdeko zenbait lekutan 40 graduetaraino iristea espero baita. Arabako Errioxa eta Bizkaia eta Gipuzkoako barnealdeko herriek pairatuko dute gehien tenperaturaren gorakada, eta kostaldean termometroa 37 graduren bueltan errenditzea espero da.

Sute arriskua

Lakuako Segurtasun Sailak sute arriskua dagoela ere zehaztu du. Abisu horia aktibatu dute, tenperatura altua, hego haizea eta hezetasun erlatibo baxuaren konbinazioa suteak sortzeko aproposa baita.

Abixu hori hau asteleheneko 20.00ak arte luzatuko da, orduan espero baita tenperatura beherako bidea hartzen hastea: 20/33 graduko gehieneko eta gutxieneko tenperaturak espero dira Ebro inguruan, eta kostaldean 20/24 tartean mugituko dira.

Sute arriskua koska bat handiagoa da Nafarroan. Bertan abisu laranja dago emana Pirinio, erdigune eta Ebroko Erriberarako, eta suteak sortzeko arriskua «muturrekoa» da lurralde osoan. Hala, SOS Nafarroak suteak sortzea eragin dezakeen edozein ekintza baztertzeko deia egin du.

Nafarroan, tenperaturak 38 gradura iritsi daitezke Pirinio inguruan eta 40raino Ebroko Erriberan.

Aemet meteorologia agentziak sare sozialetan zabaldu duenez, abixuak astelehenera arte iraungo du.

Galerna iluntzerako

Hala ere, igande honetako azken orduetan barnealdean iparrekialdeko haizea sartuko da, iparraldetik hegoaldera, eta tenperaturak beherako bidea hartzea aurreikusten da.

Zehazki, 20.00etatik 23.00ak bitarterako abisu horia dago emana, galerna sartu eta ordubeteko epean tenperaturak 8-10 gradu behera egitea aurreikusten baita.

Gauean zehar haizearen norabidea kolpean aldatzea espero da eta kostaldean mendebaldetik ekialdera zabaltzea. Haizea zakartu egingo da aldaketa horrekin batera eta haize-boladak 60-90 km/h-ko abiadura hartzera iritsi daitezke.